Karmele Mitxelenak irabazi dau Mikel Zarate saria

Bizkaie! 2025-06-05 08:08   Kulturea

Idazlearen Benetako zirkua eleberri laburra da.

Karmele Mitxelena. Erretratua: Elkar Argitaletxea. | Ikusi handiago | Argazki originala

Karmele Mitxelenak idatzitako Benetako zirkua nobela laburrak irabazi dau 2025eko Mikel Zarate umeentzako literatura saria, holan erabagi dau Leire Bilbaok, Maribel Aiertzak eta Xabier Mendigurenek osotutako epaimahaiak. Idazle oiartzuarrak eroango dau 4.000 euroko saria eta, liburua, barriz, Elkar argitaletxeak kaleratuko dau.

Liburuan herri txiki batera zirku italiar bat helduko dala-eta, bertako ume-talde batengan piztutako sentimenduak eta biziko dituen abenturak kontauko ditu idazleak, samurtasunez, umorez eta kritika sozial ikutu batzuekaz.

Danetara, zazpi lan lehiatu dira eta horreen artean Mitxelenak idatzitako ipuin moltsoa hautatu dau epaimahaiak.

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu eben sariketa hau, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzatzaile handi izandako Mikel Zarateren omenez; hamabosgarren ekitaldia izan da aurtengoa. Mitxelenak berak irabazi eban orain hiru urte sari hau. Azken urteetako irabazleak Lur Gallastegi eta Ruben Ruiz izan dira.

Karmele Mitxelena Etxebeste

1988an jaio zan Oiartzunen. Sari ugari irabazitakoa da, bai bertso idatzietan bai literaturan, umeentzako nahiz helduentzako narratiban. Bere liburuen artean nabarmendu daitekez ondokoak: Marrubizko uda (Mikel Zarate saria, 2022), Haragizko mamuak (ipuin bildumen Kutxa saria, 2022), Zoriona edo antzeko zerbait (Augustin Zubikarai saria 2024 eta urte bereko narratiba lan onenaren Kritika Saria).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu