Eneko Pou: 'Momentu bikainean gagoz, indarrez eta motibazinoz'
2019-08-26 08:08 BarriketanEskalatzailea.
Perun ibili dira garagarrilean eta abuztuan Iker eta Eneko Pou anaiak, Andeetako Mendikate Zuriko hormak igoten. Pozarren bueltau dira handik, lau bide barri edegi dituelako, Manu Ponce sokalagun. Andean Kingdom bidea (800 m, 7a+), 5.686 metroko Cashan mendian, euren ibilbideko lorpenik handienetako bat izan dala adierazo dabe Pou anaiek eurek.
Indar guztia eta esperientzia zabala behar izan ditue Peruko erronkeari heltzeko. Ganera, momentu latzak pasau ditue, batez be, Ian Shwer eta Juan Pablo eskalatzaile galduen bila ibili ziranean. Erreskateak amaiera iluna euki eban, biak hilda agertu ziralako. Perun bizitakoaren inguruan egin deusku berba anaietako batek, Eneko Pouk.
1.- Andean Kingdom bidea zabaldu dozue Perun, eta dinozue zuen ibilbideko lorpenik handienetako bat dala. Zergaitik da horren berezia?
Zabaldu doguzan lau bideak desbardinak dira alkarren artean, beharbada ikusgarriena Cabeza Clava izan da, jenteari begietatik erraz sartzen jakozalako bertako kareharria eta amildegiak. Baina, gu, alpinistearen ikuspegitik, gai gara geure ibilbidean mugarri diran igoerak identifiketako. Kasu honetan, Andean Kingdom da mugarri horreetako bat: altuereagaitik (5.700 bat metro), lehenengo aldiz mendi haretako ipar isurialdetik igon ginalako, alde teknikotik oso gatxa dalako... ganera, egun bi pasau genduzan 7. mailatik gorako hormetan zintzilik. Horreek osogai guztiak koktelera baten sartu ezkero, gin-tonic ederrak urteten deusku! Gure ibilbideko erronka guztiak kontuan hartu ezkero, hau handienen artean dago.
2.- Zelan gogoratzen dozu igoerea?
Halako horma baten sartu aurretik, estiloa aukeratu behar da, ez da erabagi erraza eskalatzaileontzat, informazino gitxi daukagulako aldez aurretik. Guk aukera bi genduzan: egun bakar baten, bizkor-bizkor eta ekipamendu gitxiagaz; edo, bestela, egun bi horman pasetea. Bi egunekoa aukeratu genduan. Behin eskaladeari ekinda, erronka ederra izan zala gogoratzen dot. Uste genduan luze gatx asko ez zirala egongo, baina azkenean, lau-bost igon genduzan 7. gradutik gorakoak. Lo egiteko lekua be ez zan bape ona izan.
3.- Zelakoa izan zan gaua?
Ba pentsau, urtengune txiki bat aukeratu genduan lotarako, gaua ganera etorri jakulako. Eperdia ipinteko ozta-ozta egoan lekua, eta hankak zintzilik amildegian. Oso giro ona egon zan gure artean gau haretan, baina deskantsau, ez genduan bape deskantsau, nik lo gitxi egin neban, oso leku deserosoa zalako. Hori hurrengo egunean nabaritu genduan, indarrez makalago egon ginalako. Baina halako horma baten sartzen zarenean badakizu barruan dozun guztia emon behar dozula, zure konfort eremutik urrun ibiliko zarelako. Orduan, motibazino horri esker gainditu genduzan zailtasunak.
4.- Altuereak eraginik izan eban zuen jardunean?
Hori beste zailtasun bat da. Ez da bardin hemengo rokodromo baten eskaletea, Baltzolara joatea... edo han goian egotea. Dana bihurtzen da gatxagoa, oxigeno faltea igarri egiten da. Itsasoaren mailan erraz egiten diran gauzak oso gatxak dira 5.000 metroan. Ahalegina bikoiztu edo hirukoiztu behar dozu. Ganera, eskaletea ez da ibiltea, mobimendu esplosiboak beharrezkoak dira, eta altuereak ez dau bape laguntzen.
5.- Bidaia honetan zabaldutako azken bidean, Aupa Gasteiz! izenekoan, istripua izan zenduan: harri batek belaunean jo zintuan eta ospitalera bajatu behar izan zenduan. Kolokan egon zan espedizinoa?
Gu beti gara positiboak, egia da istripu galanta zala eta puntuak beharko nebazala, baina aurrera egitea erabagi neban. Odol askorik ez nebanez galdu, egun haretan bertan beste ordu batez edo biz eskalau genduan. Gero bai, Huarazera bueltan ospitalera jo genduan zuzen-zuzen, baina arrisku handirik ez neban ikusi, egun bakarra egin neban geldirik. Bidea amaitu nahi genduan, gitxi faltau jakun, eta lortu genduan.
6.- Lau horma zabaldu dozuez Andeetako horma ikaragarri eta bakartietan. Espedizinoaren hasieran espero zenduen halako emoitzarik?
Sorpresa polita izan da, egia esan, asko eskalau dogu, bide bikainetatik. Andean Kingdom, duda barik, horma interesgarria izan da gure ibilbidean, baina besteak be oso onak izan dira. Kontuan izan behar da, Mendikate Zurian zabaltzen diran harrizko bideen artean lehenengoetarikoak izan dirala, ze normalean, jentea tontor edurtuetra joaten da. Espedizino emonkorra izan da, kanpora urteten dogun bakotxean halako lau bide edegiko bagenduz... Uste dot gure ibilbidean momentu bikainean gagozala, lorpen aldetik zein motibazinoari jagokonez. Indartsu gagoz, eta esperientzia piloa dogu.
7.- Urteak joan eta urteak etorri, Iker eta zu beti alkarregaz ibilten zarie.
Bikote indartsua gara, bakotxak bere ezaugarriak ditu, baina gure sokadan ez gara protagonistak, ez bata ez bestea. Biak bat bagina legez da, alkarren osogarri gara. Horri esker, erronka politak egiten gabiz.
8.- Oraingoan, espedizinoaren zati handi baten, Manu Ponce alboan izan dozue. Zelan konpondu zarie hirurok?
Oso ondo. Manu Poncegaz eskaletan Lau Elementu proiektuaren bigarren erronkan hasi ginan, Perun, orain dala pare bat urte. Aurkikuntza polita izan zan, ze eskalada aldetik aportetan dauenaz gan, oso tipo ona da, oso positiboa, alaia eta umoretsua. Eskaladan, Iker eta biok konpondu gaitekez aurrera egiteko, baina espedizinoan behar dogu halako lagun bat, balio positiboak aportetan ditualako. Beti irribarrez dagoan gizona da, hori diruz ezin da pagau.
9.- Ian Shwer eta Juan Pablo eskalatzaileen erreskatean be hartu zenduen parte. Azkenean hilda topau zenduezen, hori da espedizino honetako puntu iluna.
Momentu gogorra izan zan, ze zoritxar asko pilotu jakuz azkenaldion. Suberte txarra izaten gabiz ezagutzen dogun jenteagaz, azken hiru-lau urteotan lagun bat baino gehiago hil jaku mendian. Badakigu gure kirol honetan lantzean behin pasetan dirala halako gauzak, baina azken hiru-lau urteotakoa bolada oso txarra izan da. Erreskate horrek barriro ekarri euskuzan gogora zoritxarrak, hildako lagunak... espedizinoko azken hamar egunak latzak izan ziran animo aldetik. Motibazinoa eta indar fisikoa bageunkazan, eta igon genduzan horma gehiago, baina buruz txarto genbizan.
10.- Alde positibora bueltauko gara. Irailean Himalaiara zoaze, zelako espedizinoa izango da?
Indiako Himalaiara goaz, hango zonalde bat aztertu nahi dogulako, egiteko gauza asko dagoz han. Esan deuskuenez, mendiko jarduerak larregi garatu barik dagoz parte haretan, Chamonix orain dala 150 urte zan modukoa ei da. Erronka ederra da, 4.000 eta 6.000 metro bitarteko mendietan horma asko dagoz igon barik. Horma handiak eta igoera alpinoak tartekatuko doguz. Motibazinoz ganezka gagoz.
Argazkiak Iker eta Eneko Pouk lagatakoak dira
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!