Frank-Walter Steinmeierrek parkamena eskatuko dau Gernikan

Bizkaie! 2025-11-28 08:55   Pil-pilean

Erreparazino eta akordurako eguna Gernikan.

Gernikak 1937ko bonbardaketearen biktimak autortzeko ekitaldian parte hartu eta lehen aldiz, Alemaniako presidentea, Frank-Walter Steinmeier, izango da protagonista. Halanda ze, azken egunotan, Gernikan izandako krimen larriak autortu ditu. Horrezaz gan, Felipe VI.a Espainiako erregea eta Imanol Pradales lehendakaria Gernikan izango dira.

Steinmeier eta Elke Büdenbender, Alemaniako lehen damea, goizean helduko dira Gasteiz-Foronda aireportura. Imanol Pradales lehendakariak harrerea egingo deutse Ajuria Enea Jauregian. Horren ostean, Gernikara joan eta Felipe VI.a Espainiako erregeagaz alkartuko dira.

Alemania, Espainia eta Euskadiko ordezkariekaz egingo diran ekitaldiak 11:45etik aurrera hasiko dira Zalloko kanposantuan. Horrezaz gan, Gernikako Bakearen Museoa bisitetea aurreikusten dabe. 

Horrezaz gan, bonbardaketatik bizirik urten eben 95 urteko emakume bigaz be alkartuko dira: Crucita Etxabe eta Mari Carmen Agirre hain zuzen be. Arratsaldean, barriz, Alemaniako presidenteak Bilboko Guggenheim Museoa bisitauko dau.  

Euskal alderdi nagusietako ordezkariak bertan izango dira, baita Espainiako Gobernuko ordezkariak be, besteak beste, ondokoak: Aitor Esteban (EAJko presidentea); Eneko Andueza (PSE-EEko burua); Javier de Andres (Alderdi Popularreko burua); Alba Garcia (Sumarreko buruak); Marisol Garmendia (Gobernuak Euskadin dauen ordezkaria); eta, Fernando Mariano (Sampedro Europar Batasuneko Estadu idazkaria). EH Bilduk, bestalde, sekulako pausoa dala autortu dau, baina Felipe VI. Espainiako erregearen presentzia dala-eta, ez da ekitaldian izango.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu