Euskaltzaindiaren Mendeurreneko lau egitasmo babestuko ditu Laboral Kutxak

Bizkaie! 2018-07-09 07:55   Kulturea

Andres Urrutia: Mendeurrenean erakutsi nahi dogu euskal gizarte eragileakaz batera egiten dogula lan.

Egunotan izenpetutako lankidetza hitzarmenaren bidez, 2018an eta 2019an egingo diran ondoko ekintza eta egitasmo honeek babestuko ditu Laboral Kutxak: Euskaltzaindiak urrian egingo dauen Arantzazutik mundu zabalera (1968-2018) biltzarra; Euskerearen Herri Hizkeren Atlasaren ondarea gizarteratzeko eratutako Euskara ibiltaria erakusketa barria (2019ko martian); dialektologiari buruzko Nazinoarteko Biltzarra (Martiaren 14an eta 15ean), eta Euskerearen Herri Hizkeren Atlasaren 10. liburukia, 2019ko martian plazaratuko dana.

Etorkizuna ehunduz lemapean, Euskaltzaindia mendeurrena ospatzen dabil eta atondutako egitarau zabalaren barruan dagoz Euskal Herriko hainbat lekutan egingo diran nazinoarteko biltzarrak, euskerearen oraina eta geroa aztertzeko asmoz antolatuak. Lehenengoa Baionan egingo dabe, irailean. Arantzazukoa bigarrena izango da eta 2019an beste zazpi egongo dira. Arantzazuko topaketea urriaren 4tik 6ra izango da, Arantzazutik mundu zabalera (1968-2018) izenburupean. Euskaltzaindiaren XVII. Biltzarra izango dan horretan parte hartu nahi daben erakunde, aditu eta profesionalek orain daukie aukerea euren ekarpenaren barri emoteko.

Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazo dauenez, Mendeurrenean erakutsi nahi dogu euskal gizarte eragileakaz batera egiten dogula lan, gure helburuak konpartiduten dituen erakunde zein alkarte desbardinakaz. Horreetako bat da Laboral Kutxa, betidanik egon dana gure proiektuak babesten eta laguntzen, tartean, Euskerearen Herri Hizkeren Atlasa diruz lagundu dau, gure proiekturik esanguratsuenetakoa dana. Orain, Laboral Kutxak bat egiten dau gure Mendeurrenagaz, bere asmo eta helburuakaz, eta erakusten deusku, beste behin, euskerea eta euskal kulturea aurrera eroan nahi dituala.

Julio Gallastegi Laboral Kutxako zuzendari nagusiak jakinarazo dauenez, Laboral Kutxa euskal gizartearen garapen osoagaz konprometidutako erakundea da eta gure helburuen artean dagoz euskal kulturea sustatzea eta euskerea bizibarritzea.

 

Mendeurrena

Euskaltzaindiak Mendeurrena ospatuko du 2018ko irailetik 2019ko urria bitartean. Baionako jardunaldiagaz abiatuko da egitaraua, eta honako helburu honeek ezarri dira Mendeurrenerako:

- Euskaltzaindiak azken ehun urtean egin dauen lana gizarteratzea eta eginiko bidea balioestea.
- Euskaltzaindiak, Iker eta Jagon sailetan, etorkizunerako dituan asmoak –hiztun eta erabiltzaileek dituen beharrak– eta ildo estrategikoak gizarteratzea.
- Euskaltzaindiaren aitzindaritzea tarteko dala, euskerearen eta euskal kulturearen inguruan gizarte zibila egituratzea, eta askotariko eragile publiko eta pribatuen artean lankidetzarako oinarriak proponidutea. Helburu nagusia da gizarte zibiletik euskerearen bizibarritzeari bultzadea emotea datozen bi hamarkadetan.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu