Euskal Urigune Alkargoak aholku-emoile ofizial izentau dau Euskaltzaindia

Bizkaie! 2018-09-13 12:23   Euskerea berbagai

Euskaltzaindia da Euskal Herri osoko autortza instituzionala lortu dauen erakunde bakarra.

J. R. Etchegaray eta Andres Urrutia | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskaltzaindiak eta Euskal Urigune Alkargoak hitzarmen garrantzitsua izenpetu dabe gaur, Baionan. Euskaltzaindiaren egitasmoek interes publiko nabarmena dabela autortu dau Euskal Urigune Alkargoak, eta, euskereari jagokonez, aholku-emoile ofizial izentau dau Akademia. Alkargoak konpromiso zabalak zehaztu ditu, besteak beste, Euskaltzaindiak emoniko arauak, gomendioak eta erispenak jarraitu, hizkuntzearen kalidadean sortzen diran hutsuneak Euskaltzaindiari jakinarazo eta alkar-aditze egitura bat sortu.

Euskerearen sustapenerako, garapenerako eta zabalkunderako proponidutako egitasmoen inguruan gauzatuko da erakunde bien arteko alkarlana, batez be, Akademia Ipar Euskal Herrian ezagutarazoteko helburuz eta mendeurrenaren harian antolatuko diran ekimenetan. Era berean, Onomastika alorreko dudak argitzeko eta horren gaineko datu-base bat sortzeko asmoan konpromiso sendoa hartu dabe. Ekintza horreek aurrera eroan ahal izateko 20.000 euroko diru-laguntzinoa jasoko dau Euskaltzaindiak. Akordio honek 2019ko abendura arte iraungo dau.

Kontuak kontu, Euskal Herri osoko autortza instituzionala dauen erakunde bakarra da Euskaltzaindia, hiru administrazinoetan lortutako hitzarmenei esker (hain zuzen, EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian). Euskal Urigune Alkargoagaz lortu barri dauenaz gan, erakunde aholku-emoile ofiziala da, bai Euskal Autonomia Erkidegoan, baita Nafarroako Foru Komunidadean be, eta bere finantzaketea autonomia erkidego bietako nahiz Espainiako Estaduko funts publikoetatik eskuratzen dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu