DA! PRO topaketea egin dabe Durangon
2025-11-28 10:19 KultureaSortzaile eszenikoen, musikarien eta kultur programatzaileen arteko hartu-emonak sustatzeko.
Hilaren 25ean, martitzena, familia-ikuskizunei eskainitako jardunaldia izan zan Bizenta Mogel Liburutegian. Gainera, aurreko urteetan baino programatzaile gehiago bertaratu ziran. Bederatzi taldek euren proposamenak aurkeztu zituen eta guztiek interes handia biztu eben.
Ahozko erakusketaz gan, hainbat sortzailek euren ikuskizunen zatiak eskaini zituen zuzenean. Proposamenen artean, magia trikimailuak, txotxongilo piezak, antzerki eszena txikiak eta zuzeneko musikea nabarmendu ziran. Horrek guztiak dinamismoa eroan eben eta programatzaileek bertatik bertara balorau ahal izan eben proiektu bakotxaren oinarria. Atontzaileak, Itxasne Arabiourrutiak, adierazo dau giro polita sortu zala: programatzaileek eta artistek berba egin, eretxiak trukatu eta hartu-emon profesional barrien oinarriak ezarri ahal izan zituen.
Musikearen txandea eguaztenean heldu zan, hilak 26, Musika Bulegoak Plateruenan atondutako saioan. Hamar taldek parte hartu eben eta zuzeneko kontzertuak eskaini zituen. Aurton 23 programatzailek emon eben izena. Musika Bulegoko Ruth Manzanok adierazo ebanez, proposamen musikalak oso ondo balorau ziran: taldeek kalidade artistiko handia erakutsi eben eta ezin hobeto egokitu ziran zuzeneko ezaugarrietara.
Erakundeak jasotako balorazinoaren arabera, programatzaileek azpimarrau eben topaketa oso ondo atondu zala eta holako jarduerak funtsezkoak dirala kontratazino barriak sustatzeko. BBK Fundazinoa izan da ekimenaren babesle nagusia eta Gerediagak, Musika Bulegoak, Berbaro Alkarteak eta Bizenta Mogel Liburutegiak parte hartu dabe atonketean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
