Zeanurik eta Ubidek larreen inguruko bakea barriztauko dabe
2026-10-16 11:30 KirolaUdalbatzen batzarra eta Larreen Mankomunidadearen XIV. Zeharkaldia urriaren 17an egingo dira.
Hilaren 17an, zapatuan, orain dala 120 urte baino gehiagotik urtero errepetiduten dabenez, Zeanuriko eta Ubideko Udalek larreen mankomunidadeko kontuen kitapena egin eta bakea barriztauko dabe. Batzar hau aprobetxauta, Zeanuri-Ubide Larreen Mankomunidadearen XIV. Zeharkaldia egiteko aukerea be eskainiko da. Zeharkaldia Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Ondarearen Europako Jardunaldien — Gure eskuetan, lelopean aurten— egitarauaren barruan sartu da. Ibilbideak Erdi Aroan Bilbo eta Gasteiz lotzen zituan errege bidea jarraitzen dau: bidarri horretatik igaroten ziran Bizkaiko itsasportuetara eta Gaztelako barrualdera joiazan personak eta merkantziak.
Orain dala gizaldi bat baino gehiagotik Zeanuriko eta Ubideko Udalak batzen dira, urte batean udaletxe batean eta hurrengoan bestean —hasieran bide erdian, Barazarko mendatean, batzen ziran— udalerri bakotxean izena emondako abelburuen zenbakiak aurkezteko eta kontuak egiteko. Urtero errepetiduten dan ohiturea eta betebeharra da. Antza danez, batzar horren zergaitia, bazka-larreen aprobetxamenduaren inguruan udalerri biek gizaldietan —gitxienez XVI. gizalditik— izandako ailegoei amaierea emoteko adostutako akordioa da.
12 kilometroko ibilaldia
Larreen mankomunidadearen batzarra aprobetxauta, Zeanuri eta Ubideko Udalek eta Zeanuriko Joko Alai, Gorbeia Suzien, eta Ubideko Amexier eta Uidestroi alkarteak Zeanuritik Ubidera doan zeharkaldia atontzen dabe, Gasteiz eta Bilbo lotzen zituan Erdi Aroko galtzadea edo errege bidea jarraituz. Oinezko martxa honegaz hiru helburu nagusi finkatu ditue atontzaileek: alde batetik, Zeanuriko eta Ubideko Udalek larreen mankomunidadearen inguruan urtero egiten daben batzar historikoa ezagutzera emotea eta balioestea; bestetik, zeanuriztarrei zein ubidarrei zein bisitariei udalerri bietako ingurumariak —eta Ubidetik eta Zeanuritik igaroz Gasteiz eta Bilbo lotzen zituan Erdi Aroko galtzadea— ezagutzera emotea; eta azkenik, Zeanuriko eta Ubideko herritarren arteko hartu-emonak sendotzea.
Urteerea Zeanuriko plazan, udaletxearen aurrean, izango da goizeko 10:00etan. Plazan hasi eta Undurragako urtegiaren ertzetik jarraituko dabe Ipiñabururantz zuzentzeko; hemendik Saldropora igongo dabe eta ordurako Saldropoko zelaikadan, Lapursasitik Otzarretako pagadi ospetsuaren ondotik igaro eta Ubiderantz jo; azken txanpa honetan galtzadearen aztarnak argi eta garbi azaltzen diran tarte batetik ibilteko aukerea izango dabe parte-hartzaileek, azkenik Ubideko plazara heltzeko. Zeharkaldi osoa hamabiren bat kilometro ingurukoa da baina seguru hitzorduari erantzutea mereziduko dauela, Ubide eta Zeanuri lotzen zituan galtzadea eta bere inguruan azaltzen dan ondare naturala eta historiko-etnografikoa ezagutzeagaz batera, udagoinean natureak azaltzen dauen koloreen sinfoniaz gozetako aukerea izango dabe eta.
Ibilaldiari amaierea emoteko 13:00ean, Zeanuriko eta Ubideko zinegotziak batzartu egingo dira Ubideko udaletxean eta gura dauenak 10 bat minutuko batzarrean egoteko aukerea izango dau; bilera horretan alkateek udalerri bakotxean izena emon daben abelburuen zenbakiak aurkeztuko ditue eta zinegotzi guztiak bilera-agiria sinatu ostean, danak batera bazkaltzera joango dira. Datorren urtean gauza bera egingo da, baina Zeanuriko udaletxean, eta bazkaria ordaintzea be zeanuriztarrei egokituko jake.
Larreen Mankomunidadearen XIV. Zeharkaldia
* Eguna: Urriaren 17an, zapatuan.
* Izena-emotea: Zeanuriko plazan, debalde.
* Autobus zerbitzua (debalde): * 09:00etan: Ubideko plazatik Zeanurira, ubidarrak edota Ubiden kotxea ixten dabenak Zeanuriko abiapuntura eroateko. Debalde.
* 14:30ean: Ubidetik Zeanurira, zeanuriztarrak edota Zeanurin kotxea itxi dabenak eroateko. Debalde.
* Urteerea: 10:00etan, Zeanuriko plazan.
* Ibilbidea: 12 kilometro inguru. Ordu bi eta erdi inguruko iraupena, martxa lasaian.
* 13:00ean, Ubideko eta Zeanuriko Udalbatzen batzarra Ubideko Udaletxean 2024ko bazka-larreen mankomunidadearen kontuak egiteko eta bilera-agiria sinatzeko.
* Gorbeialdek tiketak banatuko ditu parte-hartzaileen artean, Ubideko tabernetan pintxopotea edo dana dalakoa doban konsumidu ahal izateko.
* Atontzaileak: Ubide eta Zeanuriko udalak, Joko Alai, Gorbeia Suzien, Amexier Mendi Taldea eta Ubidestroi alkartea.
Ubidestroi.
* Laguntzaileak: Gorbeialde Landa Garapenerako Elkartea eta Arratiako Gurutze Gorria.
* 1926ko Larreen Mankomunidadeko Kontuen Likidazinoaren aktearen faksimila banatuko da zeharkaldiko parte-hartzaileen artean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
