'Euskerearen komunidadea espazio edegia izan behar da eta gerturatzen danari harrerea egin'

Bizkaie! 2025-12-04 07:55   Euskerea berbagai

Desio eta emozino positiboak biztea da helburua.

Euskerearen Eguneko Adierazpen Instituzionalean, Euskerea zugan, nigan, gugan goiburuaren bidez euskera gizartea osotzen dauen persona bakotxarengan dagoala transmitidu nahi da eta gonbidapena egin jake euskereraren argia biztu eta euskeraz berba egiteko hautua desiotik egiteko.

Euskerearen Nazinoarteko Egunaren ekitaldiaren buru izan da Imanol Pradales lehendakaria. Ajuria Enea Jauregiaren ondoan kokatutako Elkargunea espazioan egindako ekitaldian 200 persona inguru batu dira eta lehendakariagaz batera, han izan dira Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Eusko Jaurlaritzako sailburuak, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, hiru foru-aldundietako ordezkariak, Andres Urrutia euskaltzainburua eta euskerearen eta euskal gizartearen arloko beste kide batzuk.

Lehendakariak ekitaldian nabarmendu dauenez, herri erronka estrategikoa dogu aurrez aurre: euskerearen bizibarritzearen prozesuan datozen hamarkadetako oinarri eta printzipioak definidutea eta horretan gabiz guri jagokigunetik bide barriak eta konplizidade barriak lortzen, eta alkarregaz euskerearen etorkizuna marrazteko prozesuak lantzen, -Saltua Gara-’ estrategiaren barruan, adierazo dau. Holan, Pradalesek euskerara hurbiltzen diran persona guztiak balorau ditu, euskerearen komunidadeak espazio edegia izan behar dau eta gerturatzen danari harrerea egin. Gure etxeak ateak zabalik ditu eta guztiak animetan ditugu sartu daitezan.

Bestalde, lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ibone Bengoetxeak, Euskerearen Nazinoarteko Egunaren izaera inklusiboa nabarmendu dau, lehen aldiz Ajuria Enean ospatuz danon etxeko ateak zabalduz. Euskerea bultzatu daben eragileei eskertu deutse egindako lana eta erakundeen eta atondutako gizartearen arteko alkarlana sendotzeko beharra azpimarratu dau, hizkuntzeak aurrera egin daian. Azkenik, herritar guztiak animau ditu euskerara hurbiltzera, zugan, nigan eta gugan bizi dan loturea eta alkargune lez adituz.

Ekitaldiaren helburua izan da herritarrei gonbidapena egitea euskerearen argia biztu eta euskeraz berba egiteko hautua desiotik egiteko. Abiapuntu sortzailea, desioa biztea izan da, persona bakotxaren haututik, argiagaz egiten dan modura.

Desio eta emozino positiboak biztea helburu, manifestuaren irakurketea, aurten, kultur-performance modura egin da: 10 personen artean irakurri da, herriaren aniztasuna ordezkatzen daben 10 persona, antzezpen baten barruan. Antzezpenean musikea, jantzea eta irakurketea buztartu dira, bertaratutako ia 200 lagunen emozinoak biztuz.

Eusko Jaurlaritzea, hiru foru aldundiak, EUDEL eta UEMA bat etorri dira aurten be Euskerearen Nazinoarteko Eguneko manifestuagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu