Miren Elgarresta: 'Gizarte osoa, emakume zein gizon, behar dogu indarkeriari aurre egiteko'

Dabi Piedra 2022-11-21 08:03   Barriketan

Emakundeko zuzendaria.

Zemendiaren 25a Emakumeakanako Indarkeriaren Kontrako Eguna da eta, urtero lez, kanpaina indartsua plazaratu dau Emakundek. Zer ez dozu ulertu nahi? Bakarrik bai da baietz, dino leloak. EAEko erakunde publiko nagusiek bat egin dabe kanpaineagaz, besteak beste, Jaurlaritzeak, foru aldundiek eta udalen ordezkari dan Eudelek.

Instituzinoen arteko alkarlana txalotu dau Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak, mezu bateratuak eragin sakonagoa izango dauelako gizartean. Urriaren hasieran hartu eban ardurea Elgarrestak (Zumarraga, 1965), karguan ia hamar urte egin zituan Izaskun Landaidaren ordez. Ikasketaz albaitaria dan arren, urteak daroaz bardintasun politiketan; Gipuzkoako Foru Aldundiko Bardintasun zuzendaria izan da Emakunden hasi arte.

Zuzendari barriak kontau deusku ilusino handiz hartu dauela kargua, baina erronka handiak dituala Emakundek. Belaunaldi gazteen artean bardintasuna lantzea dau lehentasun, baita genero-ikuspegia herrigintzearen arlo guztietan sartzea be.

1.- Zemendiaren 25eko kanpainan gizonei egin deutsazue dei. Zer dala eta?

Aspalditik datorren gogoeta baten ondorioa da, eta gizarteak be eskatzen izan dau. Bardintasunaren arloan lege-marko barria dogu, pasa dan martian onartua, eta garbi asko esaten dau gizonakaz sutsu egin behar dala lan indarkeriari aurre egiteko, arazoaren parte inportantea diralako. Interpelazinoa egiten jakela sumatu behar dabe eta horretarako beharrean ibili gara azken hileotan. Horren emoitzea da kanpainea. Nabarmendu nahi dot erakunde askoren arteko alkarlana izan dala, Euskadiko erakunde garrantzitsuenek bat egin dabe geugaz kanpaina honetan: Jaurlaritzeak, foru aldundiek, Eudelek... Modu horretara, bozgorailu zabala izango dogu, mezua jente guztiagana heltzeko.

2.- Zer eskatzen deutsazue gizonei? Zelan lagundu leikie?

Zalantza barik, gizon guztiei eskatzen deutsegu kanpaina honegaz bat egitea. Indarkeria kasu guztien aurrean erakundeok emoten doguzan erantzun publikoetan gizonak be egotea nahi dogu, kontzentrazino eta bestelako ekintzetan. Indarkeria matxisteari aurre egiteko, gizonak aliadu izatea behar dogu. Ezelan be ez da ulertu behar kanpaina honen bidez esan nahi dogula gizon guztiak erasotzaileak dirala. Jakin badakigu gizon gehienak indarkeria matxistearen kontra dagozana, baina hori adierazo deiela behar dogu. Gizarte osoa, emakume zein gizon, behar dogu indarkeriari aurre egiteko.

3.- Erakunde publiko ugarik egin dozue bat aurtengo kanpainan. Lehenagotik datorren lanaren jarraipena da, ezta?

Bai, ze azken urteotan konturatu gara erakunde bakotxak bere kanpainea egiten izan dauela, garbi dago gizartean gero eta sensibilizazino handiagoa dagoala eta ekintza ugari egiten dira zemendiaren 25aren bueltan. Baina horrek badau kontrako efektua be, helburuak beteteko orduan. Izan be, mezu asko zabaltzen diranez, nekez heltzen gara gizarte osora, arriskua dago zarata handiegia sortzeko eta mezu egokia ez heltzeko. Emakundek, 35 urteko bidean, sarri jo izan dau lan bateratura, eta esperientzia horren emoitzea da puntu morea, gure herrian hain ezaguna. Orain, alkarregaz lan eginda, begitantzen jat kanpaina ulergarria atondu dogula, gizarteak erraz ulertzeko modukoa. Mezu bakarra, baina indartsua.

Paradigma aldaketa garbia be erakusten dau kanpainako mezuak. Ezezkoan barik, baiezkoan arretea jarrita. Lehen, ez beti da ez eta halakoak esaten genduzan, eta orain baiezkora jo dogu, mezu positibora.

4.- Emakumeen kontrako erasoen estadistikak hankaz gora jarri zituen pandemiak, konfinamenduak eta murrizketek. Orain normaltasunera bueltau gara, barriro pilo bat jai eta ekitaldi jentetsu doguz. Datuetan ze bilakaera egon da?

Daukaguzan azken datuak 2022koak dira, irailera artekoak. Pandemia pasau barri dogu, urte luze bi izan dira, neurri zorrotzakaz. Pandemiaren hasieratik erantzun bateratua emon genduan, arreta zerbitzuetan indarra jarrita, konfinamenduan etxe barruko baldintzak benetan okertu ziralako emakume askorentzat. Datuetan ikusi genduan bikote barruko biolentziaren jatsierea, baina aurreikusi genduan barriro igoerea egongo zala, behin pandemia pasau eta gero.

Azken datuak aztertuta, aurreikuspena bete egin da, igoerea egon dalako azkenaldion. Hiru alor bereizten doguz: bikoteen artekoa, familia barrukoa eta sexu askatasunaren kontrakoa. Hiruren artean % 13ko igoerea neurtu dogu. Dana dala, ez da pandemia amaitu dalako bakarrik. Bardintasun politikek aurrera egin dabe eta gizartearen kontzientziazinoa be handiagoa da, alor guztietan kontuan hartzen dan gaia da indarkeria matxistearena. Horregaitik, uste dot emakumeen artean konfiantza handiagoa dagoala salaketak jarteko, arreta zerbitzuetara joteko edo laguntzinoa eskatzeko. Beti aitatzen dogu, erasoei jagokenez, izebergaren puntea baino ez dogula ikusten, baina azpian dagoana agirian geratzen hasi da. Hortik be badator biolentziagaz lotutako kasuen bilakaera hori.

5.- Prebentzinoa ezinbestekoa da indarkeria betikotu ez daiten. Alor horretan zeintzuk dira Emakunderen lehentasunak?

Erronka asko doguz, baina lehentasunetako bat da gazteakaz lan egitea, begitantzen jaku bardintasunaren aldeko belaunaldi barriak behar doguzala. Jakin badakigu gizartearen pentsamendu, sinismen eta egiteko moduak ez dirana goizetik gauera aldatzen, epe luzerako lana da gurea. Pentsau behar dogu gure gizartea zenbat aldatu dan Emakundek martxan egin dituan 35 urteotan, baina badogu zeregina. Prebentzinoaren alorrean, tresna eraginkorrak doguz, hezkuntzakoak urte asko ditu eta Beldur Barik-ek be 13 urte bete ditu. Lehendik dator gazteakaz egiten dogun lana, baina orain elementu barritzaileak sartu nahi doguz, ze gaur egungo gazte giroak ez dau zerikusirik orain dala hamar urtekoagaz: sare sozialak, gailu elektronikoak...

6.- Urriaren hasieran hartu zenduan Emakundeko zuzendari kargua. Zelan joan dira lehenengo asteak?

Ziztu bizian joan da denporea. Ilusino handiagaz eta pozik etorri naz Emakundera, baina jakinda erronka handia dala, alor personalean zein profesionalean. Gipuzkoako Foru Aldundian egindako ibilbideari eta han hartutako eskarmentuari esker, lasai nago. Lan handia dago egiteko Emakunden, ekipo sendoa dogu horri aurre egiteko eta txispak atera nahi deutsadaz lantalde bikain horri. Aro barri batean sartuta gagoz, lege barriak aukera zabalak emoten deuskuzalako, eta nahi neuke ezarritako erronkei heltzea ahalik eta arinen eta orain dodan ilusinoari eutsita.

7.- Zeintzuk dira zure lehentasunak kargu barrian?

Aitatutako lege barriaren zabalkundea egin behar dogu, Euskadiko erakundeen sarean martxan jarri beharrekoa, eta gure talde teknikoa horretan dabil dagoeneko. Lege barri horretan oinarrituta, Emakunderen zeregina izango da bardintasunaren ikuspegia herri-politika guztietan txertatzeko ahalegina egitea, hori ez da bape lan erraza, gure herrietan diseinetan diran politika guztietara heldu behar dogulako, danek izan deien genero-begiradea. Guzti-guztietan aztertu behar dogu non dagozan gizonen eta emakumeen arteko ezbardintasunak eta proposamenak egin bardintasunaren alde, ekarpen positiboak eginez. Kontuan izan behar dogu ezbardintasunen eta biolentziaren artean zubia dagoala, lotura estua. Beraz, bardintasuna landu behar dogu herri-politiketan, baina ezbardintasunak ahaztu barik, horreek konpontzeko.

8.- Azkenaldion zeresana emon dau Emakundek eta sektore batzuetatik kritikak be heldu dira: Lehendakaritzatik Bardintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailera pasau ebelako, baliabide ekonomikoak nahikoak ez ziralako eta zure aurretik karguan egon zan Izaskun Landaida kentzeagaitik be bai. Baretu dira kontuak?

Lasai ikusten dot hori guztia. Nik kargua hartu nebanean banekian ondo zein dan lanerako markoa eta ez naz etorri aurretik hartu diran erabagiak zalantzan jartera edo aldatzera. Gipuzkoan bardintasun-politiken arduradun izan nazanean egin dogunak autortzea izan dauela igarri dot, politikagintzan egiteko ereagaitik autortza nabarmena ikusten dot. Orain, Emakunden egingo dodan ibilbide barrian be segidu nahi dot horretan. Gipuzkoan lankidetzak eta sinergiak landu genduzan eta Emakunden be bide horretatik joko dot. Begitantzen jat Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluan ahots bikotxa dogula, ze Lehendakaritzan urte luzez egin dan lanaren oihartzuna hor dago eta oraingo sailetik be eragina izan geinke.

9.- Egunotan beste arazo bat agertu da indarkeriari aurre egiteko bidean. Espainiako Gobernuaren lege barriak dauen hutsune baten bidez, erasotzaile batzuen kartzelaldiak laburtu egin dira. Emakunden zelan ikusten dozue auzia?

Hautsak harrotzen hasita dagoz hedabideetan, bai. Ez da notizia ona, ez da ona ez emakumeentzat ez gizarte osoarentzat. Epaile batzuek zirrikituren bat ikusten badabe sententziak arintzeko, hori ez da barri ona eta arrakala hori konpontzeko zeozer egin beharko da. Dana dala, epaileen interpretazinoa be tartean sartzen da, eta lege honek paradigma aldaketea dakarrenez, beharbada formakuntzea emon behar jake, genero-ikuspegia judikaturan txertatzea be inportantea da. Batzuek aurreikusi eben, legea onartu baino lehen, zirrikituren bat edegiten zala sententziak txikitzeko, hor badago zer aztertua.

Argazkiak: Emakunde eta Irekia.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu