Bilbok emakumeen kontrako indarkeria salatuko dau gaur, zemendiak 25
2025-11-25 07:52 Pil-pileanGoizeko 11:00etan, parte-hartzea bultzatuko dauen ekitaldi sinbolikoa egingo da Campos Elíseos Antzokian.
Ekitaldi horren bidez azpimarratuko da indarkeria matxistearen aurrean beharrezkoa dala Komunidadea sortzea.
EUDELek adierazpen bat proponidu dau egun honetarako eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak irakurriko dau adierazpen hori. Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Bardintasun zinegotziak be parte hartuko dau, baita Inma Matak, indarkeria matxistatik bizirik urten dauen emakumea eta Bizitu Alkartearen presidenteak be.
Ekitaldiak esku-hartze artistiko bi izango ditu eta horren bitartez gonbidauko da gogoeta egiteko zer arazo sozial dan emakumeen kontrako indarkeria. Amaitzeko, ekintza kolektibo bat egingo da, bertaratutako guztiek parte hartuko dabe eta horren bidez berretsiko da Bilboko gizarteak uri libre eta bardinzaleago baten aldeko konpromisoa hartu dauela.
Bertan izango dira, besteak beste, zinegotziak, Udaleko bardintasun-politiketan inplikautako udal-teknikariak, hainbat sektore profesionaletako erakundeetako emakume eta feminista-alkarteetako ordezkariak, Hirugarren Sektorekoak, merkatariak, Udaleko talde laguntzaileak eta bestelakoak.
Bilbo, more
Bart Bilbo more agertu da barriro, emakumeen kontrako indarkeriaren gaitzespena irudikatzeko, eta horretarako kolore horregaz argiztatu ditue uriko eraikin eta elementu adierazgarri eta enblematikoenak: udaletxeko eraikin nagusia, Abandoibarrako kale-argiak, Casilda Iturrizar parkeko iturri zibernetikoa eta Txurdinagako Europa Parkeko tunela, besteak beste.
Uriko beste eraikin batzuek Puntu Lila dabe beren fatxadetan edo pantailetan eta era horretan hareek be bat egin dabe kanpaineagaz; esaterako, Arriaga Antzokiak, barrutietako udaltegiek, turismo-bulegoak (Terminus eraikina), Azkuna Zentroak, La Perrerak, Bilborock Aretoak, Bilbao Arenak, Intermodalak eta Ikastetxeek, besteak beste.
Kanpainako materialak ondoko leku hauetan dago eskuragarri, doban, herritarrek kanpaineagaz bat egin deien: barrutietako udaltegietan, ikastetxeetan, osasun-zentroetan, liburutegietan, kiroldegietan, udal-espazioetan eta unibersidadeetan eta www.bilbao.eus webgunean be deskargau daitekez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
