'in situ: Mark Leckey. Eta hantxe zegoen hiria bere bikaintasunean' Bilbon

Bizkaie! 2025-11-17 12:41   Kulturea

Komisarioa Lekha Hileman da.

Lekha Hileman, Mark Leckey eta Miren Arzallus. | Ikusi handiago | Argazki originala



Leckeyk herri-kulturearen, teknologiaren eta memoria kolektiboaren arteko intersekzinoa planteetan dau, irudi historikoak testuinguru barri batean kokatuta, joandako denporen eta orainaren arteko alkarrizketea sortzeko.

Sassettaren Itsas bazterreko hiria (1424) margolanean inspirauta —mendebaldeko artean uri-ingurunea gai nagusitzat dauen lehen paisaietako bat— Leckey dimensino biko iruditik abiatzen da forma eskultorikora heltzeko, errealidade materialaren eta immaterialaren, benetakoaren eta asmautakoaren arteko atalasean jarduteko. Instalazinoan bistaratu egiten da espazio fisikoak, soinuak eta argiak zelan bat egiten daben indar ikutuezinak —sistema digitalak, adimen artifiziala, esperientzia transzendentea— eraldaketa eta ezegonkortasun-sensazino gorabeheratsua sortzeko.

Guggenheim Bilbao Museoak in situ: Mark Leckey. Eta hantxe zegoen hiria bere bikaintasunean aurkeztu dau, in situ erakusketa-saileko bigarrena. Sortzaile garaikide nagusien proiektu handiak hartzeko plataforma legez sortua, in situk, eskulturearen, instalazinoaren eta multimedia-artearen aukerak zabaltzen dabizen praktikak nabarmentzea helburu, kokapen espezifikoko lanak sortzeko gonbidetan ditu artisteak, ikusgai egongo diran aretoko arkitektureagaz alkarrizketan jarduteko. Erakusketa bakotxak sail honi eskainitako Museoko espazioa aktibetan dau zuzenean, arkitekturearen eta irudimen artistikoaren alkargune bihurtuta.

Instalazino honetarako, Mark Leckey Erdi Aroko eta Errenazimentuko ikonografian oinarritu da, Sassettaren [Stefano di Giovanni, Siena, 1392–1450] Itsas bazterreko hiria (1424) margolana erreferentziatzat hartuta. Leckeyren azkenaldiko lanak arte historikoari heltzeko daukan moduak agirian ixten dau gizarte garaikidean Erdi Aroko iragana gogora dakarten mundu-ikuskera metafisiko eta sinbolikoekiko berriz piztu den interesa.

Artista britainiarrak paralelismoa ezartzen du Sienako margolariaren geometria mistikoaren eta ordenagailuz sortutako irudietako motibo bitxi eta distortsionatuen artean, azken horreek teknologia barriei esker hazur-mamituak, besteak beste, adimen artifizialaren eta 3D inprimaketearen bidez. Leckeyk erakusketa honetarako sortutako soinu-bandeak, Eta hantxe zegoen hiria bere bikaintasunean instalazinoaren giro onirikoa indartzeaz gan, lanak eragindako murgiltze-esperientzia areagotzen dau.

Leckeyk hezkuntzearen aurrean eta ezagutzearen alkartruke edegiagazko etenbako konpromisoagaz bat etorriz, gune honek artistearen ikus-entzunezko lan bi eskaintzen ditu, baita material bisuala eta baliabide digitalak be, danak arreta handiz hautatuak obra sakonetik biziteko eta artistearen interesak nabarmentzeko, batez be, musikeagazko joerea.

Instalazinoa Bilboko Guggenheim Museoan egongo da zemendiaren 14tik 2026ko apirileko 12ra arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu