RAE, Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Ohorezko Patronatuan
2018-06-27 08:03 Euskerea berbagaiAkademia bietako ordezkariek batzarra egin dabe Madrilen.
Gaztelaniaren akademia, Real Academia Española (RAE), gogoan hartuko dau Euskaltzaindiak, mendeurreneko ospakizunetarako. Garagarrilean Bilbon eratuko daben Mendeurrenaren Ohorezko Patronatuko kide izateko deia egin deutso RAEri, Madrilen erakunde biek egindako batzarra aprobetxauta. Ohorezko Patronatu horretako kide dira dagoeneko Galiziako Real Academia Galega eta Kataluniako Institut d'Estudis Catalans.
Euskaltzaindiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburua, Adolfo Arejita Iker sailburua eta Erramun Osa idazkariordea joan dira Madrilera. Han harrerea egin deutsie Darío Villanueva RAEko zuzendariak eta Aurora Egido, Inés Fernández-Ordóñez, Pedro Álvarez de Miranda eta José Antonio Pascual akademikoek.
Batzar horretan, Euskaltzaindiak mendeurreneko helburuak eta 2018-2019 epealdirako abian jarritako egitasmoak azaldu deutsaz Espainiako Akademiari. Horrezaz gan, etorkizunean erakunde bien arteko lankidetzea bultzatzeko egon leitekezan aukerak aztertu ditue. Enclave RAE hizkuntza-zerbitzu berriaren nondik-norakoak ezagutzeko aukerea be izan dabe Euskaltzaindiko ordezkariek.
Azkenik, RAEren Ohorezko Liburuan sinatu dau Andres Urrutiak, Euskaltzaindiaren izenean. RAEren eta Euskaltzaindiaren arteko harremanak sendotzeko eta indartzeko ahalegin barriak egingo doguz aurrerantzean, esan dau Urrutiak. Gaur Euskaltzaindiaren mendeurrena autortu dogu, data hori erabili nahi dogulako euskal gizarteagaz 1918an hartu genduan konpromisoa berresteko, euskal gizartearen zerbitzura gagozala esateko, beste behin.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!