Jenofa Berhokoirigoin eta ON.EUS ataria, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariko irabazleak

Bizkaie! 2025-11-27 09:32   Kulturea

Ohorezko mugarria, barriz, Jakoba Errekondo Saltsamendiri entregauko jako.

Andoainen 2025eko Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien ekitaldi nagusia egin dabe. Bertan emon dira ezagutzera aurtengo saridunak:

  • Kazetaritza Saria: Mendez mende dabilen lanbidea garai berrietara egokitu nahian, Jenofa Berhokoirigoin (Argia).
  • Komunikazino Saria: ON.EUS ataria (ON! Piztu euskara(z) Alkartea eta Euskararen Erakunde Publikoa).

Bakotxak 9.000 euro eta Xabier Lakak egindako eskulturea jaso ditu.

Kazetartiza Saria 

Jenofa Berhokoirigoin garaztar kazetariak aldatzen dagoan mundu baten inguruko erreportajea eskaintzen deusku Argian. Aldatzen dabil eta gainera feminizetan. Beti geldoa eta ohiturazkoa irudiketan dogun artzaintzea dau aztergai. Alkarrizketen bidez, lurrik bako artzainen mendiko bizipenak, kezkak eta plazerrak aurkezten ditu.

Komunikazino Saria

ON.EUS ataria, ON! Piztu euskara(z) Alkartea eta Euskararen Erakunde Publikoak sortutako proiektua da.

Ipar Euskal Herritik sustatuta, munduari begira, ondoetorri ON.EUS atari partekatu barrira. Artikuluak, agendea, aholku praktikoak, bideotekea, hiztegiak, lan eskaintzak, podcastak, marrazki bizidunak… euskeraz bizi, euskera ikasi, familian, lantegian edo lagunartean disfrutau, euskerea erakustera emon gura dauenarentzat webgune horrek euskareagaz hartu-emon zuzenak daben personei laguntzea eta baliabideak eskaintzea dau helburu. Horretarako, eduki praktikoak sortu, batu eta publikoren esku emoten ditu. Bideotekan dokumentalak, erreportajeak, tutorialak eta fikzinoak konsultetako loturak dagoz. 

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak

Ekitaldia Oihana Maritorenak aurkeztu dau. Berbea hartu dabe Andoaingo alkate Andoni Alvarezek eta Eusko Jaurlaritzako Euskerea Sustatzeko zuzendariak, Josune Irabienek. Bertan izan dira, aurtengo RAKSeko zortzi finalistak, hainbat erakundetako ordezkariak eta euskalgintzako eragile ugari. Gainera, Amaia Azkuek eta Txus Aranburuk Joxan Goikoetxeak Arestik sortutako berba batzuen kontzertua eskaini dabe. 

Kazetaritza Sariko finalista izan dira, irabazleekaz batera, Datuetatik tiraka, Goiena Komunikazio taldearen saioa; Ur handitan; Palestina, gatazka amaigabea, Baleukok ETBrentzat produzidutako ikus-entzunezkoa; eta, Boiseko Jaialdiari buruz Nagore Arinek Berria hedabiderako sortutako dokumentala eta kronikak.

Komunikazino Sariko finalista izan dira, irabazleekaz batera, Zurrunbiloa, Elhuyarrek gazteen osasun mentalari buruz sortutako proiektua; ULUA, Ulu Mediak gazteentzat sortutako hedabide digitala; eta, Erdalduntze makina, GUKA Euskaltzaleen mobimenduak Bilbon egindako kanpainea.

Finalisten artean sarituak aukeratzeko ardura epaimahaiak izan dau eta Marta Lasa Goñi Andoaingo Udaleko Euskera zinegotzia izan da mahaiburu. Ondokoak izan dira epaimahaiak: Miren Berasategi Zeberio (Deustuko Unibersidadeko irakasle eta ikerlaria), Eneko Bidegain Aire (idazlea eta Mondragon Unibersidadeko HUHEZI fakultadeko irakaslea), Itxaro Borda Xarriton (idazlea eta prensa kolaboratzailea), Angel Erro Jimenez (idazlea, itzultzailea eta prensa kolaboratzailea), Pantxika Maitia (kazetaria), Libe Mimenza Castillo (UPV/EHUko irakaslea eta ikerlaria) eta, idazkari lanetan, Arantza Aguado Perugorria, Andoaingo Udaleko Euskera teknikaria.

Ohorezko mugarria: Jakoba Errekondo Saltsamendi

2025eko sari banaketa ekitaldian, epaimahaiak ohorezko mugarria emon deutso Jakoba Errekondo Saltsamendiri, baita Xabier Lakak diseinautako lana be.

Errekondo agronomoa eta paisaje-atontzailea da eta urte luzez ortuaren kulturea eta landareen mundua zabaltzen ibili da euskeraz, ikuspegi sozial eta ekologikoa ardatz hartuta. Ahots berezi hori ezaguna da Euskadi Irratian eta Argia zein Elhuyar aldizkarietan be argitaratu baititu artikuluak eta gogoetak. Gainera, hainbat liburu eta lan argitaratu ditu, esaterako Olarriaga marrazkilariagaz egindako Bizi baratza.

Epaimahaiaren arabera, ortua gure biziten erdigunera eroan dau azken urteotan. Errekondoren dibulgazino-lana zabala eta aldakorra izan da. Ez dau mugatu irrati edo prensako formatuetara, izan be, sare sozialak, podcastak, bideoak eta zuzeneko topaketak erabili ditu publiko zabalagoarengana heltzeko. Horregaitik, epaimahaiak azpimarratu dau komuniketako gaitasun berezia dauela eta belaunaldi ezbardinen artean interesa piztu dauela naturearen aurreko hartu-emonen inguruan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu