Txapelketako doinuak Hitzetik Hortzeran

Bizkaie! 2026-11-26 12:34   Bertsolaritzea

Leire Retegi eta Maddi Soroa Doinutegi batzordeko kideak alkarrizketatuko ditue asteon.

Doinuek ezinbesteko lekua dabe bertsolaritzan, eta txapelketeak be doinu barriak plazaratzeko abagunea eskaintzen dau. Aste honetako Hitzetik Hortzeran bertso-doinuen munduan sartuko dira, doinuen sorkuntzea eta horreek batu eta partituretara eroateko egiten dan lana.

Bertsozale Alkartearen Doinutegi batzordean parte hartzeko konbitaa jaso eben Leire Retegi Fernandez eta Maddi Soroa Navarro musikari eta musika-irakasleek. Baiezkoa emon eta udabarritik dira batzordeko kide. Bertan egiten daben lana jorratuko dabe Mirari Martiarena Iraolagaz.

Batzordeko kideen zereginetako bat bertso-doinu barrien partiturak egitea da. Bertso-doinuen partituren berezitasunak azalduko ditue Retegik eta Soroak domekako programan, baita txapelketan bertsolariek doinu barriak plazaratzen dituenean batzordean egiten dan lana be.

Ixak Arruti Aranburu musikariagaz be batuko da da Martiarena. Bertso-saio musikatuetan gitarrea joten ibilteagatik ezaguna da Arruti eta aurtengo txapelketan plazaratutako doinu biren egilea da: Oihana Iguaranen «Gora señora jendea» eta Beñat Gaztelumendiren «Lehendabizi aditu dut». Bertso-doinu bien sorkuntza-prozesuaz egingo dau berba Hitzetik Hortzeran.

Gasteizko finalaurrekoa

Txapelketako finalaurrekoen bigarren bueltako bigarren saioa jokatuko da zapatuan, Gasteizko Mendizorrotza kiroldegian. Aitor Bizkarra Ruiz, Ane Labaka Mayoz, Beñat Gaztelumendi Arandia, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Nerea Ibarzabal Salegi eta Sustrai Colina Acordarrementeriak kantauko dabe. Gai-emoile lanak, barriz, Lierni Altuna Ugartek egingo ditu.

Saioa zuzenean jarraitzeko aukerea izango da ETB2On-en Ilaski Serrano eta Aitzol Barandiaran Munduategaz batera, eta 21:05etik aurrera ETB1en diferiduan.

Hitzetik Hortzera, domekan, 15:00etan, ETB1en.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu