Eider Rodriguez: 'Jente arrunta baino gauza arraroagorik ez da'

Dabi Piedra 2018-10-22 08:02   Barriketan

Idazlea.

2018ko Euskadi Literatura Sarietan bi aldiz irabazi dau Eider Rodriguez idazleak. Zehatz esanda, kategoria bitan saritu dabe: Euskerazko Literatura atalean, Bihotz handiegia ipuin-liburuagaitik; eta Ume eta Gazte Literaturea atalean, Santa familia komikiagaitik. Urte berean Euskadi Sari bi irabazi dituan lehenengoa da.

Saria bi bidar irabazteak eragindako harridurea pasauta, Rodriguez pozik agertu da bere lanari egindako autortzeagaitik. Euskerazko komikigintzeari bultzadea emongo deutsala espero dau, irakurleakana heltzea kostau egiten jakon generoa da eta.

 

1.- Lehenengo aldiz irabazi dau idazle batek Euskadi Sarietako kategoria bitan, urte berean. Zer pentsau zenduan bigarren aldiz deitu eutsuenean?

Egia esan, harridura handiz hartu neban bigarren hori, ez neban espero ezelan be. Pentsau neban brometan ebizala. Pozez hartu neban, baina arraro be bai, sinistea kostau egin jatan.


2.- Honek fokupean jarriko zaitu: Kazetariak, irakurzaleak... zure atzetik. Eroso sentiduten zara arreta hori guztia zuregan dozula, ala nahiago dozu isilpean lan egin?

Bigarrena nahiago. Nire kasuan, ez jat begitantzen modurik onena lan egiteko fokupean egotea. Nik isiltasuna behar dot, horregaitik, saria jasotean pixka bat blokeau nintzan. Ondo dago sariak jasotea, jakina, Santa familia liburuaren kasuan, ganera, komikigintzeari mesede egiten deutsalako. Baina, bestetik, idazteko ez dot uste arreta hori konpainia ona danik.


3.- Animoa edo bultzadea, behinik behin, emongo deutsuz.

Bai, bai, badauka parte hori. Beste jente batek ezagutzen zaitu, zelanbaiteko errekonozimendu bat da egindako lanagaitik. Lehenengo sariagaz poza hartu neban, ipuingintzearen generoa saritu ebelako, eta nik urte asko daroadaz ipuinak idazten. Komikiaren kasuan, lehenengo aldia izan da Xabiroirentzat gidoiak egin dodazana. Komikigintzan gauza luze xamar bat egin dodan lehenengo aldia da eta oso ondo pasau dot. Ondo pasau idazten eta jenteari gustau, zer gehiago eskatu neike.


4.- Istorio laburrak idazten eroso sentiduten zarela garbi dago, Bihotz handiegia eta aurretik idatzi dozuzan beste liburu batzuk ikusita.

Tamainu hori asko gustetan jat, gero ipuinen artean tamainu asko dagozan arren. Neure ahotsa jarteko lekua topau dot ipuinetan, nire istorioentzako edukiontzi ona da. Hasieratik hona, uste dot garapen bat izan dodala, idazketan, hau da, ez dot uste beti ipuin bera idazten nabilenik, generoak aukera asko emoten ditualako, diferente lan egin, esperimentau eta ikuspegi desbardinetatik heltzeko. Ez dakit aurrerantzean holan segiduko dodan ala ez, baina estimu handia deutsadan generoa da.


5.- Bihotz handiegia irakurri ezkero, ikusten dogu bertako ipuinetako protagonistak jente arrunta dirala, eguneroko egoera gatxen aurrean zalantzaz beteak. Istorioak eregiteko abiapuntu ona da egunerokotasuna?

Niretzat, jente arrunta baino gauza arraroagorik ez da. Istorioak kontetako eta bizitzeari neurria hartzeko ez dot harago joan beharrik izan orain arte. Ideologia aldetik be, jente arruntari buruz idaztea gustuko dot, hor badago aukera bat: Anbizino txikiak dituan jentea, gure hurrekoak diranak agertzea. Nire ardurea edo gogoa beti izan da nire inguruko hori berbetara ekartea. Nik ez dot ikusten neure burua urruneko mundu baten kokatuta, ez dakit zenbat mende aurrerago edo atzerago... beharbada egunen baten horretaz be idatziko dot, baina momentu honetan, topetan dot zer kontaua inguru honetan.


6.- Irakurlea pertsonaien gorabeherakaz identifikauta sentidutea bilatzen dozu?

Beharbada ez da bilatzea, baina badaukat gogoa erakusteko zer dan jazoten jabilkun hau, modu kolektibotik: Gure garaia zer dan, zelan bizi garen, zer jazoten jakun eta abar. Horretarako, ezinbestean, jentearen bizitza zatitxuak kontau behar dodaz, eta horrek erraztu egiten dau identifikazinoa. Batzuek literaturara joten dabe abenturak bizi izateko, urruneko munduetan ibilteko, entretenimendu bila... ez dot uste nik egiten dodanak horretarako balio dauenik. Norberaren edo ingurukoen bizitzearen zati bat islatuta ikusteko balio dau gehiago, hori da ni bultzatzen nauena, ez dakit oso ondo zergaitik.


7.- Santa familia-n be, egunerokotasuna da abiapuntu, familia bat dalako ardatza. Familia bera, iturri ona da literaturarako?

Niretzat bai, familian jazoten diran ezin kontau ahala gauza txiki horreek guztiak, normalean oso barregarriak izaten diranak, argitara atera behar dira, hor badago harrobi bat. Jenteak pentsetan dau bere familian baino ez dirala pasetan halakoak, baina familia askotan errepetiduten dira. Euskal familiek joko handia emoten dabe horretan, hori astintzea gustuko dot. Kanpotik horren garbia emoten dauen egitura horren barruan dagoana ikustarazotea. Santa familia-ren kasuan, umoretik kontau dot.


8.- Esan izan dozu, zure ustez familia estadu txiki baten modukoa dala. Zer dala eta?

Badago parekotasun bat familiaren eta estaduaren artean. Azken baten, familia egitura sozial bat da, bere mugak, agintariak, gatazkak, su-etenak, errelatoak eta justiziaren zentzuna ditu. Estadu bat da familia, baina maila nanoan. Muga horreen barruan gauza kuriosoak pasau leitekez, eta nerabe baten begietatik kontau dodaz nik. Irakurleak zera pentsetea bilatu dot: Nire familia halakoa da, arau honeek ditu, bertako errelatoaren barruan hau naz ni, baina bene-benetan, nor naz ni eta zertarako nago hemen?. Galdera horreek ezinbestekoak dira, nerabezaroan eta ondoren be bai. Askotan bizkorregi erantzuten doguz, komiki honen asmoa bada irakurlea erantzutera edo gogoetea egitera eroatea, zertarako nago ni munduan?.


9.- Gai pisutsuak dira, baina gazteen hizkerara egokitu behar izan dozuz. Zeregin gatxa izan da?

Hasieran kostau egin jatan, baina kapitulurik kapitulu joan nintzanez egiten, eten barik kontrastetan joan naz Julen Ribasegaz eta Dani Fanogaz. Tonu aldetik bizkor harrapau neban zelan egin. Zalantza gehiago sortu jatazan, ia istorioak balioko ete eban gazteentzat. Nik ondo pasetako istorio bat idatzi nahi neban eta nire edadekoek irakurri ahal izateko modukoa. Egin nahi izan dot, gazteentzat bai, baina ondoren irakurteko modukoa be bai.


10.- Saria zuri emon deutsue, baina Santa familia talde lanaren emoitzea da.

Duda barik, hori oso presente daukat. Gatxa da testua eta irudia bereiztea komiki baten, baina sariek badabe beti injustizia parte bat, eta kasu honetan be badago. Testua Julen Ribasen marrazki barik irakurri ezkero, seguruenez ez eban funtzionauko. Julenegaz alkarlanean, lana aberasten joan gara, testuari bizitzea berak emon deutso.


11.- Euskerazko komikigintzan egiten dan ahalegina gizarteratzeko balioko dau Euskadi Sariak?

Nahiko neuke, ze sekulako ahalegina egiten da, askotan modu prekarioan. Holako sariek balio leikie bultzadatxua emoteko euskerazko komikigintzeari eta, batez be, Xabiroiri. Poz handia hartuko neuke hala balitz, ze ez da erraza mundu horretan aurrera egitea. Danik [Dani Fano, Xabiroiko arduradunak] esaten eustan, ikusiko dozu, kostau egingo jaku komikia mobidutea, gatxa da, eta egia da, nabaritu dot hori. Ez dago ohiturarik, edo dana dalakoa, baina komikiak zabaltzea gatxa da. Ona litzateke sari honek bultzadea emongo baleu, komikiaren esparrua zabalduko balitz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu