Punta Begoña: Ehun urte, ehun ekintza

Bizkaie! 2018-03-28 13:28   Kulturea

Jarduera programa zabala atondu dabe aurten, Getxoko ondarearen zati garrantzitsu diran galerien mendeurrena ospatzeko.

Bisita autogidatuen aurkezpena, Punta Begoñan. Erdian, Imanol Landa alkatea (argazkia: Getxoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Getxoko Udalak eta Euskal Herriko Unibersidadeak Punta Begoña, 100 urte, 100 ekintza programea aurkeztu dabe. Hurrengo hileetan zaharbarritzeagaz batera egindako ikerketak erakutsiko ditue, eta galeriak kultura-sorgailu bihurtu dituan egitasmoaren gizarteratzeagaz jarraituko dabe. Aurreikusitako ekintzen artean, bisitak (gidatuak eta autogidatuak) dagoz, baita mikro-antzerkia, ipuin kontaketak eta erakustaldiak be.

Getxoko alkate Imanol Landak gogora ekarri dauenez, Punta Begoña galerien egitasmoa, 1918 eta 1922 bitartean Horacio Echevarrietak eta Ricardo Bastidak sortua, errealidade bihurtzen hasi da mende bat geroago: Udaleko hainbat sail eta departamenduren parte-hartzeari esker eta EHUko hainbat lantalderen lan koordinatuari esker, eraikuntza hau goi mailako Art Galery kultura gune bilakatuko dogu. Berreskuratze interbentzinoak begi bistakoak izango dira hurrengo hileetan Punta Begoña eta Getxoko itsas-bazterreko edertasuna nabarmenduz. Horregaz batera, egitasmoa gizarteratzen segitzen dabe. Igaz, esaterako, 5.000 lagunek bisitau zituen instalazinoak.

Agustín Azkarate EHUko Kultura Paisaiak eta Ondarea UNESCO Katedrako zuzendariak zera aitatu dau: Urteetan eraikuntzearen eta honen kokapenaren ezagupenean egin dogu aurrera. Ikerketa honek moltsoaren deskribapena, arazoen jatorria eta protokoloak zehazteko eta egin beharreko ekintzen diagnostiko zehatz bat egiten lagundu deusku. Ganera, eraikina sendotzea bermatuko daben preminazko interbentzinoak formalizau ditue: areto nagusiaren azpiko gunerako sarbidea; areto nagusia iragazgaitz bihurtzea; komunikazino torretik hego-mendebaldeko galeriarako sarbide segurua; garbiketak eta abar.

Punta Begoñako galerien mendeurrenagaz bat eginaz, eta barrikuntza legez, orain arteko bisita gidatuei aukera barri bat gehituko jake: bisita autogidatuak. Punta-puntako teknologian oinarritutako sistema bati esker, bisitariek informazino guztia eskura izango dabe telefono mobikorretan. Sistema honek bost ibilbideren artean aukeratzeko modua emongo deutse bisitariei. Informazino guztia euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez egongo da.

Horrezaz gan, Punta Begoña, 100 urte, 100 ekintza programako jarduera gehiago aurrerago iragarriko ditue. Aurreko urteetan hasitako bidean sakonduz, adituek gidatutako bisitei eutsiko deutsie. Informazino gehiago, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu