'Euskerea ehuntzen' segitzeko deia, Euskaltzaindiaren mendeurrenean

Dabi Piedra 2018-03-23 12:49   Euskerea berbagai

Euskereagaz eta euskal kultureagaz dauen konpromisoan sakontzeko erabili nahi dau Akademiak urteurrena.

Andres Urrutia berbetan; atzean, Sagrario Aleman eta mendeurreneko ekitaldien koordinatzaile Ibon Usarralde | Ikusi handiago | Argazki originala

1918an sortu zanetik, mende bateko bidea egin dau Euskaltzaindiak, unean uneko egoerara egokituz eta euskerearen aldeko lanari eten barik eutsiz. Hori dala eta, mendeurrena egitarau oparo eta askotarikoagaz ospatuko dabe, ehun urteko bidean Euskaltzaindiak egindako bidea gogoratu eta aurrera begirako asmoak indartzeko. Gizarteagaz batera ospatu nahi dau Akademiak, hemendik aurrerako bidea be alkarlanean bete nahi dauelako.

Belaunaldi ugari pasau dira etxe honetatik, baina beti eutsi deutsagu euskerearen eta euskal kulturearen goiburuari, adierazo dau Andres Urrutia euskaltzainburuak, mendeurreneko ekitaldiak aurkezteko Bilbon egindako agerraldian. Gizarteari zerbitzua emotea da helburua, zeregin hori barik euren lana alferrik izango zalako, gogoratu dau Urrutiak. 1918tik hona, Euskaltzaindia eten barik beharrean ibili dala ganeratu dau: Euskerearen aldeko sasoiak bizi izan doguz, kontrakarrean ibilteko aldiak be bai, baina beti aurrera egin dogu.

Orain arte egindako ekarpenen artean euskera batuarena azpimarratu dau Urrutiak, baina beste gauza askotan be Euskaltzaindia funtsezkoa izan dala ahaztu barik. Hiztegigintzan, bertsolaritza txapelketak antolatzen, euskalduntzea abiatzen, euskerea mundu digitalera eroaten... sarritan aitzindari lana egin dau Akademiak. Euskalgintza modernoaren azpiegiturea sortu da, eta Euskaltzaindia han egon da beti.

Ehun urteko bidea gogoratzeko bakarrik ez, aurrera begirako erronkak zehazteko be bada efemeridea, Urrutiak nabarmendu dauenez. Gizarteari dei zabala egingo deutsagu, ilusinoz, pozez eta itxaropenez euskerearen eta euskal kulturearen alde lan egin behar dogulako, guk ilusino barri horren partaide izan nahi dogu. Kezkak eta ardurak be badagoz euskerearen geroan, baina baikor izateko deia egin dau.

Hurrengo urte eta hamarkadetan euskereari zabaltzen eta sendotzen laguntzeko, gizartearen eta Euskaltzaindiaren arteko alkarlana ezinbestekoa izango da, hori da mendeurrenaren harira zabalduko daben mezua. Gizartearen beharretara eta gaur egungo munduaren ezaugarrietara egokitzen dabil dagoeneko Akademia, sare sozialetan sartu da eta interneten ahalegin handia egiten dabil, batez be hiztegigintzan. Ezin dogu lan egin orain dala ehun urte legez, 1918ko akademikoen espiritua jaso eta gaur egunera ekarri behar dogu, azaldu dau Urrutiak.

Mendeurrenaren kontura, irudia modernoagoa eta lelo barria aurkeztu ditu Euskaltzaindiak. Ohiko arbolea berde argiagoz eta txip baten konexinoen itxuraz ikusiko dogu aurrerantzean. Ekin eta Jarrai betiko leloagaz batera erabiliko dabe Euskara ehuntzen. Sagrario Aleman euskaltzainak emon ditu azalpenak: Betiko zuhaitza edegiagoa da, geu be etorkizunera begira jarri garelako.

2018ko irailetik 2019ko urrira bitartean egingo ditue mendeurrena ospatzeko ekitaldi nagusiak, hortaz, egongo da egitarau oparo eta luze hori jorratzeko astia. Baina zertzelada batzuk, behinik behin, emon ditu Euskaltzaindiak. Hasteko eta behin, lau atal nagusitan banatuko ditue jarduerak: Egitarau akademikoa, instituzionala, artistiko-kulturala (kontzertuak, antzezlanak...) eta bestelakoak (liburuak, erakusketak...).

Egitarau akademikoaren barruan, nazinoarteko bederatzi kongresu antolatuko ditue, Euskal Herriko hainbat txokotan. 2018a amaitu baino lehen, horreetako bi egingo ditue, euskera batuaren 50. urteurrenagaz bat.

Baionan izango da lehenengoa, irailean, euskera batua sortu aurreko batzar garrantsitsuak han egin ziralako. Biltzar hareen ekarpena gogoratzea eta Ipar Euskal Herritik begiratuta euskera batuaren erronkak identifiketea izango dira helburuak.

Bigarren biltzarra, 2018ko urrikoa, Arantzazun egingo da, 1968an euskera batua jaio zan lekuan. Mende erdian euskera estandarrak egindako bidea, batasunaren garrantzia eta aurrera begirakoak jorratuko ditue.

Ganerako zazpi biltzarrak 2019an izango dira eta aurrerago emongo ditue detaile gehiago. Aurreratu dabenez, Iruñean (bat), Gasteizen (bi), Bilbon (bi) eta Donostian (bi) egingo ditue eta danetariko gaiak lantzea da asmoa: Hizkuntza eskubideak, euskalkiak, literaturea, gramatikea eta abar.

Halandaze, ekitaldi nagusiak irailean hasiko diran arren, mendeurrena ospatzeko eta hurrengo ehun urteetarako bidea zabaltzeko prest agertu da Euskaltzaindia. Egin danaren eta egiteko dagoanaren erakusgarri izango da mendeurrena, euskerea ehuntzeari ekiteko, esan dau Andres Urrutiak. Euskerea ehuntzearena ez da lelo hutsa, gure hizkuntzea jagoten eta lantzen segidu behar dogu, euskalgintzeagaz batera, gaur egungo preminei erantzuna emonaz, ganeratu dau Sagrario Alemanek, ehun urte bete doguz eta bizi-bizi gagoz.

Aukeran jantza taldeak ikuskizun laburra eskaini dau Bilboko agerraldiaren aurretik

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu