Mungia eta Gamiz-Fika bat datoz oinezkoen eta bizikleten arteko loturea bultzatzeko
2025-10-16 08:15 Pil-pileanMobikortasun iraunkorragoa, seguruagoa eta ingurumena errespetetea dira asmoak.

Herri biek euren udalerrietako bide-azpiegiturak kudeatzeko eta konserbetako borondatea eta gogoa nabarmendu ditue. Proiektuak bidea garbitu, profilau eta zolatzeko lanak aurreikusten ditu, baita hondakinen kudeaketea eta irisgarritasuna hobetzea be. Danetara, 1.720 metro linealen gainean jardungo da, 20.000 euro baino gehiagoko inbersinoagaz; horreetatik, Gamiz-Fikako Udalak 14.800 euro jarriko ditu, eta Mungiako Udalak, barriz, 5.200 euro.
Hitzarmen horri esker, Olagorta (Gamiz-Fika) eta Bolu baserria (Mungia) herrien arteko joan-etorriak erraztuko dira oinez eta bizikletaz, Iturribaltzagatik doan bidegorriagaz bat eginez. Konexino horrek inguruko mobikortasun aktiboa indartzeaz gan, ohitura osasungarriak sustatzen ditu eta emisino kutsatzaileak murrizten laguntzen dau, azaldu dau Alaitz Erkoreka Baraiazarra Mungiako alkateak. Holako kasuetan, ezinbestekoak dira udalerri bien arteko koordinazinoa eta eraginkortasunez lan egitea. Udalen arteko lankidetzearen harian, herritarren bizi-kalidadea hobetzea da helburua, azpiegitura irisgarriak, seguruak eta iraunkorrak sustatuz, gaineratu dau.
Ana Rubio Andrés Gamiz-Fikako alkateak azpimarratu dauenez, hau guztia jorratzen aspaldi hasi ginan eta konpromisoa da gure herritarrentzat, beharrezkoa eta erronka garrantzitsua Gamiz-Fika eta Mungia arteko oinezkoentzako eta bizikletentzako konexinoa bermatzea, hori baita eskualdeburua eta oinarrizko zerbitzu asko eskaintzen deuskuna. Egunero autorik barik, oinez edo bizikletaz, Olagorta (Gamiz-Fika) eta Bolu baserria (Mungia) artean ibili ahal izatea, Iturbaltza zeharkatzen dauen bidegorriagaz lotuz, oinarrizko pasabidea da gure herritarrentzat.
Erabagi danez, jarduketak aldi berean egingo dira, arduradun tekniko bakar batek gainbegiratuta, eta horrek baliabide publikoak optimizetea ahalbidetuko dau. Esangura horretan, udal bietako ordezkariak izango dituan jarraipen-batzordeak proiektua zehatz gauzatzen dala jagon eta hartutako konpromisoak sasoiz eta behar bezela beteten dirala bermatuko dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!