EHUk 40 lan barri eroango ditu Durangoko Azokara
2025-12-03 12:57 KultureaHorreetatik 30 euskera hutsean.

Betiko lez, Durangoko agertokira euskerazko liburuz ganezka joango da EHU, euskerazko edo euskal kultureari lotutako 40 lanekaz, horreetako 30 euskeraz idatzitakoak. Durangon plazaratuko dituen lanetako bederatzi unibersidadeko eskuliburuak izango dira, horreetako bi Udako Euskal Unibersidadeagaz (UEU) alkarlanean argitaratuak: Euskal gizabidearen emarian, Jon Mentxakatorre Odriozola eta Andoni Eizagirre Eizagirre; eta Asier Barandiaran Amarikaren Amerika eta diaspora euskal literaturan. Hamalau monografia barri eroango ditue Azokara eta serie eta bildumetan argitaratutako hamabost lan barri.
Era berean, aldizkari zientifikoen azken zenbakiak be eroango ditue unibersidade publikoak Durangora: Ekaia (Zientzia eta teknologia) aldizkariaren 47. zenbakia eta ale berezia; eta Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio Urquijo (Euskal Filologia, hizkuntzalaritzea eta literaturea) aldizkariaren 58-2 zenbakia.
Ondoko lau argitalpen honeen aurkezpenak be egingo ditu EHUko Argitalpen Zerbitzuak Durangoko Azokan:
- Abenduaren 5ean, 19:30ean, Euskal Literatura sailean argitaratu dan Ahotsak gorpuztuz. Euskal emakumezkoen literatura (1970-1985) liburuaren aurkezpena egingo da. Liburuaren editoreak Jon Kortazar Uriarte eta Paloma Rodriguez Miñambres izan dira. Argitalpenak euskal emakumezkoen literatureari buruzko azterketea eskaintzen dau, kontuan hartuta 2018 eta 2022 urteen artean euskal emakume idazleek lau aldiz irabazi ebela sorkuntzako Euskadi Saria.
- Abenduaren 7an, 13:30ean izango da UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak Mikel Laboa Katedra bildumearen barruan argitaratu dauen Joseba Sarrionandiaren literatura. Bitakora kaiera lanaren aurkezpena. Lan horren editoreak izan dira Nerea Eizagirre Telleria eta Mikel Ayerbe Sudupe. Joseba Sarrionandiaren literatura-sorkuntzearen ganeko lan monografikoa da.
- Abenduaren 7an, 19:00retan egingo da Jose Manuel Gutierrez Bastidak editau dauen Hezkuntza ekosozialeko hiztegia liburuaren aurkezpena. 2022an sortu zen Hezekos (HEZkuntza EKOSoziala) Alkartea, ekodependentziaz eta interdependentziaz jabetzen diran hainbat persona aktibok osotua. Alkartearen helburua da euskal gizartean hezkuntza ekosoziala aldarrikatzea, sustatzea eta jorratzea; eta testuinguru horretatik sortu da hiztegia.
- Abenduaren 7an, 19:30ean egingo da Naiara Bilbao-Quintanak, Arantzazu López de la Sernak eta Urtza Garay Ruizek koordinau daben Ikaslab: etorkizuneko ikasgelaren kontzeptualizazioa eta garapena Euskadin liburuaren aurkezpena. Ikas-espazioak hezkuntza-barrikuntzako prozesuen funtsezko atal bezela birpentsatzeko beharretik sortu dan lana.
Argitalpen batzuk bakarrik aitatu arren, Durangoko plazan liburu gehiago topau ahal izango dira, besteak beste: GATEPACeko Ipar Taldea. Inguruabar politikoak (Lauren Etxepare Igiñiz – Arte Textos seriea.), XX. mendeko euskal pensamendua Jose Azurmendiren talaiatik (Pako Sudupe Elortza-Filosofia seriea), Kultura gerra zibilean (1936-1939) (Patxi Juaristi Larrinaga eta Beatriz Zabalondo Loidi (koord.) – Gabriel Aresti Katedra bildumea), Liburu artean ibiltzea. Irakurketa literarioa eskolan (Teresa Colomer Martínezen lanaren itzulpena), Komunikazioa irakaskuntzan: ikerketa eta jardunerako proposamenak (Maria Victoria Unamuno Garate eta Lorea Unamuno Goiriena).
EHUk argitalpengintzeari egiten deutson ekarpenaren adibide bezela, aurton argitaratutako argitalpen batzuk baino ez dira aitatu. Baina horreek eta askoz gehiago ikusi, usaindu, probau eta ikutu ahal izango dira azokan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
