Beste horma bat igon dabe Pou anaiek Perun

Bizkaie! 2019-08-06 10:29   Kirola

Aupa Gasteiz! izeneko bidea 7c+ mailakoa da.

'Aupa Gasteiz' horman zintzilik (argazkia: Pou anaiak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Iker eta Eneko Pou anaiek Peruko Andeetako Mendilerro Zurira egindako bidaia luzea amaitzear dago. Azken egunak aprobetxauta, eskalatzaile arabarrek Llaca izeneko parajea bisitau dabe, han horma barriak topetako asmoz. Helburua bete-betean lortu dabe, goi mailako beste eskalada bat egin ahal izan dabe eta.

Kasu honetan, zailtasun tekniko eta kalidade handiko hormea igon dabe, 7c+ mailakoa eta bost luzetan egin beharrekoa (danetara, 160 metro). Hasieratik amaierara, ia zortzi graduko zailtasuneko hormea da, ez dauka leku errazik, eta hatxezko amildegi okertua izatea be kontuan hartzeko ezaugarria da. Aupa Gasteiz! izena emon deutsie bide barriari, Pou anaiak hangoak diralako.

Hormea igoten nahi baino egun gehiago pasau ditue, ezusteko batzuk tarteko. Lehenengo egunean, Iker Pouk nahi barik botatako harri batek Eneko jo eban belaunean. Inguruko ospitale baten lau puntu emon behar izan eutsiezan, eta hurrengo eguna geldirik pasau behar izan eban.

Perun egindako bidaiea Pou anaien ibilbideko esanguratsuenetako bat da. Izan be, Aupa Gasteiz! izeneko hau gasteiztarrek zabaldutako laugarren bidea izan da aste gitxian. Aurretik edegi zituen Burrito Chin de los Andes (6b/700 m), Cabeza Clava (6c+/470 m) eta, beharbada garrantzitsuena, Andean Kingdom (7a+, 800 m).

Manu Ponce eta Alex Estradagaz egin zituen lehenengo hiru igoerak. Aupa Gasteiz! izeneko azken hau, ostera, Pou anaiek bakarrik edegi dabe. Peruko abenturea amaituta, hurrengo espedizinoa daukie buruan Gasteizko eskalatzaile biek: Himalaiara joango dira irailean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu