Poesiako Lauaxeta Saria Ane Labaka Mayozek irabazi dau 'Hezur berriak' lanagaitik
2025-12-02 10:27 KultureaElena Sanchez Fuertesek eroan dau saria Epilogorik gabe poema bildumeagaitk.
XXI. edizio honetan Lauaxeta saria Ikus-entzunezkoen kategorian aurten ex aequo emon jake Inge Mendioroz Ibañezi Lurdes Iriondo, ez gara alferrik pasako dokumentalagaitik eta Oier Plaza Gartziari Popel dokumentalagaitik.
Benito Lertxundiren eta Jose Angel Irigarairen Bizkaia maite abestiak jaso du 2025eko Ohorezko Lauaxeta saria, euskal kulturari egindako ekarpenagaitik eta horren bitartez biek gure lurraldearen irudia mundu osora zabaldu dabelako. Zoritxarrez egileek ezin izan eben hitzorduan parte hartu eta Olatz Zugastik, Benito Lertxundiren emazteak, jaso eban saria bien izenean. Zugastik artista bien esker oneko mezua helarazo eta abesti honen inguruko hainbat pasadizo eta gomuta konpartidu zituan.
Elixabete Etxanobek, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, eta Leixuri Arrizabalagak, Euskera, Kultura eta Kiroleko foru diputaduak emon ditu 2025 Lauaxeta Sariak Bizkaiko Foru Jauregian egindako ekitaldian. Sari honeen helburua bereziki Bizkaian eta, oro har, munduan euskerearen sustatzen, zabaltzen eta normalizetan egindako ekarpenakaitik nabarmendutako persona edo kolektiboak jentaurrean autortzea da, merezimenduzko jarduera horreek sarituz eta jentaurrean zabalduz, gizartea ahal dan neurrian euskerea sustatzeko lan horretara erakarteko pizgarri izan daitezan.
Bizkaiko ahaldun nagusiak azaldu dauenez, aurtengoak badau berezitasunik, Bizkaia maite abestiaren berbak Jose Angel Irigarai olerkari nafarrarena dira, jaiotzez iruinsemea bera. Eta musika Benito Lertxundi oriotar kantautorearena. Nafarra eta gipuzkoarra, bi-biak ahobatez Bizkaia goraipatzen. Ekialdeko euskal lurralde bi horreetatik jatorku oraingoan gorazarrea Bizkaira eta Euskal Herri guztietara.
Era berean, abestiaren inguruan ondokoa gaineratu dau: Bizkaiak bere ereserkitzat dau kantua: bizkaitarron sentimenduak agirian jarten ditualako, bizkaitarron izakerearen barri bikain emoten dauelako, atzoko bizkaitarron eginak goraipatzen ditualako, gaurko bizkaitarron bizipoza eta iraun nahia kantetan ditulako eta biharko bizkaitarron itxaropenari leihoak zabaltzen deutsozalako.
Edizino honetako sari-banaketan parte hartu ebenek Onintze Garcia eta Jokin Lacalleren kontzertuaz gozau eben eta horreekaz batera Bizkaia Maite interpretetako Señeak Bizkaia Rock Kanpusako gazte bi izan ziran, Eider eta Izaro.
Ekitaldia Bizkaiko Foru Jauregian egin da eta bertan Bizkaiko gizartearen ordezkaritza zabala izan da.
Epaimahaiaren balorazinoa
Poesiako Lauaxeta Saria, 35 urtetik gorakoen kategorian, Elena Sanchez Fuertesek jaso dau, Epilogorik gabe poema bildumeagaitik. Epaimahaiak nabarmendu dauenez, Epilogorik gabe esatea poetea gehigarririk barik ibili dala adieraoztea da eta horixe da Elena Sanchez poetearen liburuak lortu dauena: emozinoen mundua zuzen eta fin tratetea. Batzuetan gordin, besteetan xume. Beti, inguruaren oihartzunakaz batera bidaia proponidu dau desilusinoaren mugetatik, heriotzearen zozpaletatik. Gaurko kulturako oihartzunakaz batera eta esaldi eta giro ezezkorretan zehar, Elena Sanchezen poesiak emozinoz eta sensibilidadez osotutako berben bidez bideratu dau irakurketea.
35 urtetik beherakoen kategorian, Ane Labaka Mayozek jaso dau saria, Hezur berriak lanagaitik. Epaimahaiak zehaztu dauenez, idazleak berak autortutakoa da ama izatean bizi izandako zurrunbiloari berbak ipinten ahalegindu da; baita eder eta apropos ipini be. Izenburua irakurrita askok ez leuke ostekoaren susmorik hartuko. Halanda be, Orotariko Euskal Hiztegian badauka lekutxoa hazur barrik, ekialdean eta mendebaldean, baten bat umedun dagoala esateko erabili izan dalako edo oraindino be erabilten dalako: hazur barri, ume jaio barria dio A. Azpeitiak Zestoarren erretolikan.
Lan honetan ez dakigu noraino begiratu behar jakon hazur barriari ala hazur barria daukanari, bere berbei eta berben esangureari... Begirada oso partikularretik begirada zabalago eta sozialago batera be pasetan da hainbatetan, egiaz, dotoreziaz edo egiazko dotoreziaz. Ez dau gitxi eskertzen irakurleak!
Poemeak goitik beherakoak ditu liburuak poetikarako eta gogoangarriak, hausnarketarako: Ifrentzu, Sena, Lanbroa, Inude eta amaiera ezin da egokiagoa izan Berriz poemeagaz. Barriro irakurteko gogoa eta beharrizana sentiduko dau irakurleak, gozamenaren gozamenaz urrezko birrintxo guztien jaube egiteko.
Ikus-entzunezkoen kategorian sariaren irabazleak ex aequo Inge Mendioroz Ibañez Lurdes Iriondo, ez gara alferrik pasako dokumentalagaitik eta Oier Plaza Gartzia, Popel dokumentalagaitik, izan dira.
Oier Plazaren lanari jagokonez, epaimahaiak ondokoa azpimarratu dau: Oier Plazaren -Popel- (Errautsak) dokumentala originala eta zinematografikoa izateagaitik nabarmentzen da. Gainera, erantzun zuzena eta argia emoten deutso nahi baino gehiagotan entzuten dan memoria gogoratzeak zertarako balio dauen galdereari. Etorkizuna buruan, artxiboak memoriaren berreskurapenean dauen garrantziaz jaubetuta beren bizitzak arriskuan jarri zituen personen bizitzetara eroaten gaitu, Gerra Zibileko Gernikatik Bigarren Mundu Gerrako bihozbakokerietara. Istorio liluragarri hau bikain, maisutasun eta gizatasun handiz kontauta dago.
Inge Mendioroz Ibañezen lanari jagokonez, honako hau nabarmendu dabe: -Lourdes Iriondo, ez gera alferrik pasako- dokumentalak euskal kulturearen oinarrizko figuretako bat berreskuratzen dau, artearen, kulturearen, identidade kolektiboaren eta memoriaren munduan zeharka sakontzeaz gan. Hemendik kanpo, eta baita Euskadin be, historian garrantzitsuak izandako emakume asko desagerraraziak izan dira patriarkatuaren indarkeriaren erakusgarri. Zaltasunez betetako memoria-ariketa batean, film honek Iriondoren lana agirian jarten dau falta diran kontakizunak eskuratuz eta emakume erreferenteen ezabaketa sistematiko honen inguruko hausnarketea sustatuz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
