Gorka Pagonabarraga: 'Txapelerako burrukea estu egongo da'
2018-10-08 08:06 BarriketanBertsolaria.
Asteburuan hasi da 2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako udagoieneko fasea, eta lehenengo aldiz parte hartzen dabil Gorka Pagonabarraga durangarra, final laurenetako bertsolaririk gazteena. Urriaren 28ko saioan kantauko dau berak, Plentzian.
Ingurukoek baino esperientzia txikiagoa dauenez, bere buruagaz gustura geratzea da Pagonabarragaren helburu nagusia. Halandabe, etorkizun oparoko bertsolaria da, azkenaldion lortu dituan emoitzak lekuko: Udabarrian Bizkaiko eta Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketak irabazi zituan, eta Durangaldeko Kopla Txapelketan be bera izan zan onena.
1.- Lehenengoz hartuko dozu parte Bizkaiko Txapelketako udagoieneko fasean. Ze sensazinogaz helduko zara Plentziako saiora?
Motibauta eta gogotsu nago, baina, aldi berean trankil. Inongo presinorik ez daukat, disfrutetako gogoz nago, lasai.
2.- Udabarriko fasean egon zinan. Horrek lagundu eutsun txapelketeari neurria hartzen?
Bai, ze bertsolari nagusiagoakaz kantau behar izan neban, gaiak be diferenteak dira. Eskolartekoagaz eta holakoakaz konparetan badozu, hau diferentea da niretzat. Gaiak sakonagoak izaten dirala ikusi dot. Eskolartekoan, askotan, bertso bi bota eta listo, holan izaten da. Hemen bertso gehiago izaten dira, kantidadez eta gaien ezaugarrien aldetik badago aldetxua.
3.- Plentziako hitzorduari begira, zelan zabiz entrenetan?
Astean behin batzen gara Durangoko Bertso Eskolan, betiko martxan, dana apur bat lantzen ibilten gara: Ofizioak, bakarkakoak... oso gustura ibilten gara taldean. Txapelketan kantauko dogunok gabiz orain batez be: Abarkas, Aitor Bizkarra, Txaber Altube eta Aitor Esteban. Unai Iturriagak batzuetan lagundu egiten deusku gaiak ipinten.
4.- Unai Iturriaga aitatu dozu. Bera ez da egongo aurtengo txapelketan, Igor Elortza be ez. Baina durangar horreek biak erreferente dira Bizkaiko bertsogintzan. Zuk, hareen herrikide izanda, eredutzat dozuz?
Erreferente dira gure belaunaldikoontzat. Gu Ta Gutarrak taldean ibili ziraneko kantak be askotan kantetan doguz.
5.- Final laurenetan kantauko dozu, urriaren 28an. Ze asmogaz igongo dozu oholtzara?
Postuei jagokenez, ez daukat ezelako helbururik. Beharbada danok esango dogu bardin eta topikoa izango da, baina dakidana egitera noa eta neure buruagaz gustura geratzera. Nik uste dot danok nahi dogula hori, baina bakotxak bere mailan.
6.- Aurrerantzean be, txapelketen munduan segidu nahi zeunke, ala lasaiago hartu nahi dozu?
Ez dot larregi pentsetan denpora luzera. Momentuz, bai, beste pare bat urtean-edo segiduko dot. Geroagokoa, denporeak esango dau. Txapelketara be asko pentsau barik apuntau nintzan, gustura nago momentuz.
7.- Aurreko edizinoko zortzi bertsolariek aurten be izena emon dabe. Belaunaldi aldaketea zelan ikusten dozu?
Ni neu oraindino ez, baina beste gazte batzuk, ni baino hiru-lau urte zaharragoak diranak, indartsu ikusten dodaz, zeresana emon leikie. Beteranoei, esperientzia daukienez, gehiago kostauko jake jaustea, baina gazteok badaukagu esperantzea.
8.- Txapelketea zelakoa izango da, pronostikoa egingo dozu?
Uste dot txapelerako burrukea estu egongo dala. Batez be, finalean ikusten dot gauzea estu egongo dala. Beharbada, Jone [Uria] eta Miren [Amuriza] ikusten dodaz hor, oso indartsu. Baina zeozer esateagaitik esaten dot, ez dot ziurtasun handiz esan nahi, ze oso estu ikusten dot.
9.- Aurtengo txapelketearen irudia basoa da, bertsolaritzearen ekosistemea agirian ixteko asmoz. Zu zeu, ekosistema horretako harrobian hazitakoa zara, bertso eskolen giroan. Gazteakaz egiten dan lana, barrutik ikusita, zelan baloretan dozu?
Osasuntsu ikusten dot, gazte asko gabiz, eta motibauta. Nik eskertu egiten deutset hori posible egiten daben guztiei, bertso eskolako irakasleei, udalekuetako begiraleei, antolatzaileei... Ganera, lagun piloa egin dodaz, plan piloa. Mundu horretan sartu eta ezin dozu urten, baina gustura gabiz, ez dogu urten nahi.
10.- Eskolarteko txapelketea irabazi zenduan udabarrian. Horrek zer emon deutsu?
Animo asko eta motibazinoa. Bestela be baneukan gogoa, baina hau gehigarri bat izan da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!