Lucio Usobiaga mexikarrak irabazi dau 2026ko Basque Culinary World Prize saria

Bizkaie! 2026-11-09 10:25   Pil-pilean

Arca Tierra proiektuan egindako lanagaitik.

Nekazaritza eta lankidetza-sarearen bidez, Xochimilcoko chinampen nekazaritza-sistemea etorkizunera begira jartegaitik

Epaimahaiak aitamen berezia egin deutse Adélia Rodriguesi eta Edson Leiteri, Brasilgo Gastronomia Periférica proiektuko sustatzaileei. Horreen ekimenak São Pauloko auzo periferikoetako personak sukaldaritzan trebatzen ditu, beren gaitasunak lanbide eta autonomia-iturri bihur deiezan. Horrezaz gan, BCWP Cooking Legacy autortzea sortu da, eta Jacques Pépin sukaldari frantsesari empn jako, zazpi hamarkada baino gehiago emon baititu eguneroko sukaldaritzea mundu osoko miloeka personakana hurbiltzen.

Kontuak kontu, Epaimahaiaren deliberazinoa Brasilgo Foz do Iguaçu urian egin da. Joan Roca buru dauen epaimahaia gastronomiaren arloko erreferente nagusietako batzuek osotu dabe: Basque Culinary Centerren Nazinoarteko Kontseiluko kideek eta gonbidatu bereziek.

Mexikoko Lucio Usobiaga 2026ko Basque Culinary World Prize (BCWP) sariaren irabazle izentau dabe, Arca Tierra proiektuan egindako lanagaitik. Nekazaritza eta lankidetza-sare horren bidez, Xochimilcoko chinampen nekazaritza-sistemea etorkizunera begira jarri dau. Usobiagaren aburuz, lurralde batek bizirik iraungo badau, lurra lantzen dabenek beren jardueratik bizitzeko aukera izan behar dute. Gaur egun, berrogeita hamar bat ekoizle-familia biltzen ditu proiektuak. Familiek prestakuntza jasotzen dute, eta beren produktuak 60 bat jatetxeri eta 300 bat etxeri horniduta lortzen ditue diru-sarrerak. Horrezaz gan, chinampak ikasteko gune edegi bihurtu ditu, eta milaka personak bertan jasoten dabe antxinako nekazaritza-jakintza hori jagoten dabenen ezagutzea.

Haren ibilbidea galdera batetik abiatzen da: Zelan mantenibu bizirik lurralde bat, ha lantzen dabenak ezin badira beren lanetik bizi? Hausnarketa hori Mexiko Uriaren hegoaldean dagoan Xochimilcora heldu eta bertako chinampak gertutik ezagutu zituanean sortu jakon. Milaka urteko nekazaritza-sistema hori arriskuan dago, uraren kalidadea hondatu dalako, lursailak bertan behera itxi diralako, uri-eremuak zabaldu diralako, errentagarritasuna txikia dalako eta belaunaldi-erreleborik ez dagoalako.

Usobiagak Filosofia ikasi eban baina ibilbide akademikoa alde batera itxi eban chinampetako nekazariakaz batera ikasteko. Han ulertu eban antxinako ezagutza horri eusteko ezinbestekoa zala aukera ekonomikoakaz, konsumitzaile barriakaz eta beste jakintza-arlo batzuekaz lotzea.

2011n, Lucio Usobiagak Yolcan sortu eban, beste persona batzuekaz batera, chinampetako nekazarien ezagutzea merkatu barriakiaz eta gastronomiagaz lotzeko. Proiektu horren bilakaerearen ondorioz sortu zan Arca Tierra, 2020an. Produkzino eta merkaturatze agroekologikoa, jatetxe-jarduerak, prestakuntza eta harrerea buztartzen dituan sarea da. Premisa argi bat dauka abiaburu: chinampak konserbetako, produkzino-jarduereari eutsi behar jako, eta horreek lantzen dituen personek beren lanetik biziteko aukerea izan behar dabe.

Gaur egun, Arca Tierrak sei hektarea lantzen ditu, eta Xochimilco, Puebla, Hidalgo eta Mexikoko Estaduko 50 bat produkzino-familiagaz lan egiten dau. Euren produktuak 60 bat jatetxeri eta harpidetza bidezko 300 bat etxeri horniduten deutsee. 2025ean, ganera, 16.000 lagun inguruk bisitau zituen chinampak, bertan atondutako esperientzien bidez.

Xochimilcoko Ekimen Agroekologikoaren (IAX) bidez, lehengoratze, ikerketa eta prestakuntza-proiektuak be sustatzen ditu, produktoreak, zientzialariak, sukaldariak eta konsumitzaileak alkarlanean ibilteko. 2024an, Baldío jatetxea edegi eban, Douglas McMasterregaz batera landutako proiektuaren barruan.

Saria irabazi ostean, Usobiagak, euskal jatorriko (Mutriku) sustraiak dituanak, honakoa adierazo dau du: Oso pozik eta hunkituta nago BCWP sariaren 11. edizinoan autortza hau jasoteagaitik. Sari honen bidez, Basque Culinary Centerrek eta Eusko Jaurlaritzeak bide barriak edegi ditue gastronomia soziala sustatzeko. Arca Tierratik, Xochimilcon, ikuspegi hori konpartiduten dogu: nekazarien eta sukaldarien mobimentuen artean zubiak eregitea dogu helburu, gastronomia lurrera bueltetea dala ulertzen baitogu. Nekazariek ura, airea eta lurzorua jagoten ditue; eta, aldi berean, elikagai gozoak eta elikagarriak eskaintzen deuskuz. Lurraren jagoleak dira eta, zeozelan, planetearen erreserba espirituala. Esker onez jasoten dot sari hau, eta badakit aukera barriak zabalduko dituala alkarregaz lanean jarraitzeko eta bide barriak eregiteko.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu