Punta Begoñaren ganeko lekukotzak batzeko kanpainea abian da
2017-12-22 11:27 KultureaLekukotzak batuko ditue Getxon bihartik aurrera.
Punta Begoñaren ganeko gizarte sare bat identifiketea eta euren testigantzak batzea izan da galeriei balioa emoteko proiektuaren hasierako ikerketa lerro garrantzitsuetako bat.
Proiektu honetarako idatzitako protokolo batzuei erreparauta egin da lan hori, UNESCOk memoria kudeatzeko finkatutako jarraibideetan oinarrituz. Identifikautako gizarte sareari esker, hainbat dokumentu, grabazino eta alkarrizketa batu, sailkatu, katalogau eta aztertu ditue eta, lan horren guztiaren emoitza modura, Getxo, Bizkaia eta Euskal Herriaren ganeko kontakizun bat sortu da. Horri guztiari esker, Punta Begoña galeriakaz eta inguruneagaz lotutako memoria immaterial eta materialaren zentrua sortu dabe.
Aurten handitu egin nahi da gizarte sare hori, eta herritar guztiei egin nahi deutsie parte hartzeko konbita, galerien eta inguruen ganean gordeak dituen gomuta, istorio, argazki eta dokumentuak partekatu daiezan eta, holan, Punta Begoñako memoria kolektiboaren parte izan daitezan. Kontakizun hori alkarregaz eregiz, danon historia berreskuratzeaz eta babesteaz gan, informazinoa eta datuak lortu daitekez ikerlanean eta azterlanean sortutako hainbat zalantzari erantzuna emoteko, baita iradoki diran hainbat hipotesi, historiko zein zientifikoak, berresteko be.
Abenduaren 23tik aurrera, Getxoko liburutegien sareagaz alkarlanean, herritarrek informazinoa batzeko jarriko diran gune bietan izango dabe lan horretan parte hartzeko aukerea: Villamonteko Kultura Gelan eta Gobela liburutegian. Parte hartu nahi dabenek leku horreetan emon ahal izango ditue harremanetarako datuak, eta proiektuan parte hartzen dauen EHUko ikertzaile taldea jarriko da lagun horreekaz hartu-emonetan. Punta Begoñako galerien webgunean edo helbide elektronikoaren bidez be informazinoa emon ahal izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!