Gorka Pagonabarragak irabazi dau Euskal Herriko Eskolartekoa

Bizkaie! 2018-06-11 10:12   Bertsolaritzea

Mikel Mendizabalek jantzi deutso txapela bertsolari bizkaitarrari.

Mikel Mendizabal eta Gorka Pagonabarraga (argazkiak: XDZ-Euskal Herriko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Sarako trinketean jokatutako saioan, Euskal Herriko txoko guztietatik heldutako 13 finalista gaztek parte hartu dabe. Kanpoko euriak ez dau jaia ilundu eta giro bikainean jokatu da XXX. Eskolarteko Txapelketako finala, Julene Etxeberri gai-jartzailearen aginduetara.

Zozketaz, hurrenkera honetan kantau dabe gazteek: Oihana Arana Kardenal, Xabat Illarregi Marzol, Haitz Capot Thornary, Elixabet Etxandi Goyenetche, Irati Alcantarilla Urdanpilleta, Aner Peritz Manterola Euzkitze, Julen Etxeberri Etxart, Hodei Renteria Maleta, Gorka Pagonabarraga Agorria, Ekiñe Zapiain Arlegi, Aitor Ugarte Eriz, Iruri Altzerreka Martinez eta Aroa Arrizubieta Barredo.

Binakako eta hirunakako ariketak egin ditue lehenengo, eta puntuazinorik altuena eskuratu dabenak hurrengo fasera pasau dira: Aitor Ugarte, Aner Peritz, Elixabet Etxandi, Gorka Pagonabarraga, Irati Alcantarilla eta Oihana Arana. Hor banaka kantau dabe. Puntu guztiak batuta, Gorka Pagonabarraga izan da txapeldun. Bizkaiko Eskolartekoa be berak irabazi eban orain dala aste batzuk, Balmasedan. Bigarren Aner Peritz Gipuzkoako ordezkaria izan da.

Mikel Mendizabalek jantzi deutso txapela Pagonabarragari. Bertsolari fina da Mendizabal eta, gaur egun txapelketak albo batera lagata baditu be, finalista izan zan 1989ko eta 1997ko Euskal Herrikoetan. Horrezaz gan, Ikastolen Alkartean bertsolaritzea bultzatzen ibilten da.

Era berean, sari banaketan parte hartu dabe lurralde guztietako Eskolarteko antolatzaileek: Xabi Igoak, Maialen Berrak, Jokin Labayenek, Maddi Ibaibarriagak, Xan Alkhatek, Estitxu Arozenak eta Jon Irazabalek. Baita Sarako bertso-eskolako, ikastolako eta Udaleko ordezkariek, eta antolatzaile diran Bertsozale Alkartetik Maialen Lujanbio zuzendaritzako kideak eta Ikastolen Alkarteko lehendakari Koldo Tellituk.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu