Iñaki Garcia Uribek berbaldia emongo dau Gorbeiako lehen kurutzearen 125. urteurrena ospatzeko
2026-11-26 07:50 Pil-pileanAbenduaren 2an izango da, 19:00retan, Abertzaletasunaren Museoaren egoitzan (Ibañez de Bilbao, 16).
Gorbeiako lehenengo kurutzearen inaugurazinoaren 125. urteurrenaren harian, Sabino Arana Fundazinoaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak berbaldia atondu dau Bizkaiko eta Arabako tontorrik altuenean eregitako monumentu enblematikoaren jatorria eta historia gogoratzeko.
Gorbeiako Gurutzearen 125. urteurrena (1901-2026) izenburuko berbaldian, Iñaki García Uribek dakien guztia kontauko deusku. Gorbeiako lehenengo kurutzea 1901eko zemendiaren 12an inaugurau eben (gaur egungoa tontorrean eregitako hirugarrena da). Gorbeia mendiaren tontorrean kurutze handi bat altzetako ekimena 1900. urteko jubileo-urte edo urte santuaren harian sortu zan, eta proposamen horrek oihartzun handia izan eban Euskadin. Proiektuak Giovanni Acquaderni kondearen bultzadea izan eban Boloniatik eta Zeanuriko abade Juan Bartolome Altzibar izan eban gure herrialdean sustatzaile nagusi.
Gorbeiako lehenengo kurutzea aparteko neurriagaitik nabarmendu zan, ibilgailuz joateko biderik bako mendi batean eregitako kurutzerik handiena bihurtu zan Euskal Abertzaletasunaren Museoak hitzaldi berezia atondu dau Gorbeiako lehenengo kurutzearen 125. urteurrena ospatzeko.
Berbaldia Eduardo Araujo kazetari eta Sabino Arana Fundazinoaren zuzendariak aurkeztuko dau.
Iñaki García Uribe
Mendizalea, etnografoa eta dibulgatzailea da, Gorbeiari, gaztainearen kultureari, euskal mendizaletasunaren historiari eta baseleiza edo ermitei buruzko gaiak ikertzen ibilbide luzea dauena. Konpromiso sendoa daua Memoria Historikoagaz. Hiru hamarkada baino gehiagotan, euskal irrati eta telebista askogaz kolaborau eta parte hartu dau dokumentalak egiten. Sei liburu idatzi ditu eta aldizkarietan, egunkarietan eta plataforma digitaletan jardín dau artikulugile. Aitagarria da Deia egunkariaren Historias Montañeras izeneko asteroko saila horniduten dabilea azken sei urteotan.
Berbaldiak emon ditu eta gidari ibili da landa-jardueretan eta Gontzal Mendibil musikariagaz batera, Kontuak eta Kantuak Gorbeian musika eta literatura arloko bikotea eratu dau. Ugaoko Burdin Hesia alkarteko eta Udiarragako Ama Birjina kofradiako presidentea izan da eta Aranzadi Zientzia Alkarteko nahiz Aztarna Etnografia alkarteko kide aktiboa da. Bizkaiko Ermiten Lagunak taldearen sortzailea da eta bere ikerketa eta dibulgazino-lanak hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Ugao-Miraballeseko Udalaren Hemendik Saria, Euskal Mendizaletasunaren Lagunak 2021 saria eta IXATXAK 2022 Kultura Saria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
