Literatura jardunaldia egingo dau Euskaltzaindiak maiatzaren 16 eta 17an

Bizkaie! 2019-04-09 08:06   Euskerea berbagai

Idazleek erabilitako artxibo, eskuizkribu eta inprimakiak aztertuko ditue.

Jabier Kalzakorta, Aurelia Arkotxa, Ibon Usarralde eta Andres Urrutia, jardunaldiaren aurkezpenean (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskaltzaindiaren mendeurrenaren atxakian antolatzen dabizan nazinoarteko biltzarren artean, seigarrena izango da maiatzaren 16 eta 17an Bilbon egingo daben hau. Beste alor ugari jorratu eta gero, oraingo honetan literatureari begiratuko deutsie. Pariseko ITEM erakundeagaz alkarlanean antolatu dau Akademiak jardunaldi hau.

Idazleek erabilitako artxibo, eskuizkribu eta inprimakiak aztertuko ditue biltzarrean, hau da, literaturea sortzeko orduan gerizpetan geratzen dan lana. Aurelia Arkotxa euskaltzain eta jardunaldiaren antolatzaileak azaldu dauenez, idazlearen tailerrean geratzen dan mundu aberats hori aztertu nahi dogu, horretaz gogoetea egin, Iberiar geografian agertzen diran berezitasunei erreparatuz, eta, batez be, euskal eremuan agertzen diranei.

Andres Urrutia euskaltzainburuak pozez hartu dau jardunaldia antolatzeko aukerea, merezi dauen arretea eskaintzen deutsalako literatureari eta haren ingurumariari. Mendeurreneko ekitaldietan badator literaturearen txandea, eta jardunaldi honen nazinoartekotasuna azpimarratu nahi neuke, euskerazko literatureak kanpoan dauen presentzia gero eta handiagoa dalako.

Danetara, 26 hizlari dagoz jardunaldi honetako egitarauan, bertokoak zein kanpokoak. Besteak beste, honeek nabarmendu ditu Euskaltzaindiak: Aurelia Arkotxa bera, Bernardo Atxaga, Olga Anokhina (ITEM), Delfina Cabrera (La Platako Unibersidadea), Rainier Grutman (Ottawako Unibersidadea), Mari Jose Olaziregi (EHU), Max Hidalgo (Bartzelonako Unibersidadea), Joseba Lakarra (EHU) eta Miren Ibarluzea (EHU).

Jardunaldira joatea doban izango dala zehaztu dau Ibon Usarralde Euskaltzaindiaren mendeurreneko ekitaldien koordinatzaileak. Maiatzaren 13ra arteko epea dago izena emoteko. Horretarako, info@euskaltzaindia.eus helbidera idatzi edo 94 415 81 55 zenbakira deitu behar da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa