Irati Bazeta ilustratzaileak ‘Harien isla’ izeneko erakusketea aurkeztu dau

Bizkaie! 2025-12-05 14:41   Kulturea

Urtarrilaren 7ra arte egongo da ikusgai.

Irati Bazeta ilustratzaile abadiñarrak irabazi eban 2024ko Durangoko Azokaren Sormen Bekea, Harien isla izeneko proiektuagaz. Margogintzan oinarrituta dago haren lana; dozena bat pieza sortu eta gaur jarri dira ikusgai Durangoko Museoan (Atartea Gunea), 60. Durangoko Azokearen barruan. Inaugurazino ekitaldian Garazi Arrizabalaga museoko zuzendaria, Gotzon Gomez Gerediaga alkarteko presidentea eta Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea izan dira, Bazetagaz batera. Erakusketea urtarrilaren 7ra arte egongo da ikusgai.

Bazetak adierazo dauenez, margogintza umetatik landu izan dodan zerbait da eta bekearen deialdiaz jakitean aurkeztea erabagi neban. Nor da euskera jentea? Zer dakar euskera jentea izateak? Ba al dogu euskera jentea garenaren konzientziarik? Euskeraz bizi edo euskereara heltzeko danok baliabide berak al ditugu? Zein egoeratan sentidu dogu hizkuntza estresa? Hainbat galderatan oinarri hartuta landutako proiektua da.

Haria, ehun baten albainu luze eta meharra, josteko erabiltzen dana 

Harien Isla lanaren helburua intersekzinonalidadea tresna analitiko kritikotzat hartuta euskera jentea osotzen daben askotariko errealidadeak adierazotea da, hariak eta egiturak ikusarazotea, botere sistemez gogoeta eginez.

Ezagutza kokatuan oinarrituta dago lana, ezagutza bat testuinguru xehero batean jorratua eta erabilia da, leku, kulturea, esperientzia edo komunidade jakin bati lotuta; kasu horretan, egilearenari. Ikuspuntua adierazotea ezinbestekoa da, neutraltasuna ez baita existiduten eta bakotxak bere errealidadetik, baldintzetatik eta ideetatik ekiten deutso sorkuntza lanari.

Sorkuntzearen bidez gogoeta sustatu gura dau Harien Isla proiektuak. Horregaitik, lanek, berbek zein galderek ikuslea ispiluaren aurrean jarri gura dabe, erakusketa gogoetarako espazio konbertidu eta ikusleek horreen hausnarketak partekatu deitezan ibilbidean zehar. Errealidade konplejuak harilkatuz, begirada propioa aktibetako gonbita luzatu gura dau, elkarrizketa eta parte-hartzea erdigunean jarriz.

Aurtengo deialdiaren emoitza, abenduaren 8an

Bestalde, aurtengo Sormen Bekaren proiektu irabazlea abenduaren 8an emongo da jakitera, 10:00etan Ahotsenea Literaturan (Musika eskolan) egingo dan sari-emote ekitaldian. Komikigintzeari lotutako deialdia izan da aurtengoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu