‘Bertokoa dalako… Bermeon erosi!

Bizkaie! 2026-10-28 11:30   Pil-pilean

Kanpainearen helburua herriko merkataritzea sustatzea da.

Bermeoko Udalak, Behargintzearen bitartez, herriko merkataritzea indartzeko udagoieneko kanpaineari ekingo deutso bihar, hilak29. Bertokoa dalako… Bermeon erosi. Zemendiaren 26ra arte egongo da indarrean kanpainea eta herritarrak herrian bertan erosteko animetea dau helburu, tokiko merkataritzeak jarduera ekonomikoan eta herriko bizi-kalidadean dauen garrantzia nabarmenduz.

Bermeoko 60 establezimendu inguruk parte hartuko dabe kanpainan. Mueta askotako saltokiak izango dira: harategiak, erropa-dendak, botikak, etxetresna elektrikoen dendak, liburuak saltzen dituenak, oinetako- dendak, osogarri-dendak, optikak, janari-dendak, koltxoiak saltzen dituenak, ortopedia-dendak, etxerako osogarrietakoak, informatika-establezimenduak, artisautza-saltokiak eta bestelakoak.

Kanpainan parte hartzen daben establezimenduetan 20 euroko erosketea egiten daben bezeroek txartel bana jasoko dabe. Danetara, 3.000 txartel banatuko dira, eta hirutik batek saria
izango dau: 10 edo 20 euroko sariak, erosketea egin dan saltoki berean gastetako. Sariak erabilteko epea abenduaren 10era artekoa izango da.

Saririk lortzen ez daben txartelak be gorde ahal izango dira, Gabon azokan egingo dan zozketan parte hartzeko. Horretarako, kanpaineagaz bat egin daben saltokietan kutxak jarriko dira, txartel horreek bertan ixteko. Zozketako saria udagoieneko kanpainan parte hartu daben establezimenduek emondako sariakaz egingo da. Kanpainan parte hartzen daben dendak identifiketako, ekimenaren kartela egongo da ikusgai establezimenduetan.

Ekimenaren bidez, Bermeoko Udalak bezeroak fidelizau eta herriko saltokien salmentak handitu nahi ditu, tokiko merkataritzeak Bermeoko eguneroko bizitzan dauen garrantzia be nabarmenduz, izan be, saltokiek jarduera ekonomikoa sortzeaz gan, herriko kaleen bizitasunari eusten jake eta bertako bizi-kalidadea indartzen laguntzen dabe.

Horregaitik, udalak herritarrak animetan ditu herrian bertan egin deiezan erosketak eta konfidantzazko tokiko saltokien alde egin deien. Bermeon erosteak herriaren esentziari bizirik eusten jako eta alkar jagoteko modua be bada: Bertokoa dalako... Bermeon erosi!

Udagoieneko kanpainearen ondoren, ekimenak jarraipena izango dau Gabon sasoian, herriko merkataritzeari laguntzen eta herrian erosteko ohitureagaz jarraitzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu