webgune-sortzailea aurkeztu dau Puntueus-ek

Bizkaie! 2026-11-02 08:59   Pil-pilean

Latxa euskal adimen artifizialean oinarritutako lehenengo aplikazinoa.



HiTZ zentroak landutako Latxa euskal adimen artifizialak ikerketatik eguneroko erabilerarako salto egin eta lehenengo aldiz integrau da aplikazino praktiko batean. Baai.eus webguneak euskerazko teknologia herritarren, profesionalen eta enpresen eskura jarri dau, euskerearen presentzia digitalean beste urrats bat aurrera eginez.

Puntueusek Baai-Eus aurkeztu dau, euskerazko adimen artifizialaren garapenean mugarri izango dan tresna digital barritzailea. HiTZ zentroak jorratutako Latxa euskal adimen artifiziala aplikazino praktikoan txertatzen dan lehenengo aldia da. Dagoeneko, Baai.eus webguneak, erabiltzaileei webgune profesionalak sortzeko aukerea eskainiko deutsee, eta ez da ezelako programazino ezagutzarik izan behar.

Euskerearen presentzia indartzea eta gizarte digital hobea eregiten laguntzea da Puntueusen helburu nagusietako bat. Urteotan .eus domeinua eskuratzeaz gan, erabiltzaile askok beren webgunean sortzeko laguntzea be eskatu dabe, eta behar horri erantzun integrala emoteko sortu da Baai.Eus.

Aldi berean, euskerearen presentzia Interneten nahiko egonkor dago azken urteotan, baina adimen artifiziala errotik dabil eraldatzen Internet. Testuinguru horretan, Baai.eus-ek aukerea emoten dau euskerea eta euskal komunidadea eraldaketa horren parte aktibo izan daitezan.

Baai.eus-en barrikuntza nagusia da erabiltzaileak ez dauela webgunea hutsetik sortu behar, lehendik sortuta dagoan informazinoa erabilita sortu leikelako lehenengo bersinoa eta holan, negozio txikiek, beren kontura lanean dabizen profesionalek zein bestelako edozein erakundek eta enpresek, euren jarduerea euskeraz be digitalizetako aukerak zabaltzen dira.

Aurkezpenean parte hartu dabe Josu Waliño, Puntueus-eko zuzendariak; Unai Andueza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputaduak; Eneko Agirre, HiTZ zentroko zuzendariak; eta Lorea Arakistain, Puntueus-eko marketin zuzendariak.

Baai.Eus mugarri bat da euskal ingurune digitalarentzat. Euskal Herrian landutako adimen artifiziala erabiliz, webgune profesionalak euskeraz eta modu errazean sortzeko aukerea eskaintzen dogu. Holan, digitalizazinoa edozeinen eskura jarteaz gan, euskerearen presentzia digitalean beste urrats bat egiten dogu, nabarmendu dau Josu Waliño Puntueus-eko zuzendariak. Tresna honegaz, enpresa txikiei, autonomoei eta bestelako eragileei beren proiektuak .eus domeinuagaz sareratzeko aukerea emon nahi deutsegu, orain arteko oztopo teknologikoak gainditzen lagunduz, gaineratu dau.

Eneko Agirre HiTZ zentroko zuzendariak, barriz, Latxaren garapenetik aplikazino praktikoetara egindako saltoaren garrantzia azpimarratu dau: HiTZ zentroarentzat oso barri pozgarria da Latxa aplikazino praktiko batean integrauta ikustea. Orain bost urte euskerazko hizkuntza-ereduak lantzen hasi ginanean, ez egoan euskeraz behar bezela ebilenn eredurik, eta ikerketa-galdera edegia zan euskeraz kalidadeko txatbot bat sortzea posible ete zan. Ikerketa-lan horren emoitza dira testu gitxi dituen hizkuntzetarako ereduak lantzeko metodologia, eta Latxa bera. Hasierako aurreikuspenak gaindituz, erabilteko moduko kalidadea lortu genduan, batez be, euskereari eta euskal kultureari jagokenez, azaldu dau. Latxa proiektu bizia da, eten barik garatzen sagoana, eta laster veste bersino bat aurkeztuko dogu, adimen artifizialaren arloko azken aurrerapenei esker ahaltsuagoa eta hobea izango dana. Aldi berean, enpresa eta zentro teknologikoakaz alkarlanean gabiz, Latxaren inguruan eregiten gabizan adimen artifizialeko plataformea produktu barritzaileetan txertatzeko. Baai.eus ikerketa hori eguneroko erabilerara eroateko pausu garrantzitsua da, gaineratu dau.

Amaitzeko, Unai Andueza Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputaduak egitasmoa heldu dan momentuaren garrantzia azpimarratu dau: Adimen artifiziala ingurune digitala eraldatzen dagoan honetan, Baai.us momentu estrategikoa heldu da. Puntueus-en eta HiTZ zentroaren arteko lankidetzearen emoitzea da, eta agirian ixten dau benetako erronkea ez dala soilik adimen artifiziala zelan txertatu, zer rol jokatu nahi dogun eraldaketa horretan baino, adierazo dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu