Familientzako Zirkua Bilbon, BBK Salan

Bizkaie! 2025-12-04 08:39   Kulturea

Hogeita hamar bat ikuskizun eskainiko ditue abenduaren 16tik 30era.

BBK Banku Fundazinoak dagoeneko erabilten ez dituen jostailuak ekarteko deia egin deutse Bizkaiko familiei, holan jaiegun jasangarriagoak sustatzeko eta gure konsumo-ohiturak birpentsetako.

Kontuak kontu, BBK Sala hurbileko zirku bihurtuko da Gabon honeetan. Bilboko Kale Nagusiko aretoaren barrualdea berratondu eta apainduko da, zirku klasikoen giroa berreskuratu eta barruan karpa bat birsortzeko. Bertan, Jostailuen zirkua - El circo de los juguetes ikuskizuna bizi ahal izango da. Familientzat da eta doban. Txikiak eta nagusiak hunkituko dituen malabarak, magia, umorea eta gure konsumo-ohiturei buruz gogoeta egiteko konbita egiten jake interesdunei, aurreratu dau Nora Sarasolak, BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak, bera baita zirkuaren berezko ilusinoa uriaren erdira eroango dauen proposamen barritzaile honen sustatzailea. Danetara, hogeita hamar bat ikuskizun eskainiko dira, eta horretarako eskuragarri dagoz online, BBK Salaren webgunean. Dobako 6.000 plaza inguru.

Gabon honeetan, jostailuek bizitza barri bat nahi dabe. Zureek be bai goiburu hori abiapuntu hartuta, armairu batean ahaztutako jostailu batzuen istorioa kontauko dau ikuskizunak. Jostailu horreek, umeen arretea erakarteko, zirkua sortuko dabe, euren talentua erakusteko eta objektu guztiek bigarren bizialdi bat izan leikiela gogoratzeko. Holan, jostailu horrrek Jostailuen zirkuaren pistara salto egingo dabe, hainbat zirku-arlotako saioak bat eskaintzeko: clown (Maite Guevara), magia (Andoni Martínez de Ustaran), funanbulismoa eta kable gaineko orekak (Garazi Pascual Esnaola), led argizko hula-hoopak (Mailen Mansilla), malabarak (Tuki Mezzotero) eta akrobaziak (Blito Caneca eta aitatutako Mansilla eta Mezzotero). Gainera, aurkezle bi izango dira (Ana Otxoa eta Mikel Pikatza), eta horreek publikoari ondoetorria egin eta harmailetara sartzen lagunduko deutse.



Mailén Mansilla. 

Esperientzia osoak ordubete inguruko iraupena izango dau eta elebiduna izango da (euskeraz eta gaztelaniaz). Eta BBK Salako sarrera-hall edo atondoan bertan hasiko da, gaia bigarren bizitza baten bila zirku bat sortueben jostailuen istorioa izango dalarik. Han bertan, ikuskizunetik urteeran, publikoak ipuinaren ale bat hartu ahal izango dau etxera eroateko oroigarri lez. Aretoaren barruko auditoriumean, besaulkiak baztertu egingo dira, espazio gehiago izateko. Leku hori zirku bihurtuko da, eta publikoak artistakazko hurbiltasun bereziaz gozau ahal izango dau bertan. Hainbat lerrotako harmaila bat jarriko da zirkuluerdian (200 persona baino gitxixeagorentzat), erdiko pista zirkular bat ezarriko da espazio eszenikoa mugatzeko, eta bonbila eta banderatxoen zerrendak erabiliko dira benetako zirku-karpa baten azpian gagozanon ilusioa sortzeko.

Ikuskizun entretenigarria eta edozeinentzat saio egokia eskaini nahi dogu, baita Gabonak zelan ospatzen ditugun eta begirada kontzienteagoan oinarrituz gozetearen garrantziaz hausnartzeko gune be, Sarasolak zehaztu dauenez. Horregaitik, ikuskizunaren beraren istorioaz gan, Jostailuen zirkua - El circo de los juguetes ekimenak gerturatzen diran Bizkaiko familia guztiei zuzendutako ekintza parte-hartzailea proponiduko deutse: erabilten ez dituen baina egoera onean dagozan jostailuak, liburuak, mozorroak zein bestelakoak ekartea, Gabonetan bigarren bizialdi bat izan deien. Horretarako, sarreran batzeko gunea egongo da: jostailuak oso sinbolo indartsuak dira eta baliabideak balioestearen garrantziaz, jasangarritasunaz eta alkartasunaz berba egitea sano garrantzitsua da. Ospatzeko beste modu batzuk badagoz eta ohikoak bezain hunkigarriak baina arduratsuagoak direla erakutsi gura dugu, nabarmendu dau BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu