Eider Rodriguezek beste Euskadi Literatura Sari bat irabazi dau
2018-10-17 13:40 KultureaUme eta Gazte Literatura atalean saritu dabe; Karmelo Iribarren, Kepa Altonaga eta Irene Aldasoro be irabazleen artean dagoz.
Ez da bape ohikoa Euskadi Literatura Sarietan, urte berean idazle bakarrak atal bitan irabaztea. Zazpi modalidade dagoz eta, normalean, beste horrenbeste irabazle egoten dira. Aurtengo edizinoan, baina, Eider Rodriguezek sari bi eskuratu ditu: Orain dala aste batzuk iragarritako Euskerazko Literatura atalekoa; eta gaur jakin eragindakoa, Euskerazko Ume eta Gazte Literaturea atalekoa.
Helduen literaturan Bihotz handiegia lanari esker irabazi eban Rodriguezek, eta, gazte literaturearen atalean, Santa Familia komikiak ekarri deutso saria. Julen Rivas marrazkilariak be hartu dau parte liburu horretan eta, hortaz, Rodriguezek gogoan hartu dau haren lana, Euskadi Sarien barri emoteko agerraldian. Xabiroi proiektua be txalotu dau, euskerazko komikigintzearen alde egiten dauen apustuagaitik.
Santa Familia komikiaren ardatza familia da, Rodriguezen arabera: Familia harrobi ona da literatuan, estatu nano baten modukoa dalako, bere ohitura eta errelatoakaz. Kasu honetan, gurasotasunaren eta nerabezaroaren inguruan idazteko erabili dau liburua.
Epaimahaiak holan laburtu dau Eider Rodriguezen meritua: Gaia ikuspuntu original batetik jorratzen da, familiaren kritika zorrotza bitarteko. Zuzenkeriei iges egiten deutse autoreak, epaimahaikoen ustez, eta haren teknika literarioa be nabarmendu dau.
Bilbon egindako agerraldian, Eider Rodriguezegaz batera, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua egon da. Baita Euskadi Sarietako beste hiru modalidadetako irabazleak be, hau da, Karmelo Iribarren, Kepa Altonaga eta Irene Aldasoro. Beste hiru kategorietako saridunen barri orain dala aste batzuk emon eben.
Karmelo Iribarren donostiarrak Gaztelaniazko Literatura ataleko Euskadi Saria irabazi dau, Mientras me alejo poema-liburuari esker. Pozik eta harrituta agertu da Iribarren, poesia ez dalako era honetako lehiaketetan sarri saritzen. Liburuan, bizitzeari begiratua egin deutsala dino, literaturan ohikoak diran gaien bidez, eta persona normal baten ikuspegitik.
Iribarrenen arabera, aurretik idatzi dituan liburuek baino hari garbiagoa dauka honek, urtaroen arabera antolatu ditualako olerkiak. Eguraldia asko aitatu izan dot beti neure testuetan, zehaztu dau. Epaimahaiaren esanetan, liburuak bikaintasunez irudikatzen dau idazlea, eta irakurle barriek autore donostiarra ezagutzeko lehenengo testua edo bere zaleentzako kapitulu barria izan leiteke.
Kepa Altonagak, ostera, Euskerazko Saiakera atalean irabazi dau. Argentinan Euskal Herri barri bat sortu nahi izan eben aitzindarien ibilerak eta gorabeherak batu ditu, biologiagaz lotutako zertzelada batzukaz batera, Patagoniara Hazparnen barrena liburuan. Liburuak arrazoi nagusi bigaitik idazten dituala azaldu dau Altonagak: Dibulgazinoagaitik eta prosa egokia topetako.
Euskal Herritik kanpora joandakoei presentzia emoten deutse liburuak, epaimahaiaren esanetan, idazketa samurra, arina, estilo freskoa eta dinamikoa dau, baina mamintsua da. Bizkaieratik hartutako berbak eta joskerak zelan sartu dituan azpimarratu dabe epaimahaikoek.
Azkenik, Emily Brontë ingelesaren Gailur ekaiztsuak itzuli dau Irene Aldasorok, eta Euskerazko Literatura Itzulpena ataleko saria emon deutsie horri esker. XIX. mendeko literaturearen mugarri dan liburu hori euskeratzea lan gogorra izan dala azaldu dau Aldasorok, batez be hasierako esaldiak eta orrialdea itzultzea neketsu egin jakon. Halandabe, Gailur ekaiztsuak modu zoragarrian kontautako istorioa dala dino itzultzaileak, indar ikaragarria dauena.
Esaldi luze eta gatxak euskeratzeko orduan Aldasorok izan dauen trebetasuna nabarmendu dau epaimahaiak, hizkera bizi eta sinisgarri baten alde eginaz. XIX. mendeko Yorkshire-ko istorioa XXI. mendeko irakurle euskaldunarentzat gozagarri egitea lortu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!