Aintzane Arribasek egindako kartelak iragarriko dau Bilboko 2026ko San Tomas Azokea
2026-11-09 07:40 Pil-pileanIlustratzaile bilbotarrak egin dau, Herritik Hirira izeneko lana.
Aintzane Arribas, 27 urteko sortzaileak herriko produktua urira ekarteko keinua modu sinplean irudikatu nahi izan dau bere kartelaren bidez. Familiak animauta aurkeztu zan lehiaketara, marraztea betidanik gustau izan jakolako.
Arribasek Arte Ederrak, Arte Digitala eta Animazinoa gradua amaitu eban 2021ean, Zorrozaurreko DigiPen Bilbao ikastegian. Ordutik, 3D animatzaile lanak lan egin ditu hainbat proiektutan, marrazketea zaletasun personal lez lantzen jarraitzen dauen bitartean. Kartel lehiaketa batean parte hartzen dauen bigarren aldia izan da, eta oso hunkituta agertu da lortutako autortzeagaz.
Sei kartel finalisten artean aukeratutako irudia
Bilbogaz lotutako hainbat erakunde eta arlotako 11 ordezkarik osotutako epaimahaiak aukeratu dau lan irabazlea, sei proposamen finalisten artean.
Hautaketan parte hartu dabe Bilboko Udaleko, lehen sektoreko, Metro Bilbaoko, Sala BBK-ko, BBK Klimako, hedabideetako, BBK Patronatuko, Athletic Clubeko eta Bilbao Basketeko ordezkariek.
Sei kartel finalistak Sala BBK-ko atarian dagoz ikusgai zemendiaren 13ra arte, herritarrek lehiaketara aurkeztutako sormen-proposamenak ezagutzeko aukerea izan deien.
Bilboko 77. Santo Toma Azokea
Bizkaiko ospakizun ezagunenetako bat da, nekazaritza-tradizinoari bizirik eutsen deutson eta tokiko merkataritzearen aurreko konpromisoa indartzen dauen ekitaldia. Egunean zehar lehen sektoreko produktoreak Bilboko erdigunean izaten dira kalidadezko produktu autoktonoak eskaintzen, landa-eremua urira hurbilduz.
Bilboko San Tomas herritar guztiei edegitako azokea da, baserritarren produktuak, gastronomia tradizionala eta konsumo-eredu jasangarria baloretan dabennetzako topagunea.
Edizino bakotxak tradiziboaren onena eta tokiko produktua buztartzen ditu:
- Produktu autoktonoen postuak: Gaztaa, eztia, ogia, frutak, barazkiak, hestebeteak, mortzilak eta gehiago.
- Gastronomia tradizionala: txorizo-taloak, sagardaoa, txakolina eta euskal sukaldaritzearen beste gozagarri batzuk.
- Musikea eta folklorea: jantza taldeak, bertsolariak eta ikuskizunak zuzenean.
- Jarduerak eta erakusketak: herri kirol erakusketa eta lehiaketak, eta joko tradizionalak.
Oso garrantzitsua da hemengo merkataritzeari bultzadea emoten jakolako, baserritarrak babesten ditualako eta hurbileko konsumoa sustatzen dalakoz. Era berean, Bizkaian errotutako tradizinoari eusten jako.
Jasangarritasunari jagokonez, nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuen konsumorako praktika arduratsuak sustatzen ditu, baita dinamizazino soziala eta kulturala: komunidadea euskal gastronomiaren, musikearen eta folklorearen barruan batzen dau.
Santo Tomaseko 1. Kartel Lehiaketea be egin da aurten Bilbon hain ekitaldi berezi dan honen irudia hautatzeko. Deialdia adinez nagusi diranentzat egon da zabali, diseinu grafikoko profesionalentzat zein amateurrentzat. Lan irabazleak 2.000 euroko saria jaso dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
