Lokal hutsak alokatzeko laguntza ekonomikoen 'Lonjak piztu' programea martxan
2025-10-13 10:02 Pil-pileanHelburua da Areeta, Romo eta Algortako kaleak bizibarritzea.

Getxoko hiru gune nagusietako (Areeta, Romo eta Algorta) merkataritza-ardatzen ondoko kaleak bizibarritzeko asmoz, Udalak hutsik dagozan lokalak alokatzeko Lonjak piztu programea jarri dau martxan. Horretarako, 200.000 euro erabili ditu (100.000 euro 2025. urterako eta beste 100.000 euro 2026. urterako).
Juanma González Sustapen Ekonomikoko zinegotziak nabarmendu dauenez, neurri honegaz lokal barri gehiago izatea sustatu nahi dogu eta Getxok bere merkataritza guneetan bizitza handiagoa eta enpleguan eta ekonomian irabaztea, hain zuzen be. Persiana bakotxaren atzean bizi-proiektu bat dago eta bultzada horregaz bertako talentuak bere lekua topau daian laguntzen
dogu. Hurbileko merkataritzea bizibarritu eta indartzeko neurria da. Getxo udalerri biziagoa, iraunkorragoa eta lehiakorragoa egiten dogu.
Lonjak Piztu
2022an, Ekonomia Sustatzeko Arloak programa horren fase pilotua jarri eban martxan, negozio txiki barriak sustatzeko. Urte horretan, 46.752 euroko dirulaguntzea emon eban 14
establezimenduren alokairurako (horreetatik 9k jardunean jarraitzen dabe).
Ekimenaren emaitzak aztertu ondoren, orain martxan jarritako deialdiak barrikuntza batzuk dakarz, izan be, jarduera eta profil honeekaz zerikusia daben proiektuei puntuazino handiagoa emongo jake:
• Kultura eta sormen-industriak: artea, kulturea, diseinua, artisautzea eta sormen-industriak.
• Ekonomia zirkularra, konponketa, birziklapena, bigarren eskua, baita ekologia be.
• Kirolaren eta ondoizatearen industriak (psikologia, fisioterapia, osteopatia, kiropraktikoak, masajistak eta yogea) eta ekonomia urdina.
• Teknologia.
• Coworkinga eta funtzino anitzeko espazioak.
Era berean, emakumeek eta/edo 35 urtetik beherako gazteek aurkeztutako ekimenak balorauko dira.
Lokalaren errentearen % 50eko laguntza ekonomikoak, gehienez 400 euro izango dira eta gehienez 12 hilekotan. Gainera, gehienez 150 euro emongo dira (gehienak emakumeak badira, gehienak 35 urtetik beherako gazteak badira, eta negozioak lehen aitatutako jardueretan dabizenak badira).
Eskaerak
Interesdunek modu telematikoan eskatu ahal izango dute laguntza hori urriaren 18tik datorren zemendiaren 15era arte (2025eko urtarrilaren 1etik hasi eta eskaera-aldia amaitzen dan egunera arteko kontratuetarako). Horretarako, beharrezkoa izango da errentamendu-kontratua sinatuta izatea, aldez aurreko jakinarazpena, EJZn eta Gizarte Segurantzan altea emonda egotea jarduera ekonomikoa gauzatuko dan lokalean.
Laguntzak eskatzeko hurrengo epeak 2026an izango dira.
Argibide gehiago eta dokumentazinoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!