Laura Freixasek 'Jeinuak?' zikloaren lehen hitzaldia emongo dau
2025-12-01 08:44 KultureaBihar, hilak 2, 18:00etan, Bizkaia Aretoan.
Bizkaiko Foru Aldundiak Jeinuak? zikloa jarriko dau martxan abenduaren 2an, XX. mendeko kultur produkzinoan eragina izan eben sormenezko hartu-emonen barrikuspenari eskainitako dibulgazino-programea. Lau hitzaldiak 18:00etan izango dira, Bizkaia Aretoan. Sartzea doban da, baina aldez aurretik Emakumeak Alkartearen webgunean izena emon behar da.
Emakume sortzaileen presentzia berreskuratzea eta produkzino artistikoan daben eginkizuna autortzea erantzukizun publikoa da. -Jeinuak?- zikloak ibilbide horreek aztertzeko eta kultura-kontakizun orekatuago baterantz aurrera egiteko aukerea eskaintzen deusku, azpimarratu dau Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko diputaduak.
Ekimenaren helburuak ondokoak dira: emakumeek eremu publikoan daben presentzia indartzea, emakumeek gizartean eta kulturan egiten daben ekarpena agerian jartea eta autortza historikorik eza zuzentzea. Clásicas y Modernas Alkarteak, kulturearen arloan bardintasuna sustatzen dauenak, zikloa egiten laguntzen dau espezialistak hautatuz, edukiei buruz aholkatuz eta koordinazino teknikoa jorratuz.
Programeak jarraipena emoten deutso aurreko edizinoari (2024an egin zana). Orduan protagonistak Virginia Woolf, María Lejárraga, Hannah Arendt edo Maria Callas lako figurak izan ziran.
Hitzaldiak
- Abenduak 2 — Laura Freixas | Anaïs Nin eta Henry Miller.
- Laura Freixas idazle eta saiogileak, emakumeek idatzitako literaturan espezializauta, Anaïs Nin eta Henry Millerren arteko hartu-emonak aztertuko ditu. Hizlaria Madrilen bizi da eta Clásicas y Modernas Alkartearen sortzailea eta lehen presidentea da.
- Abenduak 9 — Victoria Combalía | Dora Maar eta Pablo Picasso.
- Victoria Combalía artearen historialariak, Bartzelonako Unibersidadeko doktoreak, Dora Maarren ibilbidean eta Pablo Picassogaz izandako hartu-emonetan oinarrituko dau haren hitzaldia. Saioak haren argazki eta pintura-lanak errepasauko ditu.
- Urtarrilak 13 — Pilar G. Almansa | Elizabeth Taylor eta Richard Burton.
- Pilar G. Almansa eszena-zuzendari eta antzerkigileak, RESADeko irakasleak, Elizabeth Taylor eta Richard Burtonen arteko hartu-emonak barrikusiko ditu.
- Urtarrilak 20 — Josune Muñoz | Margaret Atwood eta Graeme Gibson.
- Josune Muñoz literatur kritikariak, Skolastika proiektuaren zuzendariak eta emakumeen egiletzan adituak, amaierea emongo deutso zikloari Kanadako literaturako eta kultura eta ingurumen mobimenduetako figura garrantzitsuak izan ziran Margaret Atwood eta Graeme Gibsoni buruzko hitzaldiagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
