Izaskun Landaida: 'Indarkeriaren kontrako prebentzinorik onena bardintasunaren printzipioak barneratzea da'

Dabi Piedra 2016-11-21 08:59   Barriketan

Emakundeko zuzendaria

Emakumeen kontrako indarkeriari ezetz esateko eguna da zemendiaren 25a. Urtero legez, puntu lilea lau haizetara zabaltzeko deia egin dau Emakundek, izan be, emakumeek jasaten daben indarkeriaren auzian gizartean aurrerapusoak egin diran arren, oraindino bide luzea dago egiteko. Izaskun Landaida Emakundeko arduradunak azaldu dauenez, bardintasunean sakontzea da indarkeriari aurre egiteko bidea. Horretarako, ume eta gazteakaz lan egitea ezinbestekoa dala uste dau eta hedabideek be badaukiela zer esana.

 

1.- Zemendiaren 25a da emakumeen aurkako indarkeriari ezetz esateko eguna. Aurten ze mezu zabalduko dau Emakundek egun horren harira? Non jarriko dozue arretea?

Emakumeen kontrako indarkeria dala eta, guretzat beti da oso garrantzitsua zabaltzea honako mezua: emakumeen kontrako indarkeriak erro bat dauela, iturburu bat, eta hori gure gizartean egiturazko arazoa dan emakume eta gizonen arteko desbardintasuna dala. Lehen mezua beraz, indarkeria nondik datorren ondo zehaztea eta horri buruz sensibilizazioa egitea da. Atentzinorik onena eta era koodinatuan emon behar dogu baina, hau oso garrantzitsua izanda, ez da nahikoa bakarrik horretan geratzen bagara. Berdintasunean oinarritutako gizarte baten alde lanean jarraitu behar dogu. Eta bigarren mezua: Zein garrantzitsuak diran eguneroko jarrerak, eguneroko berbak, bardintasunean oinarritutako gizarte bat eregiteko. Martiaren 8ko kanpainan azpimarratu genduan neska eta mutil gazteei bidaltzen deutseguzan mezuen garrantzia, izan be, ohartu behar gara mezu horreek emakume eta gizonen arteko potere desorekea indartzen daben ala ez.


2.- Kanpaina bereziren bat abian ipiniko dozue?

Beldur Barik programea da garai honetan azpimarratzen doguna. Programa hau urtero egiten da gazteakaz, indarkeria sexista prebeniduteko asmoagaz. 2009an sortutako bardintasunaren aldeko euskal udalen Berdinsarea sarearen barruan. Emakundek antolatzen dau eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien zein Eudel-en laguntzinoa jasoten dau. Beldur Barik lehiaketea da programearen ekintza nagusietako bat. 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendua dago eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horreek erakutsi behar dabe zelan neskek eta mutilek desbardintasun egoerei aurre egiten deutsien. Hau da, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, alkarkidetzea eta indarkeria sexistearen bazterketa sendoa adierazoten dituen jarrerakaz.  Hilaren 26an Beldur Barik topaketea ospatuko dogu Urdulizen eta bertan hainbat gazte biltzea espero dogu. Guretzat oso garrantzitsua da gazteakaz lan egitea emakumeen kontrako indarkeria prebeniduteko.

Edozein kasutan, honeetan egunotan, bereziki puntu lilea erabilteko konbitea luzatzen dogu emakumeen aurkako indarkeriaren kontra gagozala adierazoteko. Sinbolo hau publikoan erakusteak beragaz dakar era honetako indarkeriaren kontrako konpromiso aktiboa.
 

3.- Badira urte batzuk azaroaren 25a gogoratzen dala. Zergatik da oraindino beharrezkoa holako egun bat?

Beharrezkoa da, oraindino be emakumeen kontrako indarkeria gure gizarteak dauen arazo estruktural eta lazgarri bat dalako . Eta beharrezkoa dalako sensibilizazinoan indarra egitea. Sensibilizazinoaren ondorioa da gero eta persona gehiago egotea emakumeen kontrako indarkeria bako gizarte baten alde zeozer egiteko prest. Estatistikak begiratzen badoguz eta aurreko urteetakoakaz konparau, orokorrean jatsiera bat egon dala esan geinke. Edozein kasutan, datuek adierazoten dabe lanean jarraitu beharra dagoala. Azpimarratuko neuke, orokorrean eta tolerantzia puntu horretara heltzeko asko faltau arren, aldaketak egon dirala eta azken urteotan esparru ugaritatik egindako lanari esker gizartea sensibilizatuago dagoala. Baina asko dago egiteko.


4.- Non eta zelan eragin behar da erasoak gitxitzeko?

Prebentzino lana oso garrantzitsua da eta prebentzinoa sensibilizazinoaren eta prestakuntzearen bitartez lortzen da. Emakundetik hainbat programa doguz martxan ildo honetan oinarrituta. Batetik, Gizonduz, gizonen artean maskulinidade barriak bultzatzeko ekimena. Bestetik, Nahiko, Lehen Hezkuntzako ikasleen artean zabaltzen doguna.  Beldur Barik gazteei zuzenduta dago eta Jabetuz, ostera, emakumeak artatzen dituen profesionalei. Begira batzordearen bitartez komunikabideakaz sinatutako kode deontologikoa be hor dago. Baina argi izan behar doguna da, balioak aldatu ezean ez dogula inoz lortuko indarkeria bako gizarte bat. Guztion inplikazioa ez badago ezinezkoa da. Guztion inplikazioa behar da, bakotxa bere eremuan, eta aurrera pausoak emoten segidu behar dogu balioen aldaketan.

5.- Aurtengo udan, batez be jaietan, eraso ugari izan dira. Bereziki jagon beharreko eremua da hori?

Jaiak lotuta dagoz balioen munduagaz, jaiek erreproduziduten ditue gizarte-ordena eta potere-harremanak. Beraz, bizitzan gertatzen diran bereizkeriak jaietan be izaten dira, batzuetan, modu ikusgarriagoan. Jaietan be islatu behar da bardintasunezko gizartearen aldeko burrukea, persona guztien eskubideak errespetetan dituan gizartea. Ez alkohola, ez jaia bera, ez dira atxakia emakumezkoen eta gizonezkoen arteko harremanak bardintasunezkoak ez izateko, emakumeak sexu-objektu legez tratetako, edo leku batzuetan emakumeak seguru ez sentiduteko. Oso inportantea da jarrera aktiboa izatea emakumeak errespetetan ez dituen edozein adierazpen fisikoren edo berbazkoren kontra. Eta inportantea da emakumeek jaia eta eremuak partekatzeko gizonezkoek daukien eskubide bera izatea. Dana dala, estatistikek dinoe salaketa kopurua bajatu egin dala. Gertatzen dana da ikusgarriagoak dirala eta erantzun soziala eta oihartzuna handiagoa dala, zorionez. Edozein kasutan lanean jarraitu behar dogula argi adierazoten dabe eta horregaitik Beldur Barik Gunea proiektua martxan jarri genduan indarkeria bako jai giroak sortzeko.


6.- Kasu batzuek arreta mediatiko eta sozial izugarria daukie (esaterako, San Ferminetako bortxaketek). Hori ona da?

Orain dala gitxi Kalea nirea da? Boterea, beldurra eta emakume gazteen ahalduntze estrategiak espazio publikoetan izenburuko ikerketea aurkeztu dogu eta bertan adierazoten da neskek mutilek baino arriskutsuago sentitzen dabela espazio publikoa eta honek ondorio emozional batzuk dituala. Ondorio zuzenak ditu euren askatasunean, mutilek daben murrizketa baino askoz handiagoa daukie. Neskak dira bildurraren sozializazinoa eta transmisinoa jasaten dabenak, batez be. Familian ipinten deutsiezen mugen bitartez, etxean esaten deutsiezen gauzen bitartez eta gizartetik jasoten dituen mezuen bitartez. Debatea, beraz, hor dago: Zelan berba egin emakumeek espazio publikoan jasaten daben indarkeriaz honeek indarkeria legez onartuak izan daitezan baina, aldi berean, ez daien ondoriorik izan emakumeen askatasunean eta beste indarkeria batzuen ikusezintasunean.


7.- Erasoen kontrako kontzientziazinoaren aldetik, gazteak zelan ikusten dozuz?

Gazteez berba egiten dogunean kolektibo anitza dirala autortu behar dogu eta danetarik dagoala. Emakundek urtero emoten dauen argitalpenen saria lortu eban Mari Luz Estebanek zuzendutako ikerketan aztertzen zan hori. Argi dagoana da lanean jarraitu behar dugula gazteakaz, zeren frogatua dago eurakaz lan egiten danean emoitzak lortzen doguzala.


8.- Jarrera egokiak lortzeko txikitatik eragin behar da. Eskola-umeakaz ze lan egiten dau Emakundek?

Lehen aitatu deutsut, Nahiko programea martxan dogu. Bardintasunez biziteko baloreak lantzen dituan tutoretza programea da. Horretarako, ikasleek sozializatzen dituen genero rolen azterketan eta giza eskubideetan oinarritzen da, eguneroko bizitzan eta harremanetan arretea ipinita. Helburuak honeek dira: Ikasle nesken eta ikasle mutilen arteko bizikidetzea eta harreman giroa hobetzea, bardintasunerako eta Giza Eskubideetarako hezitzea eta emakumeen aurkako indarkeria prebenidutea. Euren sozializazinoan zerikusia dauen guztiak garrantzia dauka eta hor familia, hedabideak eta abar aitatu behar dira.  


9.- Emakumeen kontrako indarkeria eraso fisikoakaz lotzen da sarri. Baina badagoz indarkeria klase gehiago, ezta?

Jakina. Ikusgarriena fisikoa da, baina min handia egin daiteke eraso fisikoetara heldu barik. Horrexegaitik beti esaten dogu oinarrian bardintasunik ez dagoala eta egoera horreek ondo identifiketan jakitea funtsezkoa dala. Garai barrietan gagoz eta, beste gauza batzuk aldatu diran moduan, emakumeen kontrako indarkeria be era sotilagoan agertzen da eta askotan ez da erraza lehenengo momentuan identifiketea. Mikromatxismoak hor dagoz, esaterako.


10.- Zer egin daiteke indarkeria mota ezkutuagoei aurre egiteko?

Lehenik eta behin, identifiketan lagundu. Askotan, indarkeria fisikoa ez bada, gatxago egiten da identifiketea. Beraz, garrantzitsua da emakumeek identifikau ahal izatea, adibidez, bere askatasuna kontroletan dauen gizon bat, azken finean, indarkeria erabiltzen dabilela.


11. -Indarkeria saihesteko aholku batzuen kontura, emakume batzuek salatu dabe ez dabela ikaraz ibili nahi, kaletik aske ibili nahi dabela. Emakundek zer dino horren ganean?

Beldur Barik da, hain zuzen, koordinatzen dogun programearen izena. Helburua horixe bera da: bildur barik ibili ahal izatea eta horregaitik emakume edo neska gazteen ahalduntzerako tresnak eskura jarten ahalegintzen gara. Baina, beste alde batetik, mutilei be mezuak zuzentzen deutseguz, maskulinidade ereduak zalantzan jar daiezen eta emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean jarrera aktiboa euki daien.


12.- Ze prebentzino neurri dira egokiak indarkeria saihesteko, emakumearen askatasuna mugatu barik?

Indarkeriaren kontrako prebentzinorik onena bardintasunean oinarritutako printzipioak danok barneratuta eukitea da. Bardintasunean oinarritutako gizarte batek emakumeen kontrako indarkeriatik libre dagoan gizarte bat eregiteko aukerea emongo deusku. Horretarako, danon inplikazinoa behar-beharrezkoa da eta pentsau behar dogu danok zeozer egin geinkela emakumeen kontrako indarkeriatik libre dagoan gizartea eregiteko. Badakigu oso zaila dala baina neurri handi baten geure esku dagoala esango neuke.  


13.- Hedabideok ze erantzunkizun daukagu indarkeria prebeniduteko edo horri aurre egiteko lanean?

Ba, hedabideen lana oso garrantzitsua da eta horregatik, hain zuzen be, lan egiten gabilz hedabideakaz Begira batzordearen barruan. Esan beharrik ez dago, publizidadea eta komunikabideak gure gizartearen balore aldaketen gizarteratzaile  garrantzitsuak dirala  eta, zentzu horretan, erabagigarriak dira bardintasunezko gizarte baterantz doan iritzi publikoa sortzeko orduan. Kode deontologikoa sinatu eben hainbat komunikabidek alkarlanean egin dogun lan honetan, eta alkarlanean jarraitzen dogu. Uste dogu hori dala bidea. Pixkanaka baina arlo batzuetan gauzak aldatzen doazala emoten dau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu