'Baliabide birtualak, aldi berean erronka eta abagune'
2019-09-13 08:44 Euskerea berbagaiErrubereak ezin dau geldi egon,teknologiaren abiadureari jarraitzeko, azelerau egin beharko da.
Ingurune digitala, hizkuntzen estandarizazinoa eta euskerea lotu dituan jardunaldi akademikoak zentzu berezia hartu dau, Euskaltzaindiaren mendeurreneko azkena izanik. Andres Urrutia euskaltzainburuak lehena ekarri dau gogora: Ia urtebete joan da Arantzazun webgune eta eduki digital barriak nahiz barriztatuak aurkeztu genduzanetik. Orduko goiburuari keinu eginez, helbururik behinena Euskaltzainditik mundu zabalera jotea eta digitalizazinoa dirala azaldu dau Urrutiak: horreek ahalbidetuko dabelako, gero eta zerbitzu eragingarriagoa eskaintzea gizarteari eta euskerearen erabilerara hurreratzen diran guztiei.
Bestalde, euskerea aldaketa esanguratsuak barruratzen dagoan honetan, ingurune digitala egundoko baliabidea dala nabarmendu dau euskaltzainburuak: Akademiak ezinbestekoa dauelako inguruan jazoten dana ezagutzea, eta hizkuntzearen estandarizazinoan egindakoa neurtzea.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Euskera eta Kultura sailburuak harago jo dau: Izaki digitalak gara eta izango gara, eta errealidade horri abantailea ateratzea beste aukerarik ez deusku emoten. Euskerea eta teknologia batzen dituen baliabideen plangintza estrategikoa garatu beharraz berba egin ostean, Zupiriak Euskal Wikipedia aitatu dau, eredu bat edo lan egiteko modu bat eskaintzen dauelako, hizkuntza-teknologiak sustatzeko bidean. Esangura horretan, Euskal Wikipediaren zifrak azaldu ditu: igaz 30 miloe bisita izan zituan, 336.000 artikulu ditu eta munduko hizkuntzen artean 29.a da. Hau da, posizino onean dagoala, hizkuntza gitxitua izan arren. Proiektu horren guztiaren oinarrian, hizkuntza estandarrak berebiziko garrantzia izan dauela nabarmendu nahi izan dau.
Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskera arduradunak euskerearen erabilerearen gaia jorratu dau: horixe da danon erronkea eta jardunaldiak egin leiken ekarpena goraipatu dau, gazteak etorkizuna izanik, tresna guztiak emon behar jakez. Donostiako Udaleko ordezkari Maria Jesus Idoitak be bide beretik jo dau, eta ingurune digitalek emoten daben ikusgarritasuna erabili beharraro ez eze, sareak eskolan ikasitako hizkuntza modu lasaiagoan erabilteko emoten dauen aukerea nabarmendu dau.
Corpus digitala sortzen jarraitzeari begira, Euskaltzaindiaren lana estrategikoa dala esan dau Ander Aizpuruk, Kutxa Fundazinoaren izenean. Hain zuzen,euskereari estatusa, prestigioa eta erakargarritasuna emongo deutsolako eta hiztunak irabaziko ditualako.
Hizkuntza-baliabide guztien integrazinoa
Eguneko berbaldi mamitsuenetako bat Andoni Sagarna injineru, kultur eragile eta euskaltzain osoak eskaini dau. Euskerearen estandarizazinoan baliabide digitalak zelan erabili izan diran errepasau ditu, tartean, Ibon Sarasolaren lana eta Klaudio Harluxeten ekarpena gogoratu ditu, lehena, euskerazko corpus bat informatika erabiliz arakatzeko lehen saioa egin ebalako, eta bigarrenak, urtenbide ez-konbentzionalak proponiduteko argitasuna izan ebalakio: 1980ko hamarkadan, UZEIk lanerako sistema informatiko propioaren beharra atzemon ebanean, holakorik lortzea ezinezkoa zala esan eutsien informatika-aholkulari guztiek. Danek, Klaudio Harluxet kenduta. Neurrira kodetutako datu-base bat atondu eban.
Euskaltzaindiaren amesa erreferentzia-corpus handi, orekatu, lematizau, etiketau eta hizkuntza mailani notatua izatea da, Sagarnaren ahotan, eta badau esperantzarik ames hori hazurmamitzeko. Bide horretan, erronkei gogotsu ekin ezkero, abaguneei etekina ateratzen jakela esan dau Sagarnak, eta hizkuntza-baliabide guztien integrazinoa bilatu behar dala: Errubereak ezin dau geldi egon, esan du eta azkenik, teknologiaren abiadura gero eta handiagoari jarraitzeko, azeleratu egin beharko da.
Bigarren saioa gaur Donostian. Hona hemen egitaraua: Ingurune digitala, hizkuntzen estandarizazinoa eta euskerea
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!