Alaine Agirrek 'Euri eta ateri' liburua aurkeztuko dau Bilbon

Bizkaie! 2025-11-18 08:01   Kulturea

Guztira, sei liburu aurkeztuko ditue urian, Zu Non, Han DA! ekimenaren barruan.

Alaine Agirre (Argazkia: Elkar). | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal kulturearen erakusleiho erraldoia izanik, Durangoko Azokearen bokazino nagusienetako bat kultur sorkuntzea zein zaletasuna hauspotzea eta, sortzaile, bitartekari eta herritarren arteko zubilanak eregitea. Helburu horri ekinez hasi zan 2020an Zu Non Han DA! ekimena. Aurton, sakontzeko asmoz, Durangoko Azokea baino lehenago atontzea erabagi da, bertan egiten diran liburu aurkezpenek ikusgarritasun gehiago izan deien.

Zu Non Han DA! egitasmoari esker, Euskal Herri osoko 19 dendatan, Durangoko Azokan eskuragarri egongo diran liburu barrien aurkezpenak egingo dira. Aurkezpen horreek hainbat formatutan izango dira eta idazlea beti egongo da presente. 60. Durangoko Azokan plazaratutako nobedadeen bildumak Euskal Herri osoko 67 liburu saltokitan izango dira eskuragarri. Beraz, datorren astetik hasita, Durangoko Azoka Ibiltaria izango da eta hartzaileen herrietara zuzenean helduko da.

Ekimen horren asmoa Durangoko Azokearen oihartzuna Euskal Herri osora zabaltzea eta liburu saltokiek urte osoan zehar egiten daben lana autortzea be bada. 

Bilbon sei aurkezpen

Bilbon sei aurkezpen egingo dira Zu Non, Han DA! dinamikearen eskutik. Ondokoak dira: 

  • Alaine Agirrek Euri eta ateri liburua aurkeztuko dau zemendiaren 17an, 18:30ean, Deustuko Liburudendan. Ibon Egañaren laguntzea izango dau.
  • Jakoba Errokondok hitzaldia emongo dau hilaren 18an, Elkar Poza liburudendan 18:30ean, Ilargia eta landareak 2026 lana aurkezten.
  • Ane Elgezabalek Haizearen erpeak izeneko liburua aurkeztuko dau berbaldi formatuan zemendiaren 21ean, Deustuko Liburudendan (18:30).
  • Markos Zapiainen Ni, laiko liburuaren inguruko berbaldia egingo da Zirika! Herri Gunean 18:30ean, zemendiaren 27an. 
  • Zemendiaren 29an, Unai Elorriagaren Andrakas jaunaren bizarrak lanaren aurkezpen ilustratua egingo da Bilboko Ametsak liburudendan, eguerdiko 12:00etan.
  • Josu Goikoetxeak Lakioa liburua aurkeztuko dau, Fermin Etxegoienegaz batera egingo dauen berbaldian, Abenduaren 3an, 18:30ean Bilboko Elkar Poza liburudendan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu