Eider Rodriguez, Santos Zunzunegui eta Yolanda Mosquerarentzat Euskadi Literatura Saria

Bizkaie! 2018-10-01 13:45   Kulturea

Bihotz handiegia liburuagaitik emon deutsie euskerazko fikzinoaren ataleko saria Rodriguezi.

Santos Zunzunegui, Eider Rodriguez, Bingen Zupiria, Yolanda Mosquera eta Joxean Muñoz (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzeak 2018ko Euskadi Sarietako irabazleen arteko hiru iragarri ditu (ganerakoak aurrerago jakin eragingo ditue). Euskerazko Literatura, Literatura Lanaren Ilustrazinoa eta Gaztelaniazko Saiakerea atalen barri emon dabe, eta Eider Rodriguez, Yolanda Mosquera eta Santos Zunzunegui izan dira irabazleak, hurranez hurran.

Hiru sarituak egon dira Donostiako Mandasko Dukearen liburutegian egindako agerraldian. Eurakaz batera, Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Joxean Muñoz Kultura sailburuordea egon dira. Zupiriak Euskadi Literatura Sarien helburu biez egin dau berba: Alde batetik, gure sortzaileen lana autortzeko aukerea emoten deuskue; bestetik, lan hori agirikoagoa egiten laguntzen dabe.

Hiru irabazleen izenak irakurri ondoren, honakoa ganeratu dau sailburuak: Sari honeek gure letrek emon daben onena albiste bilakatzeko beste aukera bat emoten deuskue, egileen lana gizarteari ezagutuarazoz, eta, era berean, sortzaileei erakundeen zein gizartearen autortzea helarazoten jake.

Euskadi Literatura Sariak zazpi kategoria ditu. Behin lehenengo hiruretako irabazleak publiko eginda, beste lauretakoak iragarriko ditue aste bi barru: Gaztelaniazko Literaturea, Euskerazko Saiakerea, Euskerazko Literatura Itzulpena eta Euskerazko Ume eta Gazte Literaturea. Sariak zemendiaren 27an banatuko ditue, Gasteizko Artium museoan.

Sarituen lanak

- Eider Rodriguezi (Errenteria, 1977) Bihotz Handiegia liburuagaitik emon deutsie euskerazko ataleko Euskadi Saria. 18.000 euro emongo deutsiez, eta beste 4.000, liburua beste hizkuntza baten argitaratzen bada.

Epaimahaiak honako hau azpimarratu dau Rodriguezen liburuaz: Pertsonaia arrunt eta konplexuen izakerea eta barne-mundua aztertzen dauen narrazino liburu interesgarria da. Norbanakoaren frustrazino egoerea nabarmentzen dau, egunerokotasunaren gurpilean topau leitekezan kasuak bikain deskribatuz eta iradokiz. Pertsonaia makurrak eregiten ditu modu originalean.

- Yolanda Mosquerak La pequeña Roque (Guy de Maupassant) liburuko ilustrazinoak egin ditu, eta horri esker emon deutsie Euskadi Literatura Saria. Epaimahaiak ilustrazinoaren tratamendua eta dotorezia nabarmendu ditu, istorioaren gogortasunaren beste muturrean.

- Santos Zunzuneguik, ostera, Bajo el signo de la melancolía saiakereagaitik irabazi dau. Epaimahaiak honakoa nabarmendu dau: Arteari eta emozinoari buruzko liburu ederra da. Pantaila handiko lengoaiaren azterketearen eta filmen aukeraketea jagonda, giza kondizinoari, haren argi-ilunei buruzko gogoetea egitera konbidetan gaitu. Idazkera gogotsu eta zehatz baten bidez, iges egiten deutso gehiegizko erudizinoari irakurketa atsegin baten alde.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu