Elena Barrena Osorori emon deutse 2025eko Ondare Saria
2025-12-04 10:27 KultureaLurraldeko kultura-ondarea babesteko, ikertzeko eta zabaltzeko egindako lanagaitik.
Eibarko Udalak proponiduta, 2025eko Ondare Saria Elena Barrena Osorori emon deutso Gipuzkoako Aldundiak. Sari horren helburua da lurraldeko kultura-ondarea babesteko, ikertzeko eta zabaltzeko egindako lanagaitik nabarmendu diran erakunde, alkarte edo persona fisiko edo juridikoak autortzea. Aurten, Gipuzkoako historia bizi-ardatz izan dauen persona bati egin gura izan jako omenaldia.
Elena Barrena Osoro 1977. urtean lizentziadu zan Deustuko Unibersidadean, Filosofia eta Letretan, Historia atalean. Urte batzuk geroago unibersidade berean aurkeztu eban tesia: Las transformaciones en la organización social de un territorio cantábrico durante la época medieval: la reforma histórica de Guipúzcoa. Geroztik, historialaria eten barik ibili zan ikerkuntzan, lan ugari argitaratuz. Gipuzkoako uribilduen sorreren inguruko aditu nagusiena zan Elena.
1.000 urte bete dira Gipuzkoaren lehen aitamen idatzia egin zala eta Elena ezin da horretatik kanpo itxi, historialariaren ikerketearen oinarria Gipuzkoa izan zan-eta, lurraldearen izaera, izana eta osogaiak xedatzeko.
Ezin da lurralde baten historia eregi persona batzuen jakingura eta ekarpen barik. Horregaitik, ezer gitxi jakingo genduan gure historiaren inguruan Elena eta beste ikerlari batzuen lanik izan ezean. Barrenaren ekarpenen garrantziaren adibide da haren ikasle talde batek egin eutson autortzea: Gipuzkoa, mila urteko historia: Elena Barrenari gorazarre. Ez dago autortza hoberik irakasle eta historialari batentzat, ikasle izandakoz osotutako historialari talde batek, zure lana, ekarpena eta bizi esperientzia oinarri hartuta, artikulu bildumea argitaratzea baino. Martitzenean, Elenaren ikasle izandako Eider Landaberea eta David Zapirain historialariek Barrenaren berba batzuk gogoratu zituen eta argi geratu zan Elenarentzako erregalu ezin hobea izan zala liburu hori. Emozinoz betetako ekitaldian, Elenaren alabak eta senarrak jaso eben haren izenean saria.
Elena Barrena Osorok Ondare Sariaren erispide guztien adibide izan zan. Gipuzkoako ondarearekiko konpromiso maila handia izan eban, baita ibilbide luze eta emonkorra be. Hark egindako lanak gure gizartearen balio guztiak eregiten lagundu deusku.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
