Mendeurreneko lehenengo jardunaldia Baionan egingo dau Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2018-09-07 10:19   Euskerea berbagai

Euskerearen batasunari Ipar Euskal Herritik egindako ekarpena aztertuko dabe irailaren 13ko saioan.

Euskaltzaindiko kideak Baionan, hilaren 13ko jardunaldiaren nondik norakoak kazetariei azaltzen (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Jardunaldi akademikoak egingo ditu Euskal Herriko uriburuetan Euskaltzaindiak 2018 eta 2019an, bere mendeurrena ospatzeko ekitaldien barruan. Horreen arteko lehenengoa irailaren 13an izango da, Baionan, Ipar Euskal Herritik euskera batuari egin deutsien ekarpena ardatz.

Jean-Baptiste Coyos euskaltzain eta Baionako jardunaldiaren koordinatzaileak azaldu dauenez, helburu bikotxa dauka irailaren 13ko saioak: 1960ko hamarkadearen hasieran hainbat bilkura egin ziran euskera batuaren oinarriak lantzeko, horreetako batzuk Baionan; bilkuron ekarpen nagusiak azpimarratu nahi geunkez 13ko kolokioan. Eta, aurrera begira, Ipar Euskal Herritik begiratuta, euskera batuak dituan erronkak be identifikau nahi geunkez.

Baionako jardunaldi akademikoan, ibilbide oparoko adituak, sortzaile ezagunak eta erakunde nabarmenetako ordezkariak egongo dira, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Jean-René Etxegarai Euskal Alkargoko presidentea buru. Beste honeek be egongo dira: Beñat Arrabit, Txomin Peillen, Jean-Louis Davant, Eneko Irigarai, Gexan Alfaro, Janbattitt Dirassar, Joseba Intxausti, Jean-Baptiste Coyos, Itxaro Borda, Peio Jorajuria, Jose Luis Aizpuru, Aines Dufau, Joseba Garai, Naroa Gorostiaga, Xarles Videgain eta Sagrario Aleman.

Jardunaldia zati bitan banatuko dabe, goizekoa 09:00etatik 12:45era eta arratsaldekoa 14:45etik 16:30era. Baionako Herriko Etxean izango dira berbaldiak. 

Baionako jardunaldira joan gura dauenak irailaren 10era arteko epea dauka izena emoteko. Horretarako, honeek hiru telefono zenbakiak erabili leitekez: 0 559 256426; 943 428050; 94 4158155. Edo helbide elektroniko hau: info@euskaltzaindia.eus

2018/09/13 Goiz eta arratsalde

Baionako Herriko Etxean

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu