Erakundeen kanpaina bateratua emakumeakanako indarkeriaren kontra

Bizkaie! 2022-11-15 08:27   Pil-pilean

Gizonei zuzendutako mezua da oraingoan.

Erakundeetako ordezkariak, kanpainearen aurkezpenean (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

EAEko erakunde publiko ugarik bat egin dabe aurten Emakundegaz, zemendiaren 25eko kanpainea atontzeko. Emakumeen kontrako indarkeriari ezetz esateko eguna da hori eta, urtero lez, erasoak salatu ez eze, mezu sendoa zabalduko dabe gizartean, andrek sufriduten daben indarkeria amaitzeko ahaleginean.

Gizonei zuzendutako kanpainea dakarre oraingoan, batez be, emakumeen kontrako indarkeria beti onartezina dala zalantzan jarri leikienei edo oraindino dudak dituenei. Zer ez dozu ulertu nahi? Bakarrik bai da baietz, dino leloak.

Kanpainearen aurkezpenean azaldu dabenez, ezetz esateko modu asko dagoz, baina bat bakarra ulertzeko. Jaurlaritzako Bardintasun sailburu Beatriz Artolazabalek dinoanez, indarkeria matxistea ez da emakumeen arazoa, gizarte osoarena baino. Eta, batez be, gizarte matxista batean sozializautako gizonena, maskulinidade modu bat ikasi daben gizonak.

Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean, Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak adierazo dau lan handia dagoala egiteko, jarrera batzuk aldatu eta emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazoteko bidean. Orain arte egin dan lana be ez dau ahaztu nahi izan: Atzera begiratu ezkero, egindako lan guztiak asko eta norabide egokian aurrera egin dogula erakusten deusku, baina etorkizunera begiratuta, oraindino be egiteko dagoan bidea ikusten dogu, pausu sendoak egiten jarraitu behar dogu.

Eusko Jaurlaritzeaz eta Bizkaiko Foru Aldundiaz gan, kanpaineagaz bat egin dabe Arabako Foru Aldundiak, Gipuzkoakoak eta Eudelek. Arlo publikoan zein pribaduan, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko inplikazinoa beharrezkoa dala adierazo dau Gorka Urtaranek, Eudelen batzen diran udal guztien izenean.

Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak erakunde publikoen arteko lankidetzea eskertu dau. Alkarlan hori gero eta indartsuagoa da, eta horren erakusgarri da Indarkeria Matxistearen Biktima diran Emakumeei Arreta Hobea Emoteko Erakundeen arteko III. Akordioa eta emakume biktimen espedienteak modu integratuan kudeatzeko lana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu