Zortzi bertsolari gaztek hartuko dabe parte XII. Izeta Sariketan

Bizkaie! 2026-11-16 11:30   Bertsolaritzea

Zemendiaren 20an jokatuko da Erratzun, Nafarroako Bertsozale Alkarteak eta Baztango Udalak atonduta.

Saio bakarrean jokatuko da sariketa Etxelebert alkartean. 16 eta 30 urte bitarteko Nafarroako zortzi bertsolarik hartuko dabe parte. Zemendiaren 20an, barikuan, jokatuko da, Erratzuko Etxelebert alkartean. Nafarroako Bertsozale Alkarteak eta Baztango Udalak atondutako saioa da, Milepetatzu kirol-kultur Alkartearen eta Etxelebert Alkartearen laguntzeagaz. Hiru fase izango dituan saio bakarrean jokatuko da aurtengo Izeta Sariketea. Ondoakoak dira saioaren zehetasunak:

Erratzuko Etxelebert Alkartean, 19:00retan:

  • Antton Ciriza Saragueta.
  • Endika Legarra Nuin.
  • Idoia Granizo Uribarrena.
  • Julen Bernaldo de Quirós Royo.
  • Kattin Madariaga Apaolaza.
  • Malen Alzuart Aranburu.
  • Mikel Lasarte Cia.
  • Patxi Bueno Munarriz.

Gai-jartzailea: Iratxe Legarra Nuin.

Hamabigarrenez, Izeta gogoan

Betiko antzean, Nafarroako Bertsozale Alkarteak eta Baztango Udalak atondu dabe sariketea, aurtengoa, hamabigarrena.

2004. urtean atondu eben sariketea lehenengo aldiz eta bi urtean behin jokatu da ordutik; tarte horretan, ondorengoak izan dira txapeldunak: Jon Barberena, Oier Lakuntza, Jon Elizetxe, Iñaki Aleman, Aimar Karrika, Saioa Alkaiza, Joanes Illarregi, Saats Karasatorre, Xabat Illarregi, Sarai Robles eta Ekain Alegre.

Mariano Izetak (Elizondo, 1915-2001)

Herri kulturea eta batez be bertsolaritzearen alde egindako lan handia eskertzeko helburuagaz dator bere izeneko sariketea. Lanbidez erloju-konpontzailea zan Izeta, baina horrezaz aparte lan itzela egin eban herri kulturea eta ondarea batzen eta ezagutarazoten. Egindako guztiagaitik, Baztango seme kuttun izentau eben. Idazle, Nafar Izkuntza-ko kolaboratzaile, Euskaltzaindiako kide, Baztango hiztegien egile, mutil-jantzen sustatzaile... hamaika kontutan ibili zan Izeta.

Bertsolaritzea izan zan haren zaletasunik handienetakoa. 1936. urtean egin zan lehenengo Nafarroako Bertsolari Txapelketan lagundu eta hortik aurrera hamaikatxu bertso saio atondu zituan. Nafarroako Bertsozale Alkarteko ohorezko presidentea be izan zan.

Izeta Sariketeak Nafarroako bertsolari gazte eta hasibarriei bultzadea emotea dau helburu, plazak eskainiz, euren bertsogintzea landu eta ezagutzera emon deien.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu