Miren Elgarresta da Emakundeko zuzendari barria

Bizkaie! 2022-10-05 08:35   Pil-pilean

Karguan ia hamar urte egin dituan Izaskun Landaidaren lekua hartuko dau.

Miren Elgarresta (argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzako Bardintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak aldaketea egin dau Emakundeko buruzagitzan: Miren Elgarresta izango da zuzendari barria, Izaskun Landaidaren ordez. Ezustean heldu da erabagia, Landaidak ia hamar urteko bidea egin dauelako Emakunden, 2013ko urtarrilean zuzendari izentau ebenetik.

Dana dala, aldaketa beharrezkoa dala adierazo dau Beatriz Artolazabal sailburuak. Erronka barriei aurre egiteko, beste ezaugarri batzuk dituan zuzendaria behar dala azaldu dau, eta Miren Elgarresta bat dator bila ibili diran perfilagaz.

Miren Elgarresta 1965ean jaio zan, Zumarragan. Ikasketaz albaitaria dan arren, urteak daroaz politikagintzan eta bardintasun politiketan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Bardintasun zuzendaria izan da orain arte.

Izaskun Landaida, ostera, Ugaokoa da, eta hango alkate be izandakoa. Eudelen bardintasun arduradun eta Bizkaiko Foru Aldundian Genero Indarkeriaren Behatokiko kide izan eta gero heldu zan Emakundeko zuzendaritzara, 2013ko urtarrilean. Hiru legegintzaldi egin ditu, beraz, karguan. Orain dala urte bi, Lehendakaritzaren menpeko izatetik Bardintasun Sailera pasau zan Emakunde, eta horrek tensinoak sortu zituan arren, azkenaldion giroa bareago egon da barriro.

Oharra plazaratu dau Landaidak, agur esateko: Eskerrik asko aukera hau emon deustenei, ezagutu dodazan emakume ezbardin eta benetakoei, eskerrik asko esperientzia zoragarri honetan bidelagun izan zarien guzti-guztiei, hamaika mila esker Emakundeko lankide eta lagun taldeari (badakizue benetako plazerra izan dala zuokaz lan egitea eta alkarregaz ilusinoa biztu, barre, negar eta ondo egindako lanagaitik gozetea) eta esker bereziak familiari, oraingoan be babes osoa emoteagaitik.

Bere agintaldian pausu handiak egin diran arren, bardintasunaren aldeko bidean badagozala erronkak azpimarratu dau Landaidak oharrean. Ezinbestekoa da guztiok, bakotxak gure eremutik, lanean jarraitzea bardintasunean oinarritutako gizarte bat lortu arte. Konbentziduta nago herri lez pausuak egingo doguzana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu