'Olatuaren enbatean. Emakumeak eta itsasoa XX. mendean'
2025-11-18 09:20 KultureaBermeoko Arrantzaleen Museoan, 2026ko irailaren 27ra arte.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Arrantzaleen Museoan dago erakusketea, kostaldeko emakumeen eguneroko eta oinarrizko lana aldarrikatzen dauena, historian zehar ikusezin bihurtutako objektuen eta testigantzen bidez. Aurkezpenean egon da Leixuri Arrizabalaga Arruza Euskera, Kultura eta Kiroleko diputadua, Amaia Apraiz eta Asier Romero Andonegi komisarioakaz batera.
Leixuri Arrizabalagak azaldu dauenez, "orain arte, itsasoko historia gizonezkoen begiradatik baino ez da kontau. Protagonismoa arrantzalearen irudian oinarritu da eta bigarren mailan itxi dau emakumea euren ekarpena erabat ikusezin bihurtuz. Halan da be, emakumearen figurea oinarrizkoa izan da sektore honetan bere. Hori dala eta, ez dago Arrantzaleen Museoa baino leku hoberik itsasoaren eta hor bizitakoen historiaren ikuspegi femeninoa jasoteko."
Itsasoaren gorabeheratan, tradizinoz, arrantzalearen figurea izan da ardatz, baina erakusketa honek itsasoko historiari buruzko beste begirada bat proponidute dau, emakumeen oinarrizko lana aldarrikatzeko, hareek bere, askotariko zereginen bidez, arrantza-industria ahalbidetu eta hari eutsi eutselako. XX. mendean portuak modernizau eta konserbagintza industrializau zan eta, testuinguru horretan, emakumeek askotariko zereginak bete zituen. Neskatilak eta saregile, konserbagintzako langile, paketatzaile eta armadore emakumezkoak oinarrizkoak dira produkzino-katean eta kostaldeko bizitzan.
Eguneroko objektuen bidez -orratzak, sareak, saskiak eta etiketak-, erakusketeak narratiba historiko oso bat berreskuratu eta ikusgai jarri dau tradizinoz isilarazo egin dan ezinbesteko eskulanaren memoria.
Aretoaren erdiguneari agora baten itxurea emon jako eta protagonista ikusezin horreen ahotsak eta esperientziak entzuteko konbita egiten jaku; erdi-erdian instalazino bat dago, «lan-korro» bat irudikatzen duena jarlekuz inguratutako sare-pila baten bidez, portuko jarduera eta talde-alkarrizketak gogora ekarten dituan soinu-giro Eder bategaz batera.
Erakusketea arrantza-industriaren balio-katea islatzen daben sei atal handitan egituratzen da: itsasertza eta itxaronaldia, sare eta belak jagoteko lanak, portuko logistikea, konserba-fabriketako eraldaketa industriala, kudeaketa ekonomikoa eta familiaren ondarea. Fase horreetako bakotxean, emakumeen zeregina biziraupenerako eta itsas jardueraren garapenerako oinarrizko motor lez erakusten da.
Olatuaren enbata. Emakumeak eta itsasoa XX. mendean erakusketeak konbita egiten deusku emakumeek eregitako cultura ondareari balioa emeteko eta hareen ahalegina eta erresilientzia autortzeko. Erakusketea Arrantzaleen Museoan egongo da zabalik irailaren 27ra arte eta aukerea emongo deutso jenteari emakumeek itsasoaren eremuan be izandako zeregin garrantzitsua kontetan daben istorio eta objektu horreek ezagutzeko.
Olatuaren enbatean. Emakumeak eta itsasoa XX. mendean
Itsasoa ez da arrantzan egitea bakarrik; kudeatzea, konpontzea, saltzea, eraldatzea eta itxarotea be bada. Tradizinoz, itsas historia arrantzan egitearen eta nabegazinoaren ikuspegitik kontau deuskue eta arrantzalea izan da protagonista ia bakarra. Ikuspegi horrek, oinarrizkoa izan arren, ikusezin bihurtu ditu lehorrean eta fabriketan arrantza-industriari eutsi eutsen eta ha atondu eta ahalbidetu eben emakumeak.
Erakusketa honen helburua da kultura-ondaretzat oso gitxitan jo izandako lan hori aldarrikatzea; neurri handi batean eskuzkoa, fisikoa eta errepikakorra izan dan lana. Eguneroko objektuen memoriaren bidez -orratzak, sareak, saskiak, etiketak-, lan-bizitza horren lekukotza material bakarra baitira, narratiba historiko oso bat berreskuratu eta erakusten da emakumeak izan zirala benetako olatuaren enbata: industriak mareen, absentzien eta krisien aurrean bizirik irautea ziurtatzen eban indar jarraitu eta erresilientea.
Jarduerak
Olatuaren enbatean. Emakumeak eta itsasoa XX. mendean erakusketearen inguruko programazinoaren barruan, honako honeek eskainiko dira: bisita gidatuak erakusketako komisarioen eskutik, bisita gidatu berezia bertsolariakaz, Ane Zulaikaren Emakumeak blai film laburraren proiekzinoa (euskal emakumeen itsasoaren aurreko hartu-emonak erakusten dituanau) eta emakume horreen lanbideei eta eginkizunei buruzko berbaldiak eta mahai-ingurua. Laster emongo da jarduera horreen barri.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
