Arriaga Antzokiak Opari Txartela jarri dau salgai
2025-12-01 12:34 KultureaIkusleak fidelizetea da helburua.
Arriaga Antzokiak arte eszenikoen aldeko pasinoa sustatzeko eta ikus-entzuleei antzokira joatea errazteko asmoz, barriro be Opari Txartela jarri dau salgai. Txartel horri esker, jasoten dauenak, 2026ko bagilera arteko denporaldi honetako antzerki, musika, opera, jantza eta bestelako ikuskizunez disfrutau ahal izango dau, Arriagako Opari Txartela erregaletan dauenak emozino bikain eta parebakoak eregaletan ditu.
2013ko Gabonetako kanpainetan martxan jarritako ekimenaren antzekoa da eta izandako erantzun bikainaren ondorioz hamairugarren urtez jarraian abiarazo dabe. Kanpaineak helburu ditu ahalik eta persona gehien antzokira erakarri eta harrobia egiten jarraitzea, adiskideak gehituz.
Arriaga Antzokiko Opari Txartela eskuratzea, oso prezio egokian eta beste zenbait abantailez kulturea oparitzeko aukera bikaina da. Halanda ze, Gabonaldian senitartekoei edo/eta lagunei egiteko erregalu ezin hobea izan daiteke.
Opari Txartelaren modalidade bi dagoz; batak 40 euroko saldokoa eta besteak 100 eurokoa. Aukera bietako edozeinek emoten dau denporaldi honetarako Arriaga Antzokiko sarrerak erosteko aukerea (saldoa agortu arte). Erositako sarrerek, lehen unetik % 25era arteko beherapenak ditue.
Horrezaz gan, Opari Txartela dauenak beste abantaila bat be izango dau, izan be, saldoa agortu ondoren, Arriagako Adiskide karneta doban lortu leike. Karnet horren titularrak sarrerak beherapenagaz erosten jarraitzeko eskubidea eta bestelako zenbait abantaila izango ditu denporaldi honetan, 2026ko bagilera arte. Opari Txartelaren saldoa amaitu ondoren aitatutako karneta doban lortzeko, nahikoa izango da antzokiko Informazino Bulegora hurreratzea eta Opari Txartela aurkeztea.
Opari Txartelak sarreren prezioan abantailak dituen eskaintzak dakarz, balio osoa amaitu arte (40 edo 100 euro, modalidadearen arabera). Arriaga Antzokiko txarteldegietan erabili daiteke, baita online egiten dan edozein erosketatan be (www.teatroarriaga.eus). Sarrerak Internetez erosteko, Opari Txartelaren jaubeak txartel bakotxean dagoan kodea sartu beharko dau.
Kontuak kontu, Opari Txartela daborduko erosi daiteke Informazino Bulegoan edo Arriaga Antzokiko txarteldegietan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
