Euskerearen Gramatika proposamen bat aurkeztu dau Euskaltzaindiak
2019-07-12 08:14 Euskerea berbagaiGramatikak ez dira barritzen hizkuntzea aldatu dalako, hizkuntzea ulertzen saiatzen garen hizkuntzalariok aldatzen garelako baino.
Euskaltzaindiaren mendeurreneko ekitaldien azken txanpan dator Gramatika jardunaldia eta arloko batzordeak urte luzetan ondutako testua aurkeztea izan dau helburu. Markoa, bestalde, galegoaren, gaztelaniaren eta katalanaren akademiek emon deutse, bakotxak bere gramatikea osotzeko izan dauen prozesuen barri emonez.
Jardunaldiak, baina, ezer nabarmentzekotan, mentalidade aldaketea nabarmendu dau. Miren Azkarate euskaltzain osoaren berbak erabiliz, lehen, hizkuntza bat zuzen berba egin eta idazteko arauen multzoa izan eitekeen gramatikea, gaur egun, barriz, hizkuntza jakin baten osogaien (hotsen, formen, joskeren) azterketea eta azalpena litzateke.
Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeburu Pello Salaburuk 80ko hamarkadatik aurrerako ibilbidea eta gorabeherak laburbatu ditu bere berbaldian, oraian 40 urteko eta oraingo lan moldeak konparauta. Lehen urteetan, adibidez, Euskaltzaindia zan ia erreferentzia bakarra, eta neurri batean autodidaktismoan oinarritzen zan. Egun euskaldunok erreferentzia ugari ditugu inguruan, gizartea bera hainbeste aldatu baita.
Euskerearen Gramatika arauemoilea: proposamen bat
Gramatika batzordeak aurkeztutako lan potoloa dala eta, ezaugarri nagusi bi dituala azpimarratu dau Salaburuk. Batetik, arauemoilea dala, baina ez arauak emoten ditualako; gramatika deskriptiboa izanik be, aldi berean norabide jakin bat zehazten dauelako. Bestetik, lan edegia dala nabarmendu dau, interesa dabenek eztabaidatu deien gura dalako. Eretxiak eta kritikak batu ondoren, hain zuzen, Euskaltzaindiak erabagi beharko dau lanagaz zer egin.
Landu diran 1.500 orrialdeetan atal oso-osoak, guztiz barriak be badira, esate baterako, Euskerearen bereizgarri orokorrak edota Gramatika kategoriak atalak. Gainera, azken 30 urteetan hizkuntzalaritza teorikoan egin diran ikerlanak be kontuan hartu dira, homologarria izatekotan, ezinbestekoa deaako, Miren Azkarateren aburuz.
Gramatika barritu beharraren azalpenik esanguratsuena, galego, gaztelania eta katalanaren akademietako kideek osotutako mahai-inguruan emon dau Ignacio Bosquek (RAE): Gramatikak ez dira barritzen hizkuntzea aldatu dalako, hizkuntzea ulertzen saiatzen garen hizkuntzalariok aldatzen garelako baino.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!