Urko Balziskueta: 'Getxoztarrek Punta Begoñako proiektua eurena dala sentidutea nahi dogu'

Dabi Piedra 2018-07-30 08:03   Barriketan

Getxoko udal arkitektoa.

Getxoko Punta Begoña galeriak barritzeko prozesua aurrera doa pixkanaka. Ez da proiektu erraza, eragile eta aditu askoren alkarlana beharrezkoa dalako: Batetik, ondare materiala berreskuratzen dabiz (hau da, eraikina bera) eta bestetik Punta Begoñaren memoria eta historia be batzeari ekin deutsie. Halandabe, ondare materiala zein inmateriala kontuan hartzeko erabagi horrek, proiektua luzatu ez eze, aberastu egin dau. Horri esker, BEAU, Espainiako Arkitektura eta Urigintza Bienalak saritu egin dau Punta Begoñako egitasmoa, eta nazinoartean zabaltzeko katalogoan sartu.

Urko Balziskuetak barru-barrutik ezagutzen dau Punta Begoñako proiektua. Getxoko Udaleko arkitektoa da, eta proiektuaren arduradunetako bat. Eraikinaren memoria aztertzeko ikerlana ezinbesteko pausua dala azaldu deusku, eta herritarrek ekarpen handia egin leikiela alor horretan. Ganera, Punta Begoñakoa egitasmo aitzindaritzat jo dau, Euskal Herrian zein munduan. Espainiako Bienalaren aitamenak proiektuaren barri nazinoartean zabaltzen lagunduko dauelakoan dago.

 

1.- Arkitektoa zaren aldetik, ze balio ikusten deutsazu Punta Begoñako galeriari?

Nabarmentzekoa da, hasteko, materialen aldetik egin zan barrikuntzea. Hormigoiz eginda dago galeria eta, gaur egun arrunta dan arren, eregi zan sasoian teknika barritzailea zan hormigoiarena. Orduko hormigoia eta gaur egungoa ez dira bardinak, ganera. Bestetik, alderdi formaletik be balio handikoa da Punta Begoña: Alboko partzelea ikusten badogu, hor be badago labarra, baina horma bat egin eben hori estaltzeko, eta Punta Begoñan, ostera, labarraren aldeko zati horri erabilerea emon eutsien. Konposizino eta itxura aldetik be nabarmena da. Hortaz, hiru balio handi ditu Punta Begoñak arkitekturearen ikuspegitik: Material barritzailea, labarraren erabilerea eta konposizinoa.


2.- Arkitekto batentzat, horren balio handiko eraikin bat Getxon bertan egotea berezia izango da, ezta?

Gaur eguneko obren aldean, teknika desbardina da Punta Begoñakoa, horren inguruan ikertzea erronka bat da, baina poztasuna be bai.


3.- Punta Begoñan, ganera, ondare inmateriala dalakoa be lantzen zabize, ez da eraikina konpontzea huts-hutsean.

Unescoren gomendioei kasu egitea izan zan hartu genduan lehenengo erabagia. Unescok esaten dauena da ondarearen balioa ez dagoala alde materialean bakarrik, badagoala alderdi inmaterial bat. Tartean dago memoria inmateriala, hau da, eraikin honen inguruan kontau leitekezan istorioak. Hemendik jente asko pasau da eta bakotxak istorio bat kontau leike, bakotxak bere perspektibatik. Adibidez, Etxebarrieta familiak galeriak erabili zituan bere barriketaldietarako, eraikinaren lehenengo 15 urteetan. Ondoren, Gerra Zibila heldu zan eta ospitalea izan zan hau. Gero, doktrina faxistea zabaltzeko jantoki soziala ipini eben eta horren ostean, umeentzako olgetaleku be izan zan. Istorio horreek guztiak batzen gabiz, galeriaren historia osoa kontetako.


4.- Halako lan bat egiteko, alor askotako adituek bat egin behar dozue, arkitekturatik hasi eta historiaraino. Zaharbarritzeko prozesuetan alkarlan zabalak ohikoak dira Euskal Herrian?

Aitzindari lana egiten gabiz. Ez gara lehenengoak, Gasteizko Santa Maria katedrala barritzeko lanetan be antzera ibili dira, baina bai lehenengoetarikoak. Ez bakarrik Euskal Herrian, mundu osoa kontuan hartuta be barritzailea da gurea, ez da bape ohikoa proiektuak holan antolatzea. Argentinako Santa Feko Gobernuko ordezkari bat egon da oraintsu hemen, proiektua ezagutzen, eredutzat hartu nahi dabe eta. Beste era bateko egitasmoa da eurena, paleontologikoa, baina gurea eredugarria begitandu jake.


5.- Getxoko herriaren dinamizatzaile be bada Punta Begoña, zaharbarritzea jenteari hurreratzeko ekintzei esker. Herritarrek ze eratan lagundu leikie proiektuan?

Memoria inmaterialaren emoile izan leitekez, euren testigantzen bidez. Adibidez, bisitaldi gidatu baten gengozala, persona bat hurreratu eta mediku baten semea zala kontau euskun, mediku ha gerra garaiko ospitalean egon zan beharrean eta horren inguruko argazki liburu bat topau genduan haren biltegian. 40-50 argazki ziran, erizainak, medikuak eta abar ikusten ziran, Punta Begoñan.


6.- Parte-hartzea hasieratik bilatu dozue, bisitaldi, erakusketa eta abarren bidez.

Herritarrek prozesua zelan doan ikusi deiela nahi dogu, parte hartzea bultzatu. Era horretara, jenteak eraikina errespeteta gura dogu, haren balioa ezagutzea. Zelanbait, harrotasun jarrera bat bilatzen dogu, herritarrek Punta Begoñako proiektua eurena dala sentidu deiela.


7.- Arkitekturearen eta Urbanismoaren Espainiako Biurtekoan saritu dabe Punta Begoñako zaharbarritze prozesua, hori zelako bultzadea da zuentzat?

Prozesuan lortutako ezagutzak zelan zabaltzen doguzan, hori da, zehatz esanda, sariotan gure proiektuari buruz nabarmendu dabena. Bultzada garrantsitsua da hori, Biurtekoko lanak mundu guztira eroaten diralako. Washington eta New Yorken egon da, Bartzelonan eta Grezian be bai... aukera bat da zer eta zelan egiten gabizan nazinoartean erakusteko, gure aitzindari lana zabaltzeko. Getxon, Bizkaian eta Euskal Herrian zer egiteko gai garen erakusteko bide bat da, plataforma bat.


8.- Biurtekoaren kontura, nazinoarteko adituen eretxirik batzeko modurik izan dozue?

Aditu gehienek uste dabe guk aukeratutakoa dala bide zuzena, horregaz lotuta, egiten deuskuen komentariorik ohikoena izaten da guk be holan egin izan bagendu!. Baina ez da erraza Punta Begoñakoaren moduko proiektu zabalak martxan jartea, jarrera edegia behar da, koordinazino handia eskatzen dau. Kontuan hartu 50-70 lagun inguru gabizala hemen alkarlanean eta ikertzen, hainbat alorretakoak: Arkeologoak, kimikariak, Arte Ederretakoak, arkitektoak, hidrologoak, geologoak... eta beste asko ahaztuko dodaz. Ahalegin hori da gehien nabarmentzen dana, koordinazinoa zelan egiten dogun galdetzen deuskue gehien.


9.- Biurtekoaren sariaren beste berezitasun bat da, zuen proiektua, berez, oraindino ez dagoala amaituta, martxan dagoala. Honek aurrera egiteko indarra emongo deutsue?

Bai, lagunduko dau, baina nik lehendik be garbi daukat bide egokia hau dana. Ez da emon deuskuen lehenengo saria. Getxoko Aixerrota saria be irabazi genduan, Udalak emoten ditu, baina herritarrek egiten ditue proposamenak. Sari txikiagoa izan arren, guretzat inportantea da, esan nahi dauelako herriko jenteak ontzat joten dauela proiektua. Punta Begoña herri honen zati bat da eta, hortaz, herritarrentzat izan behar da proiektu hau. Pertenentzia sentimendu hori agertu behar da zelanbait.


10.- Punta Begoñaren memoria berreskuratzeko lana egiten ibili zarie, herritarrei be zabaldu deutsazue proiektua... zeintzuk izango dira hurrengo pausuak?

Unescoren metodologian esaten danez, oso garrantzitsua da hasieran ikerketa sakona egitea. Hasierako azterlan horrek erakutsiko deutsu hartu beharreko bidea. Orain arte, gehienbat ikerketa horretan ibili gara eta horrek hainbat datu emon deuskuz. Baina hasierako lan honek badauka arazo bat: jenteak ez dauela aurrerapenik ikusten, batzuek uste dabe ez gabizala ezer egiten, obra handirik ez dalako ikusten. Baina guk transmitidu nahi dogu hasierako fase hau ezinbestekoa dala, efektuak denporeagaz ikusiko doguz. Orain, interbentzinoaren fasea hasten gabiz, ikerketan segiduko dogu baina daukaguzan datuek aukerea emoten deuskue proiektu arkitektonikoak egiteko, hau da, eraikinean modu fisikoan esku hartzeko. Saloiaren arotzeria lana egiten hasiko gara hurrengo asteetan. Pausuak apurka-apurka egiten gabiz, pausu bakotxaren atzean ikerlana dagoalako.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu