'Andean Kingdom' bide barria zabaldu dabe Pou anaiek Perun

Bizkaie! 2019-07-30 10:37   Kirola

Euren ibilbidean, goi mendiko lorpenik onena izan leitekela dinoe.

Pou anaiak eta Manu Ponce, 'Andean Kingdom' bidea edegi barritan | Ikusi handiago | Argazki originala

Iker eta Eneko Pou eskalatzaile gasteiztarrek barri onak bialdu ditue Peruko Andeetako Mendikate Zuritik. Orain arte inork igon bako horma baten bidea zabaldu dabe, Mendebaldeko Cashan mendiko mendebaldeko aldean hain zuzen. Egin kontu, tontorra 5.686 metroan dago.

Bide barriari Andean Kingdom izena emon deutsie, mendikateari eta lagundu deutsien agentziari erreferentzia eginaz. Estilo alpinoan, egun bi behar izan ditue bidea goraino zabaltzeko. Pou anaien arabera, 7a+ zailtasuna eta 800 m-ko eskaladea dira hormearen ezaugarriak. Eneko eta Iker Pougaz Manu Poncek be igon dau.

Kalidade handiko hatx granitikoa da nagusi horma horretan, baina alderdi teknikotik sano gatxa da. Ikaratzeko moduko momentuak bizi izan ditue, esate baterako, hirurentzako lekua ozta-ozta eukan urtengune baten erdi zintzilik lo egin ebenekoa. Bajatzeko be, bidea zabaltzen joan behar izan dabe, aurretik inor ez zalako tontor haren iparraldeko aldetik ibili. Ondo urten eban guztiak, zorionez.

Bagiletik Perun egiten dabizan egonaldia oso oparoa izaten dabil Iker eta Eneko Pourentzat. Aurreko egunetan, Huanka Punka mendiko (4.760 m) Cabeza Clava bidea (6c) edegi eben, eta aurretik beste igoera eder batzuk be egin ditue. Espedizinoan dana ez da poza izan, baina. Ian Shwer eta Juan Pablo eskalatzaileak bilatzeko erreskatean hartu eben parte Perun bertan, baina hilda topau zituen.

Hilabete luze daroe Perun Pou anaiek, baina momenturik aitagarriena Mendebaldeko Cashaneko bide hau edegi dabenekoa izan leiteke. Sare sozialen bidez zabaldu dabenez, euren ibilbideko lorpenik onena izan leiteke Andean Kingdom, goi mendiari jagokonez.

Urteotan pilotutako eskarmentua eta motibazino handi-handia ezinbestekoak izan dira helburua beteteko, Eneko Pouk Desnivel aldizkariari Perutik adierazo deutsanez: Zeozer handia egin dogu, eta badakigu.

Bestetik, gogoan izan behar da Iker eta Eneko Pou anaiakaz batera, Manu Ponce eskalatzaile murtziarra eta Alex Estrada kameralari peruarra dabizala espedizino honetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu