Senegalen aurrera eramandako proiektu komunitario bati buruzko erakusketan Tabax Nité prozesu eregitzailean parte hartu eben hainbat persona ikusi daitekez. Hahatay alkarteak 2020an Senegaleko Gandiolen martxan jarritako esperimentazino espazioa da. Horrek egitura komunitario batzuk ditu, esate baterako osasun zentroa, emakumeen etxe bat, komunikazino zentroa, lanbide-heziketako areto bat eta baratze bat, eta aldi berean, ingurumenari, generoari, ekonomiari, identidadeari, erresilientziari eta bestelakoei buruz hausnartzeko aukerea eskaintzen dau. Irudiak Marta Moreiras eta Ina Thiam argazkilariek emondako tailer baten emoitzea dira.
Ekimena udalerrira KCD GGKEaren eskutik helduko da, urriaren 16an Muxikebarrin izango dan Zinema Ikusezina Film Sozialak Nazinoarteko Jaialdiaren saioaren atarian.
Ikastaroa astelehenetan izango da irailaren 14tik abenduaren 14ra, 18:00- 20:00 bitartean, Foru Liburutegiko 2. pisuan. Parte hartzeko izena emon behar da irailaren 1etik 7ra hemen. Danetara, 20 plaza dagoz, eta jente gehiagok izena emoten badau, zozketa bidez esleituko dira lekuak.
Atlantikaldiak bere ohiko guneei eutsi deutse: Itsasargi Nagusia Agirre Lehendakariaren Plazan, Herriko Plaza Udaletxeko plazan, Kalekaia Panier orubean eta Herrixka Foruen Plazan. Horreei Errenteriako ibaia, kaleak eta beste hainbat txoko gehitu eta jaialdiaren ibilbidearen parte izango dira.
Pelotazo obreak zortzi antzerkigileren begirada poliedrikotik heltzen deutso etxebizitzearen krisiari. Antzerkigile bakotxak bere ikuspuntua eskainiko deusku, zortzi kontakizunek (horreetako sei gaztelaniaz eta euskeraz bi) antzezlan anitza eta, aldi berean, gaiei jagokenez homogeneoa osotzen dabe.
Patxo Telleriak asmau eta koordinautako proposamena Getari Etxegaraik eta Olatz Ganboak zuzenduko dabe eta eszenatokian lau antzezle izango dira: Alfonso Diez, Aitor Fernandino, Leire Orbe eta María Urcelay.
BBKren babespean atondutako karpa gastronomiko solidarioak be izango dira eta horreetan ataratako irabazi guztiak alboko esklerosi amiotrofikoaren ikerketara bideratuko dira.